2021/03/06

ZUK, ETA ZUK BAKARRIK, AUKERATZEN DUZU ZURE SEXUALITATEAZ NOLA GOZATU

 



Uste dut lelo hori egon behar dela heziketa sexualaren oinarrian. Pertsona guztiek, gorputza dugun neurrian, adierazteko, komunikatzeko, gozatzeko, sentitzeko eta sentiarazteko gaitasuna dugu. Baina norberak aukeratu beharko luke, askatasunean, hori guztia nola egin. Eta hori izan beharko litzateke heziketa afektibo-sexual hezkidetzailearen helburu nagusia, nire ustez.

Baina, sexualitatea eraikuntza soziala den neurrian, ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua sustatzen eta indartzen du sistema patriarkalak. Horren ondorioak  denok pairatzen ditugu, eta sexualitatearen aukerak murrizten dizkigu.


Beti esaten dugu ikasleen garapen integrala dugula helburu. Eta, sexualitatez ulertzen baldin badugu hitzekin eta gorputzaren zentzumenekin bakoitzak espresatu, komunikatu, sentitu, intimatu, plazera eman eta jasotzeko modua dela, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da. Hortaz, hezkuntza afektibo-sexuala haurren eta gazteen hazkuntza integrala lortzeko alderdi garrantzitsua da

Haur eta gazteek osotasunean heziak izateko eskubidea dute maila guztietan, sexualitatea komunikazio-, osasun-, plazer- eta afektibitate-iturri bezala ulertuz. Emakumeak eta gizonak parekidetasunean eta diskriminaziorik gabe biziko garen jendartea lortu nahi badugu eta harreman komunikatzaile, atsegin, berdintasunezko, arduratsu eta askeak lortu nahi baditugu, haurrei kalitatezko heziketa afektibo sexuala eskaini beharko diegu (EUE: Hezkuntza afektibo sexuala lantzen Haur eta Lehen Hezkuntzan).

Atalaren irakurgaian esaten zaigun moduan, ordea, oraintxe azaldutako arrazoiengatik hain garrantzitsua den heziketa afektibo-sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta boluntarismoaren eskuetan geratu ohi izan da. Kanpoko erakunde baten bitartez egiten da, gainera. irakasleok ez dugu gure gain hartzen; ez gara eroso sentitzen. Eta, horrlea baldin bada, ekintza puntual bat izateko arriskua dugu. Benetan utzi behar dugu heziketa afektibo-sexuala ekintza puntual moduan?? Honi buelta bat eman behar diogula uste dut, kontuan izanik zein garrantzitsua den sexualitatea pertsona ororen bizitzan zehar. Nolakoa beharko genuke heziketa afektibo-sexual hori? Irakurgaian ematen zaigu dekalogoa!


 Zer esanik ez, gainera, heteroarautik kanpo edo aniztasun funtzionala duen pertsonez ari garenean. Sexualitate osasuntsua eskubide bat da!


 Horren atzean borroka eta sufrimendua ere badaude. Hona hemen bi adibide, bata dibertsitate funtzionalarekin lotuta (sexu-laguntzari buruzko debatea benetan interesgarria iruditzen zait) eta bestea bisexualitatearen ikusezintasunarekin.



 

 Ikasleekin lantzeko material ugari partekatu ditugu. Nik Arremananitz lantaldeak eskaintzen duen ALU ULU antzerki FOROA proposatzen dizuet DBHko ikasleekin lantzeko.


Aurreko ikasturteetako ikastarokideek egindako posten artean Josuneren HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA HEZKIDETZAILEA ETA KITTO¡¡ ekartzen dut. Pornografiaren gaia DBHko ikasleekin nola landu duten azaltzen duen bideoa du, besteak beste.

 

Erronkei dagokienez, ezinbesteko eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioz eta prestakuntzaz gain (hori gabe, akabo!), hirurekin geratzen naiz pertsona guztiek haien sexualitatea askatasunez bizi ahal izateko desioan:

·         Sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea.

·         Heziketa afektibo-sexuala aniztasunean heztea.

·         Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.

