Kaixo!!
Izugarri berandu nabil, bai..barkatu! Berandu baina seguru! Marta naiz, 35 urteko gasteiztarra. 0-2 urte bitarteko haurren hezitzailea eta heziketa fisikoan diplomatua.
Betidanik bi izan dira nire pasioak, ametsak... Hezkuntza eta kirola, kirola eta hezkuntza.
Haurreskoletako lana hezkuntza sistematik kanpo dagoela edo kirola ariketa fisikoa soilik dela uste dutenekin kafe-tertulia luze bat egingo nuke... Argi baitaukat esparru hauen lotura zuzena pertsona oron garapen integralaren garrantzian.
denbora eman dut ideiak antolatzen ikastaro honen bidea zehazteko eta azkenean, bai erabaki dut, kirol arloan hezkidetzaren papera jorratuko dudala.
Kirolari bezala momentu onak, gogorrak, izugarri zoriotsuak eta tristesk bizi izan ditut, galtzeak edota irabazteak edozein lehiaketan zapore berezia dauka kanpotik jasotzen duzun animo edo oztopoen arabera eta emakume izanda gogorra da oso goi mailan aritzea, garaipena eskuratzea eta hurrengo egunean lanera joan behar izatea...
Gaia mamitsua da, genero ikuspegia kirolean... Horretan arituko naiz zuekin ados bazaudete!
Honen inguruan lotura batzuk.., gaia berez pilipilesn dago...
https://as.com/masdeporte/2017/10/11/polideportivo/1507735119_895544.html?id_externo_rsoc=comp_tw
Eli Pinedo eskubaloi jokalari ohia emakume kirolari profesionalen alde ari da.
http://www.kultura.ejgv.euskadi.eus/r46-5375/es/contenidos/evento/evd_oferta_formatva/es_9240/adjuntos/2017-JA-0M-BS-OR-KE-08-Informazioa.pdf
Eusko Jaurlaritzatik ere honen inguruan lanean ari dira, lastima ezin joan jardunaldietara!
Kirol erakundeei zuzendutako " genero ikuspegian pentsatu eta onurak sortu" jardunaldi honek itxura polita dauka...
http://www.huffingtonpost.es/2017/10/10/noruega-primer-pais-que-equipara-los-sueldos-de-las-selecciones-femenina-y-masculina-de-futbol_a_23238142/
Azkenik..genero ikuspegitik egindako ibilbidean garaipenak ere lortzen direlaren adibide bat. Norvegiako emakumeek lortutakoa.
Pausuz, pauzu...
2017/10/14
Sare sozialen erabilera
Sare sozialaren erabileraren
inguruan makina aldiz entzun ahal izan ditugu aldeko eta kontrako
argudioak. Nik neuk nahiko mesfidati begiratu izan diot sare
sozialei, ez naiz asko erabiltzen dituen horietakoa eta momentu
honetan “modan” ez nagoela esango nuke.
Orain arte, facebook erabiltzera
mugatu izan naiz informazioa jaso nahi nuenean eta ikastaro honi
esker, orain dela urte batzuk egin nuen Twitterra berreskuratzea
lortu dut. Ez dakit bere erabilera zenbaterainokoa izango den, baina
ikastaro honi esker hautsa kentzea espero dut.
Potentzial handia duen tresna da,
baina askotan bere erabilerari ez diogula erreparatzen iruditzen
zait: Zertarako erabiltzen ditugu? Zein da gure
asmoa? Zer lortu nahi dugu? ...
Hezkuntza munduan, indarra hartzen
ari den tresna da eta nerabeen ikaskuntza prozesuan lagundu dezakeen
tresna izan daiteke. Baina horretarako ezinbestekoa da bere
erabileraren nondik-norakoak eta alde onak zeintzuk izan daitezkeen
argi ustea. Beraien formakuntzarako oso erabilgarria izan baitaiteke.
Ez soilik kanpoko informazioa jasotzeko, baizik eta jendearekin
komunikatzeko, talde lanak egiteko edota gustoko duen zerbaiten
inguruan gehiago jakiteko. Dagoeneko, gazteen artean arrakasta handia
dute, interneten erabilera erabat ezinbestekoa bihurtu baita beraien
artean. Hori dela eta, erabilera segurua izatera bultzatu behar
ditugu.
Ikastaro honi esker, sare
sozialenganako neukan ezkortasuna aldatzen lagunduko didala uste dut,
denbora honetan gutxi saltzeatu badut ere eragin pixkat izan duela
esan behar baitut. Positiboa noski!
NIRE AURKEZPENA
Iratxe naiz, 43 urteko hezitzailea, Orozkon bizi banaiz
ere, izatez laudioarra. Arnas estuka azaltzen naiz… zuen aurkezpenak eta
ekarpenak jarraitzeko asmoz… Eguraldi
ederrak izorratu nau eta etxean denbora gutxi …
Hamar urteko mutil baten ama naiz, eta amatasunak
berdintasunarekin harremanetan jarri ninduen. Betidanik feministatzat daukat
nire burua, baina amatasunak jarri ninduen bide honetan konzienteago.
Berdintasunaren gaiak ikaragarri aberastu nau, eta zorionekoa sentitzen naiz ildo
honetan jardun izanagatik. Egindakoak irakatsi dit, gure helburua lortzeko, pausoz pauso, poliki poliki eta umore onez bideari ekin behar diogula. Eraldaketek denbora asko behar dutela... Horregatik, gustatzen zaizkidan kanten artetik, hauxe da oraingoan aukeratu dudana, musika - erritmo, hizkuntzaren goxotasunagatik, mezuagaitik… Nire aurkezpenerako egokienetariko bat iruditu zaidalako… Maitasuna, umore ona eta ondo pasatzea gustokoak ditugulako, eta berdintasunaren biderako ezinbestekoak direlako!!
