2021/11/22

 LEGEDIA DELA ETA...

Beste urte batzuetako ekarpenak irakurri eta gero, sarrera hau aukeratu dut, oso modu erraz eta erakargarrian laburbiltzen baititu, Hezkidetza sustatzeko legediaren inguruko punturik garrantzitsuenak.











Aste honetan proposatutako legedia eta dekretuak irakurri ondoren, Curriculumari dagokionez  Hezkidetza-helburuak arloetan eta ikasgaietan txertatzeko proposamenak aipatzen dituena (17. art.) eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legea nabarmentzea gustatuko litzaidake. Azken hau ez nuela ezagutzen aitortu behar dut.

Marko legala tresna garratntzitsutzat hartu beharra dago, dudarik gabe, lehenengo pausutzat, baina baliabide edo praktikarik gabe ez dauka baliorik. Paperean idatzitako  hainbat lerro baino ez, bilaka daitezke. Gure eguneroko lana eta jarrera, hezitzaile eta irakasle moduan ezinbestekoa da legedia garatu eta gauzatu ahal izateko hein batean. Funtsezkoa iruditzen zait ez bakarrik hezkidetza proiektuak garatzea, irakasleon formakuntza hezkidetzaren inguruan ezinbestekoa da ere, gure egunerokotasunean aplikatzeko, berdintasunean heztea erantzunkizun bat baita, gure erronka. 

Tresnak, baliabideak eta erakundeen lana ere egitear dago. Esan bezala, formakuntzaz, gure kasuan, adibidez, hizkuntza zein material sexistak ez erabiltzeaz gain, erraztasunez identifikatu ahal izateko eta ekiditzeko tresnak edukiko genituzke, gaur egun oraindik, hainbat material eta testuliburuetan aurkitzen baititugu.

Argi dago, aldaketak ez direla bapatekoak izango eta denbora pasa beharko dela begibistakoak izan daitezen. Gero eta nabarmenagoa da gizartean orokorrean eta hezkuntzan hezkidetzaren gaia eta nahiz eta oraindik lan handia egiteko egon, pausuz pausu, lortuko dugulakoan nago.

LEGEAREN BABESA…...IRAKASKUNTZAREN PROMESA

 


Hainbat Lege, Dekretu eta Plan ditugu Estatuan eta EAEn, eta zorionez piskanaka bagoaz pausoak ematen hezkidetzan. 

Lege-dokumentuei esker euskarri legala izatea garrantzitsua iruditzen zait, baina are gehiago legediak markatzen dituen ildoen edukiak zeintzuk diren eta nola aplikatzen  diren errealiatatean, hezkuntzan, alegia.

Marian Morenok,  II. Hezkidetza planaren aurkezpenean aipatzen duen moduan,

ez badago sentsibilizaziorik, nola aplikatu?


Zentzu honetan ezinbestekoa iruditzen zait lehendabizi sentsibilizazioa lantzea, irakasleekin , bai familiekin: hiztegia, ikuspegi eta  iritzi desberdinak partekatu, ea; ondoren errazago lortuko da ikasleen sentsibilizazioa ere.



Bestalde, esan baharra daukat ez nekiela  Euskadiko emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea (2005ko otsailaren 18a) zegoela; bertan aipatzen diren atalak garrantzi handikoak iruditzen zaizkit, horien artean, hezkidetza proiektuak, sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria eta pertsonak, egiturak eta koordinazioa; azken horretan ezinbestekoa iruditzen zaidan irakasleen eta zuzendaritzen arteko koordinazio zuzena aipatzen da, indarkeriaren gaia tratatzeko.


Aurreko urteetako posten artean Hezkidetza sustatzeko legedia aukeratu dut; oso modu bisualean eta erakargarriam aurkeztu du legediaren gaia eta hezkuntzan landu beharreko  aspektuak adierazita daude; II. Hezkidetza Planean proposatzen diren 8 zutabeekin berritu eta egokitu daiteke gaur egun. 


