Argi dago gizarte matxista batean bizi garela eta
patriarkatuak bere baliabide eta erreminta guztiak erabiltzen dituela sistemak dagoen
bezala iraun dezan. Pribilegio eta erasotasun asko dago jokoan eta botereari
honek horrela izaten jarraitu dezan interesatzen zaio. Haur, agure, nerabe eta
pertsona helduak gizarte beraren parte gara. Guztioi eragiten digu matxismoak
eta gure jokaera eta aukerak sexu-genero sistemak baldintzatzen ditu nolabait.
Akrostikoan planteatutako galderaren erantzuna beraz, ezezkoa da, orokorrean
haurrek eta gazte ikasleek ez dutela askatasun nahiko benetan direna eta egin
nahi dutena identifikatu eta horrekin koherentzian ekiteko.
Honen ildora, 2015ean argitaratutako PISA txostenak genero estereotipoek ikasketetan nola eragiten duten eta zentzu
honetan dagoen genero-arrailaren nondik norako nagusien berri ematen du; neskek
autokonfiantza baxuagoa dutela, irakasleen eta familien aurreiritzi eta
espektatibek haur eta gazteengan duten eragin handia, mutilek neskek baino 4
aldiz gehiago hautatzen dituztela ingeniaritza edo informatika ikasketak eta
neskek proportzio berdinetan osasun zientziekin lotura dutenak erakusten digu
ikerketak.
Gauza da, sistema hori bertan bizi garen pertsonen
gehiengoarentzat kaltegarria eta diskriminatzailea dela, gure benetako izateaz
aldentzen gaituela eta ez diola ongizateari batere onik egiten. Honetaz guztiaz
jabetzeaz gain estrategiak bilatu behar ditugu mandatu matxistei, genero
estereotipoei, muzin egin eta pertsona askeagoak eta zoriontsuagoak izateko.
Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko
erronkekin zerrenda amaigabea osatu dezakegu
baina oraingoan, guzti horietako batean ipini nahi nuke begirada:
emakumeek kurrikulumean duten presentzia handitzearen garrantzia, ereduak eta
erreferentziak izatea oso beharrezkoa delako neskek eta emakumeok egin
dezakegula ikusi eta sinesteko.
Aste honetan landutako edukiek ondorengo oroitzapena
ekarri didate gogora: Bigarren Hezkuntza ikasten nengoenean, anaiak kontatu
zidan bere unibertsitateko kide bat Afrikara joan behar zela txinpantzeak
behatu eta beraien jarreraren inguruko behaketa egitera. Kontakizun hark
“Gorilas en la niebla” filma ekarri zidan gogora eta izugarrizko miresmena
sentitu nuen aste batzuetan oihanean bizitzen egon behar zen neska harengandik.
Pertsona hori, gaur egun nire laguna da. Gai hauekiko dudan interesaren berri
duenez eta feminista amorratua naizela badakienez, orain dela egun batzuk bideo
hau bidali zidan. Beste gauza askoren artean, argi eta garbi ikusten da
orientazio eta aukera akademikoen gaian zein garrantzitsua den emakumeek egin
dituzten ekarpenak erakutsi eta ezagutaraztea, azken finean, ezin da esan
primatologian beste edozein disziplina zientifikotan baino emakume gehiago
egotea kasualitate hutsa denik! Eraginen bat izango zuten hain ezagunak diren
Jane Goodall, Dian Fossey edo Birute Galdikas-ek honetan guztian.
Zientziarekin jarraituz, PISA txostenak aipatzen
zituen familia eta ingurukoen aurreiritzi eta espektatibak berrikusi eta
sexismoa baztertzeko beharra argi uzten duen bideo bat partekatzen dut:
Joan den urteko post bat aukeratzekotan Uxanak
idatzitakoarekin gelditzen naiz proposatzen duen infografiak gaia bikain
laburtzen duela iruditzen zaidalako, orientazio hezkidetzailearen desafioak
primeran argudiatzen dituelako eta bideoak oso ondo azaltzen duelako binarismo
eta generoaren gaia: "Norabideari haize ufada anitza txertatzeko beharra"