Lagunekin, ostiraleko poteoa, mendia, eta beste motatako
planak gustatzen zaizkit (bizikletan, museotan...). Lagunekin beti… eta lagun berriak egiten… posible
bada. Lagunak eta familia uztartuz…
Aurrerago lan taldeko kideren batek adierazi duen lez,
ikasteko gogoekin beti, eta erronka berrietarako prest (nahiz eta estualdiak
pasa). IKT-ak menperatu ez arren, konpetentzia digitala minimo bat lortu
nahiean nabil. Baina zaila egiten zait… ordenagailu baten aurrean egon
beharrean, beste motatako ekintzak gustatzen baitzaizkit.
Kolore asko gustatzen zaizkit, zeru urdina, eguzki oria,
landarretako berdea,… Nahiz eta janzteko beltza, grisa, urdin iluna eta zuria
erabili… Horietatik ez naiz normalean ateratzen, eta zeozer berri sartu nahi
izanez gero… normalean armairuan geratzen da.
Animalien artean zaldia izan dut beti gustoko… baina ez
dakit zergatik… Txikitan indio eta bakeroen pelikulak gustokoak nituen, eta zaldi appaloosak etortzen zaizkit gogora, galdera hori egiten didatenean. Bere kolore eta edertasuna, zintzotasuna eta bizkortasuna, leialak eta dotoreak...
Eta hasieran nire adina mahai gainean jarri dudanez, agurtzeko ere erabiliko dut... Flavita Bananaren irudi bat... Irudi batzuk, berez hitzegiten dutelako...
IKUSI MAKUSI, ZER IKUSI?
Gizartearen ohiturak, sinesmenak, rolak zein ideologiak islatzen dituzten
irudiez inguratuta bizi garela argi dago, eta hauek gure identitatean eragiten
dutela baita ere. Alegia, gure gizartean geroz eta eremu zabalagoa hartzen
duten irudi hauek eskaintzen diguten esperientzia, ezin dugu esperientzia
emozional edo estetiko batera mugatu; irudiak, kontzienteki edo ez,
kontsumitzen dituzten pertsonen identitatearen garapenean ere eragiten baitute;
hala, esan genezake sare sozialek ere pisu handia dutela gertaera guzti
honetan. Izan ere, urteak daramatzat sare sozialen munduan murgilduta eta ezinbestekoa
iruditzen zait jasotzen
dugun informazio bonbardeaketa horren aurrean hausnartzen ikastea eta ikuspegi
kritikoa eraldatzailea sustatzea.
Gaur egungo eskolaren deskribapena
egingo bagenu, litekeena da orain dela urte batzuetako berbera egitea. Azken
batean, salbuespenak salbuespen, nire esperientziaren arabera eskola batzuek
antzera jarraitzen dute. IKTak baita sare-sozialak gure eskoletan txertatu
behar ditugu, batetik, ikasleak aktiboago egoteko aukera ematen dutelako. Bestetik, teknologia esanguratsuki baliatzea garrantzitsua da ikasleen talde
lana sakontzeko; ildo beretik, diziplinartekotasuna bultzatzeko eta,
horrenbestez, ikasleek gai ezberdinak lotzeko. Are gehiago, beste arrazoi bat
da eskolaz kanpoko errealitatearekin bat egiteko modua ematen digutela; hau da,
gelatik at erabiltzen dituzten tresnak naturalagoak direlako eta kanpoko
errealitatea gela barrura ekartzeko egokiak direlako.
Beraz, sare sozialek harremantzeko espazio berriak irekitzen dituen tresna dela
esan genezake, besteak beste; sozializatzeko, elkarbanatzeko, baita jakintza
aberasteko ere. Belaunaldi desberdinek baliabide honen erabilpena egin arren,
egia da heldu ugari arduratuta ageri direla euren gazte zein nerabeek egiten
duten erabilpenarekiko. Bada IKT-etan presentzia fisikoa alde batera gelditzen
da eta ondorioz identitate baten elementu identifikagarriak baita ere; honek
kutsu erakargarria izan ohi du nerabeengan, izan ere, bakoitzak azalaratzen
duen identitatea kontrolatzeko eta aldatzeko aukera ematen du; guzti honek
eragin zuzena du genero rol-en eraikuntzan eta esteriopatzean.
Hori dela eta, geure geletan ere gaia mahai gainean jarri eta genero eta
sexu diskurtso tradizionalak zalantzan jartzeko espazioak bilatu behar dira,
identitate eta sexualitate desberdinen inguruan hausnartzeko. Aipatutako guztia
dela eta, ikasgai desberdinetan transbertsalki hezkuntza afektibo-sexualaren
esparruko gaiak lantzearen garrantzia azpimarratu nahi da, sare sozialeetan
zein geletan sarri gertatzen diren diskriminazioak (sexismoa, homofobia,
lesbofobia eta transfobia, esaterako) sahiesten laguntzeko. Saio mota hauen bidez
gazteen diskurtsoa alda daitekeela sinestu nahi da, errespetuzko jarrerak sustatzeko
eta, era berean, gizabanakoaren erabakitzeko askatasuna praktikara eramateko. Horregatik,
ziberaktibismo hezkidetzaileak berebiziko garrantzia du geure gizartean, izan ere, lurralde desberdinetako proiektu, baliabide edota egoerak aztetzeko, ulertzeko eta lantzeko aukera ematen baitute.
2017/10/13
SARE SOZIALAK BOTERETSU
Sare
sozialak komunikaziorako eta jendartearen eraikuntzarako sekulako
tresna boteretsuak direla iruditzen zait. Bizi dugun mundu
globalizatu eta indibidualista honetan, modu oso erraz eta azkarrean
hormak eta murruak botatzeko gaitasuna duen galaxia berria da
niretzat, sare sozialena. Hain da handia, zabala, mugagabea,
kontrolaezina... ezen ikara sortzerainoko arma gisa ulertzen baitut.