 

Bukatzeko, Glaukoma taldearen “Gure kaiola” abestia uzten dizuet. Ongi izan! 


 

HOBE (GAIA) EZ IKUTZEA, EZ?

 

    Heziketa afektibo sexualaren bloke honetan irakurritako denak sentimendu kontrajarriak ekarri dizkit. Alde batetik, amorrua: jaso genuen heziketa afektibo sexual ezagatik edo behintzat ez egoki edo partxe eragatik. Nostalgia: identitate sexuala eraikitzen hasten zaren garaiaren inguruko oroitzapen asko ekarri dizkit gogora. Poza: orokorrean hezkuntzan gabiltzan jendeak hau garatzeko eta benetan lantzeko dagoen beharraz kontzientzia nabaritu dudalako azken urteetan. Guk edukitako gabezi batek sortua edo? 

 

    Aurreko urteetako Post-etan informazio mordoa eta bideo oso interesgarriak aurkitu ditut, bat aukeratzekotan #Jaso- rena aipatu nahi dut. Arrakalak dokumentala oso interesgarria eta hurbila iruditu zait eta kolektibo oso baten hausnarketak, esperientziak eta beharrak ikusteko ezinbestekoa.

    Azken urteetan oso proiektu interesgarriak atera dira alor honetan, asko oso entzutetsuak izan dira: Gasteizko Porno eskola eta Nafarroako Skolae aipatu nahiko nituzke besteak beste. Tamalez kolektibo katolikoek beraien kontra egindako salaketak sortutako oihartzunak estali zuen bi proiektu hauen balio hezkidetzailea. Harrigarria nolako indarra eta legitimitatea duten oraindik ere sistema heteropatriarkal eta katolikoak ezarritako erresistentziek. (Berria, 2017), (Berria, 2020)

12-13 urterekin hasten dira EAEn pornografia ikusten

    Beste artikulu honen izenburuak ere zer pentsatu eman zidan. Harritu ez, nik bizitako errealitatearekin bat egiten duelako baina bai askotan ez dugulako kontuan hartzen heziketa afektibo sexual efektibo bat garatzerako orduan. Gazteengan eragin nahi badugu ezin diogu errealitate honi muzin egin eta Pornoa oso errotuta dago gure gizartean. 


 

    Guzti honekin ere Sex Education telesaila gomendatu nahiko nuke, heziketa sexuala jorratzen dute umorea erabiliz baina errealitatea ondo islatuz.


 






2021/03/05

HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALA, TABUAK GAINDITUZ

 


Historian zehar, sexualitatea modu askotan bizi izan da. Nolabaiteko askapen sexualeko aldiak egon dira, baita puritanoak ere. Baina, oro har, sexualitatea tabu bat izan da eta izaten jarraitzen du, gai debekatua edo deserosoa zenbait testuingurutan.

Hurrengo paragrafoak oso ondo deskribatzen du hainbat familiatan gertatutakoa: "Nire etxean ez da inoiz sexualitatearekin lotutako ezer aipatu. Behin galdera bat egitea bururatu zitzaidan, eta aita gorritu egin zen eta gaia aldatu zuen."

Familia askotan sexu-informazioa horrelakoa izan da, baina ikastetxean ere ez da oso desberdina izan. Hainbat kasutan, ikasleek jaso duten hezkuntza afektibo-sexuala zientzia-klaseetako ugalketa-aparatuaren funtzionamendura mugatu da.

Hezkuntza afektibo-sexualik ez izateak ondorio larriak ekar ditzake: nerabeen haurdunaldiak, sexu-transmisiozko gaixotasunak, pornografiarekiko mendekotasuna, arriskuko sexu-praktikak, indarkeria, diskriminazio-jarrerak, harremanetan errespeturik eza…

UNESCOk, “Orientaciones técnicas internacionales sobre educación en sexualidad: un enfoque basado en la evidencia” izeneko azterlanean, sexualitatean hezkuntza integralak duen garrantzia adierazten du.