Azkenik, hezitzaileok eta gizarteko hiritarrok dugun betebeharra esaldi batean laburtuko dut eta bide batez azpimarratu nahi dut akrostikoan idatzi dudana: 


Legea mantendu, berritu ….eta …. aplikatu behar dugu!

 

Aste honetako foroetako aukeretan RAP feministaren aukera izan dugu hausnarketa gisa, eta egia esan musika estilo horrek aldarrikapen ugari egiteko bidea ematen du, besteak beste indarkeria matxista, sexu-estereotipoak, ezarritako sistemaren aurkako borroka, sexua, matxismoa edota  lana bezalako gaiei buruzko letra erradikalak erabiliz. 

 

Pikara magazinetik aukeratu dudan rapera bat gomendatzen dizuet:


CAYE CAYEJERA: “Genero zurrunak, mekanismo perfektua ”

Puro Esterotipo abestiaren bideoklipak (2013) uko egiten die ohiko promozio-klixeei, sexu-erasoko egoeretan autodefentsarako gida txiki gisa planteatzen baita, rap estiloan. 









GIZA LEGEZ

 



Lehengo urteko bloga sarreretatik Legeetatik egunerokora izenekoa aukeratu dut. Horretatik bi gauza gustatu zaizkit batez ere. Batetik, bertan oharkabean pasa zaidan apreziazio bat egiten du egileak: legeak ez duela feminismo hitza aipatzen. Uste dut nahiko esanguratsua dela datuan. Nondik dago, ba, eginda legea? Bestetik, hezkuntza formala eta ez formala aipatzen ditu eta bien arteko elkarlanerako bideak zeintzuk izan daitezkeen galdetu. Legeari begira ere ikuspuntu interesgarria iruditu zait.

Egia esanda, legearen inguruan oso ezagutza txikia nuen, beraz, artikulu gehienak dira niretzat berri. Hala ere, esanguratsu bat aukeratu beharko banu, hau aipatuko nuke:

Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoa (2006ko maiatzaren 3a), LOMLOEk (2020ko abenduaren 29a) egindako aldaketez gaurkotutakoa. Izan ere, bertan hezkidetzaren printzipio nagusiak aipatzeaz gain, 2. artikuluan hezkuntzaren xedeak zehazten ditu eta etapa desberdinetan lortu nahi diren helburuak laburbiltzen ditu. Uste dut horiek guztiek oinarri sendoak jartzen dituela hezitzaileok hartu beharreko norabideari dagokionez.

Legedia hurbilagotik ezagututa, hezitzaileontzat ondoriorik garbiena gure lana eta indarra non jarri behar dugun jakitea da. Hezitzaileok eman behar dizkiegu ikasleei tresnak estereotipoak gainditzeko, zaintzarako eta gizarte-lankidetzarako trebatu behar ditugu, etab. Legeak ondo baino hobeto zehazten ditu bai egitekoak, bai lan-esparruak. Hitz batean laburbilduta, hau da gure egitekoa azken batean: emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasun eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea. Erraza da esaten, baina sekulakoa da aurrean daukagun erronka.


ERRESISTENTZIEN GAINETIK AURRERA

 


Hezkidetzaren marko legalean murgilduta gabiltzan honetan, hainbat legeren berri izan dut. 2005eko Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA/BOPV (euskadi.eus)  jarri nahi nuke azpimarra, ordea. Izan ere, lehenengo aldiz nabarmentzen da (lege modura) datuek adierazten dutela bai emakume eta gizonen arteko harremanetan, bai beren garapen pertsonal eta sozialerako aukeretan hierarkizazioak irauten duela.

Abiapuntu horretatik abiatuta, 3 xede planteatzen dira: bizitzaren esparru guztietan aukera eta tratu berdina sustatzeko eta bermatzeko neurriak garatzea —bereziki, diskriminaturiko gizatalde bezala—, emakumeen autonomia suspertzea eta gizartean, ekonomian eta politikan bere posizioa indartzea.