Kontrolaezina
guretzako, noski. Ziur bainaiz erakunde handienek oso kontrolaturik
gaituztela eta, modu horretan, gure sare sozialetan maneiatzen dugun
eta hedatzen dugun informazio oro oso baliagarria zaiela euren
negozio eta helburu politiko-ekonomikoak lortzeari begira.
Dena
den, hausnarketa gure ingurura hurbilduz, esango nuke norberak
harremanak eraikitzeko eta informazioa eman eta jasotzeko gero eta
gehiago ustiatzen diren bideak direla sare hauek. Whatsapp, facebook,
twitter, instagram... gero eta normalizatuagoak daude gure
egunerokoan, eta askok, munduan gertatzen ari dena kontatzeko eta
ez dakizkigunez jabetzeko erabiltzen ditugu egunerokoan; gure mundu
txikian (familian, lagunartean, profesionalki...) eta baita mundu
zabalean ematen diren gertakarien berri izateko (albisteak, iritziak,
umorea, aisialdia...).
Horretarako,
bakoitzak gustuko edo intereseko dituen sareak josten eta
desegin ditu. Erlazioak sortu eta hausten dira
uneoro, beraz, mugimenduan eta bizirik gaudenaren seinale da. Jendeak
bere eguneroko errealitatea gainontzekoekin konpartitzeko erabiltzen
ditu sare hauek. Batzuek bizitza pertsonala zabaltzen dute internetez
edo aplikazio hauen bidez, beste batzuek aldiz, helburu sozial eta
politikoekin erabiltzen dituzte tresna horiek.
Beti
pentsatu izan dut egiten den erabileraren araberako bihur litezkeela
lagun ala etsai. Alegia, gauza gehienetan bezala, neurria hartu behar
zaiola tresna bakoitzari, eta norberak kontzienteki hartu behar duela
norabide bat edo beste, dituen onura eta kalteak zein izan daitezkeen
jakinik, hain zuzen. Ez naiz ni izango inor epaituko duena egiten
duen erabilerarengatik, modu kontzientean eta borondatez egiten duen
heinean. Jarduera edo bizipen pertsonalak aurrez-aurre
konpartitu eta partekatzearen aldekoagoa naiz ni. Hau da, ez zait
gehiegi gustatzen nire bizitza pertsonalean egiten ditudan irteerak,
bazkariak, parrandak... eta abarrak sareetan zabaltzea. Aldiz,
momentu askotan erabili ditut jendarte zabalari edo lagunarteari
helarazi nahi dizkiodan hausnarketak, ekintzak, aisialdi
proposamenak, herri ekimenak... konpartitzeko. Uste baitut, jende
gehienak erabiltzen dituenez gero, egunerokoan informazio
interesgarria zabaltzeko modu erraz, azkar eta eraginkorra direla.
Mass-medien informazio kargari aurre egiteko arnasgune gisa ulertzen
ditut sare hauek.
Uneotan
dugun egoera eraldatzeko komunikazio tresna merke, erraz eta
eraginkorra dira. Jendartea hezteko ikasgela erraldoia dugu.
Beraz, zergatik ez?
Sare sozialak HEZKIDETZAN ere erabil
ditzagun: zentzuz, modu kontzientean, eguneroko lanabes gisa. Eta
ustiatu ditzagun ahal beste gure interes eta helburuak lortzeko xedez!
Zenbat aukera, hainbat arrisku
Irakaslea naiz ikasle izan nintzen ikastola berean. Hamar minutuko atsedena
dutela esan berri diet ikasleei. Irakaslearen aulkian jesarri eta nire
garaiekin amesten hasi naiz. Aurrez aurre dauden aulki horietan ikusten dut
nire burua, gazte, nerabezaroan murgildurik, lagunartean muserako ordagoa nola
egin behar den ikasten edo larunbateko anekdota ikaskideei kontatzen. Zurrunbiloa
dago eta barre algarak entzuten dira taldetxoetan banatutako gelan. Bat-batean,
gaur egunera bueltatu naiz. Gelako isiltasunak harritu nau. Ikasle bakoitzak
bere mahaian jarraitzen du, kaskoak jantzi eta IPADari begira ari dira.
Hipnotizatuta daudela esango nuke. Haserretu egin naiz. Hau al da gure
etorkizuna?
Hamar minutuko tarte txiki horretan, hamaika ideia kontrajarri datozkit
burura: Interneten bidez, informazioa jaso dezakete, aitzitik, informazio hau
aberasgarria zein kaltegarria izan daiteke. Inguruko gertakarien berri izan
dezakete, ostera, kontakizunak manipulaturik egon daitezke. Sare Sozialei
esker, munduko edozein txokotako biztanleekin hitz egin dezakete, hizkuntzak
ikasiz eta kultura berriak ezagutuz. Aldiz, alboan dituzten pertsonekin
hizketaldia egitea ahazten dute. Aurrez aurre adierazteko gai ez diren sentimendu
edo pentsamenduak azalera ditzakete, haatik, dena kontatu eta intimitatea gal
dezakete. Ezagutzen ez duten pertsonekin zaletasunak parteka ditzakete, ordea,
tresna horien mende erori eta bizitzako une bereziez gozatzeari uko egin
diezaiokete. Haien nortasuna eraikitzeko bidean daudelarik, galdera askoren
erantzuna aurki dezakete, berriz, ez dira gai izango erreala eta birtuala dena
ezberdintzen eta espero ez dituzten iruzkinek frustrazioa zein desilusioa sor
dezakete haiengan.
Bat-batean, estutasuna sentitu dut barrenean. Zenbat aukera, hainbat
arrisku. Nola kudeatu hau? Eta orduantxe erabaki dut irakasle naizen heinean,
Internet eta Sare Sozialak hezkuntzako egunerokotasunean murgiltzea
ezinbestekoa dela. Eskolak sistema irekiak izan behar direla uste dut, ingurunearen
aldaketetara egokitu behar direlarik. Kanpotik datozkigun aukerez baliatu behar
dugu, hauek dakartzaten okerbideak gestionatuz. Horretarako, ikasgaietan
txertatu behar ditugun tresnak dira, haien baliagarritasuna agertuz eta
erabilera egokira bideratuz.