"Sexualitateari buruzko hezkuntza integrala sexualitatearen alderdi kognitibo, emozional, fisiko eta sozialei buruz irakasteko eta ikasteko curriculumean oinarritzen den prozesua da. Helburua da haurrak eta gazteak prestatzea, ezagutza, trebetasun, jarrera eta balioekin, ahalduntzeko: osasuna, ongizatea eta duintasuna gauzatzea; errespetuzko harreman sozialak eta sexualak garatzea; beren aukerek beren ongizateari eta gainerakoei nola eragiten dieten kontuan hartzea; eta bizitzan zehar dituzten eskubideak zein diren ulertzea eta horiek babesten direla ziurtatzea.”

Azterlan horrek defendatzen ditu, besteak beste, sexualitateari buruzko hezkuntza integralak curriculumaren parte izan behar duela, zorroztasun zientifikoa izan behar duela, adin eta garapen-etapa bakoitzerako egokia izan behar duela eta giza eskubideak eta genero-berdintasuna izan behar dituela oinarri.

Halaber, Cristina Sanjuán Vázquezek, Save the Children taldekoak, bere artikuluan dioenez, “hezkuntza afektibo-sexuala etorkizuneko inbertsioa da. Hezkuntza afektibo-sexuala dirudienetik askoz haratago doa, behar diren tresnak ematen dizkigu haurrei irakasteko beren burua eta ingurukoak ezagutzen eta errespetatzen, beren gorputzaren eta emozioen autonomia eta kudeaketa izaten."

Hezkuntza afektibo-sexualak ondorio positiboak ditu ikasleengan:

  • Berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bultzatzen laguntzen du.
  • Ikasleei abusuak identifikatzeko eta saihesteko aukera ematen die.
  • Sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesten irakasten die ikasleei.
  • Genero-indarkeria prebenitzen du.
  • Sexualitate osasungarria garatzen laguntzen du.
  • Ikasleen autoestimua eta beren buruarekiko konfiantza garatzen ditu.
Hala ere, badira haratago doazen hainbat ekimen eta horietako batzuk maila guztietan irakasten dira, Skolae Berdin Bidean-Creciendo en Igualdad eta Coeduca't, esaterako. Bi horiek hezkidetzan oinarritutako proiektuak dira.




Hezkuntza afectivo-sexualak polemika sortu du populazioaren sektore batzuetan. Horietako bi aipatuko ditut:
  • Zenbait gurasok, alderdi politiko batzuen laguntzarekin, Gurasoen PINa eskatzeko plataforma sortu dute.
Egin klik irudian, webgunera joan ahal izateko.
Gurasoen PINaren bidez, familiek balioekin zerikusia duten jarduera batzuen berri emateko eskatzen diote ikastetxearen zuzendaritzari, seme-alabek parte har dezaten baimentzeko edo ez. Gurasoak kezkatzen dituena jarduera zehatz batzuk dira, seme-alabei zuzenean eragiten dien zenbait balio transmititzen dutenak, esaterako, genero-identitatearekin eta -adierazpenarekin, sexu- eta afektibitate- aniztasunarekin edo familia-eredu desberdinekin lotutakoak.


  • Kontrako beste mugimendu bat Nafarroako Skolae programak jasan duena izan da. Familia batzuek eraman dute hezkidetza-programa hori justizia-auzitegietara.

Bi kasu horietan, gurasoek hezkuntza afektibo-sexuala doktrinamendu gisa bizi dute. Eta uste dute seme-alabak zein baliotan hezi behar diren erabakitzeko eskubidea defendatu behar dutela. Kontrakoa pentsatzen dutenek argudiatzen dute urratu egiten direla haurrek hezteko dituzten eskubideak, ikastetxeek curriculum-erabakiak hartzeko duten eskumena eta aniztasunean, berdintasunean eta pertsona guztien errespetuan oinarritutako hezkuntza eskaintzeko beharra.

Baina argi dago hezkuntza afektibo-sexuala nola gauzatu eta zer balore transmititu oraindik oso gai polemikoak direla.