Soka horretatik, gure jarduerarekin lotura zuzena duten atalen artean, 30. artikulua aipatu nahi nuke, honako hau debekatzen duelako:

Sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen testu-liburu edo irakaskuntzako material oro zabaldu eta erabiltzea Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere.

Debekuak debeku, oraindik ere testu-liburuetan estereotipoak, emakumearen gutxistestea… uste baino gehiagotan islatzen dira.

Iazko ekarpenak irakurtzen aritu ondoren,  Legeen dantza, dantza amaigabea izenburupeko blogeko sarrera hautatu dut https://hezkeh0506.blogspot.com/2020/11/legeen-dantza-dantza-amaigabea.html. Izan ere, ondo baino hobeto azaltzen du legearen aurrean erresistentziak agertzen direla. Hona hemen II. Hezkidetza Planean adierazten dena:

 “Baina, ikastetxeetan ez da genero-indarkeria prebenitzeari eta hari heltzeari buruzko hirugarren helburu estrategikoaren garapen- eta betearazpen-maila bera bete. Azken urteotan gizartean oro har gertatu den bezala, aurrerapen handiak izan dira berdintasunaren arloan, baina oraindik asko dago egiteko, bereziki harremanen eremuan eta indarkeriaren prebentzioaren eremuan. Horretarako, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa eta lankidetza behar da”.

Hain zuzen ere, ildo horretatikoa da akrostikorako aukeratu dudan leloa: legearen (aurkako) erresistentzia gaindituta, eragileok, den-denok irmo aurrera.

 

AURRERA!

Legediari buruz…

Akrostikoa egiteko, material osagarrietan Izaskun Landaidari egindako elkarrizketari eutsi diot.


Josuneren blog sarrera aukeratu dut ondoko arrazoiengatik:

  • Izenburua asko gustatu zait.
  • Legeak hainbat ideiekin eta erreferentziekin loturak egin ditu.
  • Haur Hezkuntzarako ekarpenak egin ditu azpimarratzen etapa horrek garapenean duen garrantzia.


Legeen ezagutzari buruz dagokionez...

Asko ez ditut ezagutzen onartu behar dut. Aipatutakoa ez du esan nahi, bertan agertzen diren bete beharrak ez ditudala betetzen. Ausartuko nintzake esatera hezitzaile gehienok ezagunak izan ala ez ezagunak izan bere egunerokotasunean kontuan hartzen ditugula. Hori dela eta denak dira esanguratsuak.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa erantzu sinplea irudi dezakenez ondoko hausnarketa konpartituko dut zuekin. Askotan entzuten da legea gizarte baino polikiago joaten dela. Kasu honetan zalantzan jarri nahiko nuke baieztapen hori.

1978-ko Espainiako Konstituzioaren bi artikuku hauek jasota daude:

14. artikulua: espainiarrak berdinak dira legearen aurrean, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

35. artikulua: "Espainiar guztiek dute lan egiteko betebeharra eta lanerako eskubidea, lanbidea edo ogibidea askatasunez aukeratzeko eskubidea, lanaren bidez mailaz igotzeko eskubidea eta beren eta familiaren premiei erantzuteko behar besteko ordainsaria jasotzeko eskubidea, eta inola ere ezin da sexuagatiko bereizkeriarik egin".
 

Hau oso esanguratsua da. Kasu honetan ematen duelako gizarteko gehiengoari, inola ere ez osoari, legeak aurre hartu diolako. Honek erronka hau planteatzen dit nola egingo dugu orain arte hori barneratu ez dutenek barneratzeko. Erronka honi aurre egiteko garrantzia harten dute aurrera eraman diren politikak eta eramango behar direnak eta hezitzaileon kasuan sortutako planak eta plan horiek aurrera ateratzeko politikak.

Ondoria niretzako: segi aurrera, kritikoa izan, ez itxoin lege bat sortu arte edo dagoena berritu eta egokitu arte egin beharrekoak egiteko.