Bestalde, Sare Sozialetan oraindik ere generoari lotutako arrakala digitala
dago. Gure lana hortaz, hezkidetza tresna berri hauetan barneratzea da.
Goazen elkarrekin ziberaktibista hezkidetzaile bihurtzera eta berdintasuna
sarean zabaltzera!
2017/10/12
ADIKZIOA AGIAN? Erronka niretzat
Ni ez naiz teknologia zalea, batere. Oinarrizkoa dena, edo, behintzat niri
oinarrizko iruditzen zaizkidan sare sozialak erabiltzen ditut (Whats App – lanerako
eta lagunen gora-beherentzako; eta bestetik, Facebook-a, zenbait eduki elkartrukatzeko,
edo interesatzen zaizkidan taldeen informazioa jasotzeko). Ez ditut nire azken
momentuko argazkia, pentsamendu edo sentimenduak partekatzen.
Ez zaizkit sare
sozialak gustatzen, egia da eta ados nago, zenbait erabilerarako oso egokiak
direla, adibidez, kanpoan dugun (edo gu gaudenean)familia, lagun eta abarrekin
harremana mantentzeko, edo sarritan ikusten ez dituzun lagunekin kontaktua
mantentzeko erabilgarriak izan daitezke. Baina, bestela, nik ez ditut
erabiltzen, ez zait gustatzen zenbait eduki sareen betirako egotea, edota
zenbait eduki, edonoren eskura egotea. Beraz, nik, nahiago ditut aurrez aurreko
harreman errealak.
Hori dela eta, ez dut nahi nire izaerarekin bat ez datozen ekintzak aurrera
eramatea, ez dut nahi lan egin eta gero etxera heltzea eta sare sozial guztietan
egunean egon behar, izugarrizko lana eta esfortzua iruditzen zait, nahiago dut,
nire familia, lagun edo pisu-kideekin zuzenean hitz egitea.
Hala ere, egia da, teknologia berriak gero eta garrantzitsuagoak direla,
eta gazteongan gero eta eragin handiagoa dutela, alde onak eta txarrak sortuz.
Onartu behar dut, talde eta banakako ugari “ezagutzen” ditudala, egunero
sekulako lana egiten dutela nolabaiteko kontzientzia aldaketen alde egiten
dutenak. Nik oraindik ez dut ikusi horren beharrik, nahiz eta daudenei nire
laguntza ematen diedan. Eragin handia dute gizartean, baina kalean ere egiteko
lana dago, eta askotan ikusezina dena, izan ere, sareetan islatzen dugun
izaera, ez da beti kalean bermatzen.
Hortaz, niretzako, izugarrizko erronka izango da edozein lan aurrera
eramatea sare sozialen bidez, baina agian nire txipa aldatzea da, besterik ez,
beraz, ulergarritasuna eskatzen dut alde horretatik.
Itxaso Perez
2017/10/11
SARE SOZIALEN ETSAI? EZ, HORIXE!
Internetak gaur egungo gizartean oihartzun handia duela ezin uka genezake, bere "sareetan erortzea" oso ohikoa delarik. Batez ere, sare sozialak izan ohi dira pertsonak morroi bilakatzen dituztenak, denbora luzez beren zerbitzuak erabili gabe egon ezin direnak.
Sare sozialekin pentsatzen hastean, askori “tweet”, “instagramer”, “blogger”, “trending topic” eta antzerako hitzak etortzen zaizkigu burura; hau da, hitz “fashion”ekin pentsatzen hasten gara. Izen berak dioen bezala, sare sozialak SOZIALizatzeko tresna gisa ikusten ditugu, gizartean integratzeko oso erabilgarria suertatzen direlarik: beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko, egiten ari garena munduari azaltzeko, informazioa elkartrukatzeko…
Hala ere, askotan, hauen alderdi hezitzailearekin
ahaztu egiten gara. Bertan aurki daitezkeen informazio eta jakituria anitzei esker,
ikaskuntza iturri ezin hobeak dira (beti ere, informazio hori sailkatzen eta
era egoki batean erabiltzen jakinez gero). Gainera, geure gizartean nahiz munduko
beste puntan gertatzen denaz jabetu gaitezke hauei esker eta egunerokotasuneko
gaietan milaka pertsonen iritzi ezberdinak aurki ditzakegu; baita, hauen
inguruan eztabaidatu ere.
Gutariko askok hezkuntzaren inguruko
ikasketak eginak ditugun aldetik, garrantzia handikoa iruditzen zait teknologiaren
mundu hau menperatzeko saiakerak egitea; modu egokian erabiltzen jakinez gero,
probetxu handia ateratzea oso erraza baita. Irakaskuntza prozesuan aurrera
egiteko beharrezko baliabide sarri aurki daitezke webgune ezberdinetan eta
edozein zalantza argitzeko nahikoa informazio egon ohi da.
Bestalde, ziberaktibismo
hezkidetzaileari dagokionez, sareetan jarrera hezkidetzailea izatea ezinbestekoa
iruditzen zaidala esango nuke. Gaur egunean Internetak duen indarra kontutan izanik
eta sarean zehar kultura, adin, pentsamendu… ezberdinetako jendearekin topo
egin dezakegula ikusirik, ideia hau agerian ustea ondo legoke. Ea horrela,
hezkidetzaren inguruko pentsamendua gutxika zabaltzea lortzen den.
Amaitzeko, gai honen inguruan
bizitako esperientzia bat kontatzea gustatuko litzaidake. Udara honetan Perun
izan naiz boluntario gisa, Eusko Jaurlaritzako “Euskadiko Gazteak Lankidetzan”
programari esker. Irakasle lanetan jardun dut hainbat komunitate txiroetako eskoletan
eta egia esan, bertako bizi baldintzekin hunkituta gelditu naiz.