Gure sexualitateak konformatu egiten gaitu, ez da gure nahierara janzten eta eranzten, arropa izango balitz bezala. Sexualitatea gorputz sexuatu batean bizi garen heinean agertzen da; gorputz horrek sentitu, adierazi, hunkitu, esperimentatu, pentsatu... egiten du, eta beste gorputz sexuatu batzuekin erlazionatzen da hainbat testuingurutan, besteak beste, hezkuntza-testuinguruan.

Oihana Sanchezek bere ekarpenean esaten dioenez: “Gorputz sexuatuak gara eta gure sexualitatea beti presente dagoenez, etengabe ari gara heziketa afektibo-sexuala egiten, modu esplizitu edo inplizituan. Sexualitatea ere eraikuntza soziokultural bezala ulertu daiteekenez, gaur egun dirauen eredu heterosexista ugalkor hegemonikoa kolokan jartzea ezinbestekoa da, sexualitatearen diskurtsoa bere espresio anitzekin normalizatu ahal izateko. Afektibitatea eta sexualitatea estuki erlazionaturik daude eta afektibitatearen garapen berdinkidea lortzea funtsezkoa da, sexualitate sano bat garatzeko. Sexualitatea jaio eta hil bitarteko laguna denez, elkarrekiko errespetuan, nahian, adostasunean, oinarritutako edozein sexu adierazpen zilegi izatea litzateke helburua eta honela existitzen den aniztasuna, bai eskolan, familian, herrian, auzoan, inguruan… islatu.”

Asko gustatu zait Oihanaren paragrafo hori, erabat ados nago berak esandakoarekin eta horregatik bere ekarpena gomendatu nahi dut.

Aste honetako gaiaren inguruko baliabide hauek proposatu nahi ditut:
  • Carme Sanchezen "Del tabú a la educación" izeneko bideoa. Carme Sanchezek, sexologoak, ondorengo bideoan oso ideia argia ematen du hezkuntza afektibo-sexualaren garrantziaz. Bideoa oso interesgarria iruditzen zait DBHko ikasleekin ikusteko eta horiekin eztabaida eta hausnarketa egiteko.

  • UNESCOk “Orientaciones técnicas internacionales sobre educación en sexualidad: un enfoque basado en la evidencia” egindako azterlana. Asko gustatu zait proposatutako hezkuntza afektibo-sexualaren markoa. Gainera, nire ustez, gaiari buruz oso azterketa osatua egin du. Hezkuntza afektibo-sexualean ikasteko funtsezko kontzeptuak, gaiak eta helburuak aztertu eta proposatzen ditu.
  • "Sexumuxu" heziketa afektibo-sexualari buruzko programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatua. Teknologia berrietan oinarrituta dago, eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleentzat da. Helburu nagusia da nerabeei laguntzea dituzten premia afektiboak eta sexualak gobernatzeko gaitasunak barneratzen. Horretaz gainera, materiala eskaintzen du, bai irakasleentzat, bai gurasoentzat.

Nire ustez, hezkuntza afektibo-sexualaren erronkak hauek dira:
  • Hezkuntza afektibo-sexuala curriculumean ezartzea, nahitaez egin dadin. Hezkuntza mota hau zeharkakoa denez (hezkuntza afektibo-sexuala, berdintasuna, bizikidetza, hezkidetza, etab.) ez du aparteko lekurik izan hezkuntza-curriculumaren barruan, hainbat gairekin erlazionatzen delako.
  • Irakasleen prestakuntza espezializatu handiagoa eta administrazioaren laguntza izatea. Irakasleak ez dira seguru sentitzen. Prestakuntza falta da, baina ez hori bakarrik, baita administrazioen laguntza sendo eta irmoa ere, sexualitatea gai tabua baita, eta oraindik ere irauten dute behar bezala gauzatzea eragozten duten mito eta beldurrek.
  • Baliabide didaktikoak zehaztasun zientifikoz eskaintzea eta horietan sexu- eta genero-identitate desberdinak islatzea.
  • Ikasleen espiritu kritikoa garatzea, sexualitatearen mitoak deseraiki ditzaten.
  • Giza eskubideetan eta genero-berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektibo-sexuala bideratzea.
  • Hezkuntza afektibo-sexual inklusiboa bermatzea.