Haurrak eskolara esku, hanka, eta
ile zikinekin agertzen dira gehienetan, higiene ohiturak alde batera utzita
dituztela nabaria izanik. Egunero etxetik eskolaraino oinez joan beharra dute,
kasu batzuetan ibilaldi hori bi ordutik gorakoa delarik. Arropa zaharrak, hotz
beltzak… benetako txirotasuna neure muturren aurrean ikusteko aukera izan nuen
lehen aldiz.
Ikastetxeetara sartzean, ordea, a
ze sorpresa! Eskola guztietan ikasleentzat ordenagailuak zeuden, panpoxo
panpoxoak. Haurrak hauekin interakzioan ikustea benetan egoera bitxia egiten
zitzaidan: bi mundu ezberdinen fusioa.
Bertako irakasleak orain dela
gutxi hasi dira Internetaren abantailez baliatzen, baina hauek aitortu
zidatenez, hezkuntzaren barruan mundu berri bat aurkitu dute. Orain askoz
errazago egiten omen zaie ikastorduak prestatzea eta ordu hauetan lantzen
dituzten eduki asko sarean zehar aurkitutako informazioarekin sortzen dituzte. Oraindik
ere lan asko dute egiteko mundu honen barnean, baina sekulako motibazioa dutela
ukaezina da.
SARE SOZIALEN ERABILERA
Sare sozialen gaia azken urteotan gero eta zabalduago dagoen zerbait da. Urteak
aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira inguratzen gaituzten sareak eta onerako
edo txarrerako, asko dira egunean zehar hauetan murgildurik ematen ditugun
orduak.
Ni neuk esan beharra daukat, nolabait ere hauei lotuta edo hauen menpe
bizi naizela sentitzen dudala. Gaur egungo mugikorretan pantaila piztu orduko
sare sozialak bertan izateak, uneoro hauek erabiltzera bultzatzen gaituztela
iruditzen zait. Momentuan, gehien erabiltzen ditudanak, WhatsApp, Instagram,
Facebook eta YouTube dira eta orain ikastaroari esker aspaldiko partez Twitter
erabiltzeari ere ekin diot. Azken hau, aspaldian alde batera utzita nuen arren,
berriro erabiltzen hastean, honen baliagarritasunaz ohartu naiz, bertan hainbat
gauzez jabetzeko aukera dagoela behaturik.
Izugarriak dira sare sozialek ematen dizkiguten abantailak. Hala nola, munduko gertaeren berri minutu gutxiren
barruan helaraztea, edota gugandik urruti dauden senideekiko aldiuneko komunikazioa ahalbideratzea. Zer gertatuko litzaiguke ordea, bat batean sare hauek betirako desagertuko balira?
Egunerokotasunean gauzak asko errazten dizkiguten arren, egia da, sare sozial hauek
behar bezala erabiltzen ikastea ezinbestekoa dela. Izan ere, gure eskura
baliabide ugari dugun arren, askotan hauen erabilera txarraren ondorioz arazoak
suerta daitezke. Horregatik, hezitzaile garen aldetik, guk geuk hauek ondo erabiltzeaz gain, gure ingurukoei hauen
erabilera egokiaz helaraztea garrantzitsua izango dela uste dut. Batez ere, hezitzaileontzat, informazio
iturri bezala erabiltzeko oso baliagarriak izango dira, bai eta gure ekarpenak
besteekin partekatzeko ere, pixkanaka guztion artean gauza berriak eraiki ahal
izateko.
Ziberaktibismo hezkidetzailearen garrantziari dagokionez, argi dago gure
sareetan aipatzen eta partekatzen ditugun gauzak hezkidetzaileak izan behar
dutela, bai eta gizarteari hontaz jabetzen lagundu behar diogula ere. Modu
honetara partekatuz eraikitzeko aukera paregabea izango dugu. Beraz, ekin diezaiogun lanari!
SAREEN SAREAN IGERIAN
Nire etxean berandu sartu ziren ordenagailua eta Interneta, mugikorra nire eskuetara
iristeko nerabezaroan ongi sartuak egongo ginen. Dena den, ez dut hauek eskuratu baino
lehenago euren beharra sumatu nuen
sentsaziorik. Apurka apurka, geroz eta teknologiaren eskaera handiagoa nuen,
bai eskolan, eta bai gizartean; urteen joanean, eskaera hori
areagotuz joan da eta gaur egun eguneroko tresna bilakatu zaizkit ordenagailua,
Interneta eta mugikorra. Horiekin
batera, sare sozialak ere etxekotu ditut.
Sare sozialei dagokienez, gauza orok bezala, alde onak eta txarrak dituela deritzot.
Informazio kantitate handia mugitzen da horietan, eta zirkulazio horretan
bagabiltza filtroak beharrezko ditugula deritzot. Zer den jasotzeko modukoa eta
zer ez bereizteko gai izan behar dugu, begitik sartzen zaiguna sailkatu egin behar dugu bai edo bai.
Sailkapen hori egiteko gai bagara, prest egongo gara tentuz sare
sozialetan nabigatzeko. Gure iritziak eman, gauza interesgarriak konpartitu… modu
honek interes bereko pertsonekin elkarrekintzan asko ikasteko aukera eskaintzen du.
Dena den, sare sozialekiko dagoen dependentzia ere ez dut gogoko.
Nire aburuz, bataz beste, ordu kopuru handiegia eskaintzen zaio gaur egun
teknologiari. RTVE-k 2016ko azaroan argitaratu zuenez gazteek egunean 4—5 ordu
igarotzen dituzte mugikor edo tableten aurrean.
Hori horrela kudeaketan arazoa dugula esango nuke.
Sare Sozialen erabilerak helburuen arabera izango da egokia.
Lanerako edo ikasketarako bada, onartzen dut ordu kopuru handia hor igerian
igarotzea. Baina aisialdi hutserako baldin bada, ez nuke onartuko hainbeste ordu pantaila aurrean
gastatzerik.
Nire aburuz, kontzienteki gara erabilera okerra eta egokia
bereizteko. Baina, ondoren, guztiok gaude sareen sarean harrapatuta. Hau
horrela izanik, kontzientzia hori ez dezagula bederen inoiz galdu eta gure
inguruko egoera ez dadila ondorengo argazkikoa bezalakoa bilakatu!
Ongi segi!
2017/10/10
ZAPORE GAZI-GOZOA
“Milennials” deitzen dioten generazio horren parte naiz, nerabezarora
arte Internet-aren handitasuna ezagutu ez banuen ere. Gogoan dut garai hartan
eskuragarri izan genuen lehen sare sozialak, “Messenger”-ak, lelotuta gintuela;
Ordenagailu bidezko txat bat, duela ordu laren egondako lagunekin hitz egiteko.
Eskolako lanak egin eta afaldu ostean, amari katutxo begiak jarriz eta “hamar
minutu mesedez” batekin konbentzituz, txatean murgiltzen ginen.
Hamarkada bat beranduago eta “Messenger” -aren desagerpenarekin
batera, sare sozial berriekin topo egiten dut, zapore gazi-gozoarekin. Alde
batetik, dagoeneko ez dago “hamar minutu mesedez” erregutu beharrik hauetan
pulunpatzeko, orain duten estaldura eta eskuragarritasuna dimentsio mugagabekoa
baita. Hots, momentu oro gaude konektatuak: goizean goiz iratzargailuaren
abisuarekin batera, begi batekin gure sareek diotenarekin esnatzen gara, eta
ohera sartu aurretik ere errutina berdina. Ni neu behintzat sare sozialen esklabu bilakatu naiz, oraindik
ezagutzeke gauden errealitate honetan.
Bestalde, erabilera baliagarri eta osasuntsuago bat
emango bagenizkie, eraldaketarako tresnak izan daitezkela esatea ez da gauza
berria, norbanakoa ahalguztiduna sentituko ez bazen: guk kontrolatzen ditugula
uste arren, ziur nago alderantziz dela. Hori dela eta saren erabilera egokia
zein den eta hauekin lor ditzakegun aukeretan lanketa egitea ezin besteko
ikusten dut.
Edozein modutara
ere eta tonu dramatiko hau alde batera utziz, sare sozialei esker Cabo Verden,
Filipinasen, Guatemalan, Jordanian edo munduko beste guneetan gertatzen denaren
berri izan dezakegu, horrek jendarte moduan batzen gaituelarik.
Ideiak zabaltzeko aukera ere eskaintzen dute biral
eginez, hondar ale batetik, itsasoa
sortu arte. Begirada honekin ikusten dut hezkidetzaren presentzia sareetan :
informazioa hedatzea jakitunago egiteko, errealitate berriak ezagutzeko,
betaurreko moreak janzteko eta aniztasunaren boterea zabaltzeko.
Laburbilduz, sare sozialak bai baina buruarekin erabiliz.
NIRE AURKEZPENA
Arratsalde on guztioi!
Urte dexente behar izan ditut nire burua feministatzat ikusi eta aitortzeko. Hitz horren esanahiaz jabetu, kontziente izan eta neure egiteko ibilbide luzea egin dut. Akaso, norbaitek nire sentimenduei lehenago hitza jartzen lagundu izan banindu, oso gaztetatik definituko nuke nire burua feminista!
Irati naiz, 32 urteko laudioarra. Aiaraldean handik hona mila saltsatan aritua eta urte luzez hala segitzeko asmotan dabilen neska gaztea. Gazte sentitzen dut nire burua, indartsu, gogotsu, ikasteko gogoz, konpartitzeko desiatzen, taldean zein bakardadean hausnartu eta, nola ez, nire burua maitatzen, hezten eta eraldatzen joateko irrikaz nago!
Gaztetxotatik lan egin izan dut hezkuntza ez formalean, eta urteak aurrera joan ahala, baita hezkuntza formalean ere. Ikusentzunezko komunikazioa ikasi nuen, lehenik, eta Haur Hezkuntza, ondoren. Aisialdiaren eremuan komunikazio teknikari gisa aritu nintzen bolada batean, eta egun, haur hezkuntzan ordezkapenak egiten aritzen naiz hemendik-hona.
Bertsozaletasunak, jolasak, komunikazioak, irratigintzak, euskarak, musikak, antzerkiak... eremu anitzetan esperientzia ugari bizitzeak lagundu dit egun naizen hori izaten; eta egia esan, oso eskertuta nago bidean topatu ditudan lagun, kide eta bidaide guztiekin. Nire barneko txikitasuna handitzen laguntzen didaten altxor puska batzuk ditut inguruan... eta ondoko umearen gisa sentitzen naiz: zorionekoa!
Hezkidetzarekin topo egin nuen Bizkaiko Urtxintxa Eskolari esker eta ikastaroa egin ahala jabetu nintzen mundu aldrebes honi buelta ematen laguntzeko arma paregabea dela. Hezkuntzak gure nortasunaren eraikuntzan eta ingurunearen erlazionatzeko moduan duen eraginaz ohartzen gara haurrekin lanean ari garenean. Beren etorkizuna betaurreko moreekin ikus dezaten bizitzako hasierako urteetatik lanketa eraginkorra eta erabat kontzientea egitea ezinbestekoa iruditzen zait. Etorkizuneko jendartzea osatuko duten belaunaldi berrietan eragitea gure esku dago eta irakasleok sekulako ardura dugu erronka horretan.
Gerora ez dut aparteko formazio mardulik jaso gaiaren inguruan, eta gogotsu nabil hezkidetzan sakondu eta tresna berriak arakatzeko. Eguneroko lanerako zein pertsonalki nire deseraikitze eta berreraikitze prozesurako oso interesgarria iruditzen zait elkarrekin hornituko dugun ikastaro honetan parte hartzea. Plazer handia izango da zuek ezagutu eta zuengandik ere edatea!
Kolore bat hautatzea zaila egiten zait, kamaleoniko xamarra baita nire burua. Berdea, fuxia, horia... oso gustuko ditut kolore biziak baina baita beltza ere. Une bakoitzerako bat hautatuko nuke. Zuek ez?
Animalien artean tximeletak sentiarazten nau aske, dantzari, bizi.
Eta azkenaldian artista honen kantu askorekin maitemintzen nabil. Bi hauek izugarri gustatzen zaizkit, barrenak nahasten dizkidate. Silvia Perez Cruz:
Gallo Rojo
No hay tanto pan
Uste dut nahikoa idatzi dudala dagoeneko, beraz, kantuak zuen gustukoak izango direlakoan utziko zaituztet, beste bat arte.
Zuek irakurri eta deskubritzeko prest!
Aste ederra izan!
Sare sozialetan gure presentzia
Sare sozialak gaur egungo gizartean egunerokotasunean erabiltzen dira eta uste baino garrantzi eta eragin handiagoa dute gainera. Nire iritziz hauek tresna bezala ikusi behar ditugu, erabilera egokia emanaz tresna oso baliagarriak izan daitezkeelako. Nik ez dut facebookik baina twitterra badut, jende askok bere bizitza pertsonala publiko egiteko bakarrik erabiltzen ditu eta hori ez zait batere gustatzen, beraien bizitza zein polita den demostratzeko beharra duela iruditzen zaidalako.
Bestetik erabilera egokia eta baliagarria egiten duen jende asko ere badagoela iruditzen zait, gaur egun gertatzen diren mila injustizia eta ezbeharren berri, komunikabide ofizialetatik jaso beharrean sare sozialetatik jasotzen dugu, beraiek ezkutatu nahi dutena beste bide batzuetatik publiko egiten da. Edonork erabil ditzake gainera, herritarren artean dauden jakintza, kezkak eta ideiak konpartitu daitezke bertan.
Beraz, ondo erabiliz gero oso tresna baliagarria direla uste dut baina erabilera txarrarekin kalte handia egin dezaketela ere garbi daukat. Eta noski feminismoak eta hezkidetzak ere bertan egon behar dute, bertan presentzia eduki eta ahalik eta gehien eragin.
Kaixo, Argine naiz. Eta oso ongi zer esan ez dakit. Aspaldi ez dizkiot nire
buruari galdera hauek egin. Nor naiz? Nola sentitzen naiz? Zeintzuk dira nire
interesak?...
Askotan gertatzen den bezala errazago daukat erantzutea nola dago nire ama,
nola pasatu dituen nire alabak bere lehenengo asteak uniberstitatean edo zein
diren nire etxeko mutilen interesak… baina niri buruz zer kontatu… zaila.
Azkeneko urtetan superwoman lanetan ibili den neska naiz. Goizetan,
lanbidez eta bihotzez hezitzailea, arratsaldetan txoferra (kirol jarduera
batetik bestera eta hortik musika jardueretara), gauetan irakasle partikularra,
ama eta maitalea. Askotan psikologoa, zaindaria, bitartekaria, arazo
konpontzailea, sargento-semana eta nigar zapia. Noizbehinka zoriontsua,
gehienetan gaindituta eta gutxitan niretzako denborarik duena.
Eta hona hemen larunbata, goizeko zazpiak eta nire buruari buruzko
hausnarketa egiten ikastaro honetarako aurkezpena prestatzeko. Eta bai… gezurra
badirudi ere hau da nire momentua (Nafarroan “el momentico”): etxea
isiltasunean, eta ni, nire bakardadean nor naizen eta zeintzuk diren nire
interesei buruz pentsatzen.
Zer espero dut? Hezitzaile moduan, aspaldin ulertuta daukat zein
inportantea den hezkidetza gure klaseko eguneroko dinamikan sartzea eta ikasleekin
jaduerak, hausnarketak, antzerkiak, aldarrikapen ekintzak... burutu ditut; ama
bezala, dudan motxila patrialkala hustu eta nire alaba eta semeari
berdintasunezko bizitza proiektua eraikitzeko baliagarriak izanen dituzten
tresnak ematen saiatzen naiz. Gehienetan intuitiboki jokatzen dut: niretzako ez
dudana nahi ez diot besteari eginen. Baina oinarri teoriko sendoago bat
bereganatu nahiko nuke. Horretarako nago hemen: ikasteko, nire esperientzia partekatzeko,
esperientzia berriak deskubritzeko, jende berria ezagutzeko, barre eta negar
egiteko, nire beldurrak eta zalantzak azalarazteko... nire arima pantaillaren
aurrean pixka biluzteko...
Bai. Hau da nirea den eta niretzako erabili nahi dudan denbora. Aurten nire
denbora libre eskasa horrela aprobetxatu nahi dut. Zuekin eta hezkidetza
lantzen. Prest nago hasteko.
Amaaaaaa!
Nire denbora bukatu da... hurrengorarte
2017/10/09
Nire Aurkezpena
Kaixoooo! Berandu xamar, baina hemen naiz!
Alex Mateos Oliden naiz, 28 urteko oriotarra. Biologia ikasketak egin nituen Leioan, eta amaitu bezain pronto Bigarren Hezkuntza Masterrean sartu nintzen, betidanik izan baitut gustuko nerabe-gazteekin lan egitea, beraiengandik egunero ikasten baita zerbait. Egun nire txikitako ikastolan nabil lanean, Orioko Ikastolan, DBHn, Matematika eta Biologia ikasgaiak irakasten.
Irakaslea izateaz gain, hezkuntza ez-formalean ere aritzen naiz; begirale-hezitzailea naiz. Lan hori ere oso gustuko dut, eta normalean nerabeekin egoten naiz. Euskal Udalekuetan (Abaigarren) bolondres naiz, ikastaroko kide Loinazekin batera; bestalde, Beroa Elkartean ere aritzen naiz, Gipuzkoako Harrera Familien Elkartean.
Hezkidetza nire biziko ekintzen erdian jartzen saiatzen naiz, baino zenbait gabezia ditudala ohartzen naiz, eta hori dela eta eman nuen izena ikastaro honetan. Tresnak, dinamikak... lortu nahi ditut nire ikasleei hezkidetzaz hezten laguntzeko.
Eman diezaiogun hasiera ederra ikastaroari.
Aste honetan entzun dudan abestia konpartitu nahi dizuet.
https://www.youtube.com/watch?v=UewsGxakK9k
Alex Mateos Oliden naiz, 28 urteko oriotarra. Biologia ikasketak egin nituen Leioan, eta amaitu bezain pronto Bigarren Hezkuntza Masterrean sartu nintzen, betidanik izan baitut gustuko nerabe-gazteekin lan egitea, beraiengandik egunero ikasten baita zerbait. Egun nire txikitako ikastolan nabil lanean, Orioko Ikastolan, DBHn, Matematika eta Biologia ikasgaiak irakasten.
Irakaslea izateaz gain, hezkuntza ez-formalean ere aritzen naiz; begirale-hezitzailea naiz. Lan hori ere oso gustuko dut, eta normalean nerabeekin egoten naiz. Euskal Udalekuetan (Abaigarren) bolondres naiz, ikastaroko kide Loinazekin batera; bestalde, Beroa Elkartean ere aritzen naiz, Gipuzkoako Harrera Familien Elkartean.
Hezkidetza nire biziko ekintzen erdian jartzen saiatzen naiz, baino zenbait gabezia ditudala ohartzen naiz, eta hori dela eta eman nuen izena ikastaro honetan. Tresnak, dinamikak... lortu nahi ditut nire ikasleei hezkidetzaz hezten laguntzeko.
Eman diezaiogun hasiera ederra ikastaroari.
Aste honetan entzun dudan abestia konpartitu nahi dizuet.
https://www.youtube.com/watch?v=UewsGxakK9k
NIRE AURKEZPENA
Izen bat baino zerbait gehiago garela uste
dut. Izena baino beste hamaika hitz, egoera eta bizipen definitzen gaituztelako.
Jara dut izena. Jara!! Ez Jara y Sedal, ez
Jarra ez Jana, Sara edota Lara ere. Ez dut Jara liburua irakurri eta Jara izenaren
istorioa edota esanahia ez dakit zein den. Jakinmina piztu bazaizu izan zaitez
zu informazioa aurkitzen duena. Nahi izanez gero ni neuk ere egingo dut eta!!
Gogoan dut gazteagoa nintzela eta parrandan
ateratzen nintzen askotan izenaz aldatu behar nintzela, aspertu egiten
nindutelako komentarioak. Orduantxe Ainhoa nintzen, erreza eta ulergarria. Argi
dago interesatzen ez ninduten pertsonen aurrean izenaz aldatzen nintzela. Oso
astuna egiten zitzaidan txisteak egiten zituzten mutilak eta neskak
aguantatzea.
Haur hezkuntzako ikasketak bukatu ostean
urtebete Londresera joan nintzen, haurtzaindegi elebidun batean lan egitera.
Jende asko eta bizipen asko bizi izan nituen. Gaitasun eta konpetentzia asko
lantzeko aukera izan nuen. Hizkuntza batera hurbiltzea, neure kabuz gauzak
aurrera ateratzea, jendearengana hurbiltzea, kultura ezberdin asko ezagutzea….
Oso urte ona izan zen, etekin asko atera nion eta neure buruan konfiantza
hartzeko ere baliagarria izan zitzaidan.
Londresetik bueltan berehala lan egiteko
deitu zidaten. Ordezkapenen munduan buru belarri sartu nintzen. Gogotsu hasi
nintzen eta momentu horietan ondo hartu nuen alde batetik bestera ibiltzeak.
Gauza asko ikasten hasi nintzen, esperientzia ezberdin bakoitzetik eta lankide
ezberdinak inguruan izanda estrategia eta lan egiteko moduak ikusten hasi
nintzen.
Formatzeari ez nion utzi eta eskolak berak
edota aukera nuen ikastaroak egiten hasi nintzen. Esperientzia, metodologia
ezberdinak, eskola funtzionamendu ezberdinak….
Aspaldi kontzientziatua nabilela hezkidetzaren
inguruko gaiekin, akaso hezkuntza munduan emakume askorekin lan egiteko aukera
izan dudalako. Sormen handi pizten zait gai hauen inguruan ze ekintza egin
ditzakegun eskolan, eta horregatik edo eskolan aurten hezkidetza batzordea
sortu dugu.
Ameslaria, alaia eta sortzailea naizen
bezala lotsatia, beldur anitzekoa eta burugogorra banaiz ere. Alde ona, goxoa
eta suabea dudan bezalaxe alde exigentea, urduria eta kaotikoa dut. Bi
alderdien batura bat naiz. Pertsona alaia eta aurpegian irria itsatsia duena.
Umorea eta errespetoa motorea izanda erronkak eta beldurrei aurre egiteko prest
dagoen emakumea naiz.
Nire gertuko jendeak esango luke oso
pertsona maitekorra, gertua eta naturala naizela. Hala izaten naiz, konfiantza
hartzen dudanean.
Mendia, paseoak, lagunekin bazkaldu,
parrandak, bidaiak…. Gustuko ditut. Gauza berriak eta erronka berriei irekita
nago. Jakinmin handikoa naiz.
Kolore ba banintz berdea izango nintzateke,
naturak berak transmititzen duen lasaitasuna eta edertasuna.
Eta duda barik animalia bat banintz uretako
edozein izango nintzateke. Egoeraren arabera….jajaja
Lehengoa izateko uste dut presio gehiegi
sartu diodala nire buruari eta ez naiz guztiz gustura geratu, baina tira apurka
joango naiz moldatzen eta nire buruari hainbeste ez exijitzen.