Hirugarren blokea ixteko modu
paregabea iruditu zait tratu onen eta zaintzaren garrantzia azpimarratu, eta
hauen inguruan aritzea aste honetan zehar, pertsonalki, asko gustatu zaidalarik
irakurgaian zehar norbere buruarekiko daukagun harremanari eskaintzen zaion
tartetxoa; harreman kontzeptuaz aritzean, pertsonen arteko harreman-dimentsioa
bezain garrantzitsua da persona barrukoarena. Beraz, norbere buruarekin
harreman osasuntsu bat izateko, beharrezkoa da “gure mundua” ondo osatuta
egotea, honi denbora eskainiz zein hau zainduz.
Horrez gain, ikastaroa aurrera joan
den heinean, behin eta berriz agerian gelditu da -aste honetan ere bai- eskolak
ez duela berdintasunean hezten eta kontzienteki hezkidetzailea den planteamendu
batekin esku hartu ezean, eskolak gainerako botere sozialek erreproduzitzen
dituzten genero-estereotipo sexista berak hedatuko ditu.
Aurreko edizioetako hausnarketak
irakurtzen, Martaren Tratu
onetik elkarbizitza positibora sarrerarekin egin dut topo, zeinetan
baliabide anitzak eskaintzeaz gain, hezkuntzarekiko ikuspegi kritikoa erakusten
eta elkarbizitza positiborako proposamenak plazaratzen dituen.
Bizbizipen-ikaskuntzaren
defendatzaile irmo gisa, jolasak eta gorputz-dinamikak, norberaren bizitzan
aplikatutako kontzeptu berriak irakasteko eta ulertzeko tresna zein baliabide
lagungarritzat jotzen ditut. Hauen bidez ikasleriaren bizipenekin konektatu genezake,
modu horretan gaia lantzeak, eraginkortasun handaigoa izango duelarik.
Lan egiten dudan elkartean, Erraietan Barrena izeneko proiektu bat daukagu, zeinaren helburu nagusia, jabekuntzatik zein tratu onen lanketa, analisitik eta sustapenetik, indarkeriaren prebentzioa egitea da. Hona hemen unitate didaktikoa interesik izanez gero.
Horrez gain, The Lunch Date
izeneko laburmetraia uzten dut eskuragarri jarraian, zeinak harremanen inguruko
eztabaidarako bide interesgarria eskaintzen duen:
Azkenik, hezkuntzaren arloan
landu beharreko erronkei dagokienez, autoestimuaren lanketa azpimarratu nahiko
nuke lehendabizi, honek eragin zuzena izango baitu pertsona bakoitzaren garapen
integralean zein honek bere buruarekin zein besteekin sortuko dituen
harremanetan. Horrez gain, irakaslegoaren etengabeko formakuntzaren, material zein
baliabide didaktikoen uneoroko ebaluazio zein hobekuntzaren eta hezkuntza
komunitate osoaren inplikazio eta erantzukidetasunaren beharra azpimarratu
nahiko nuke.
Ikastaro osoan zehar, gazteriaren
artean ematen diren tratuek zein harreman afektibo-sexualek, bereziki
arduratzen nautela adierazi dut, funtsezkoa iruditzen zaidalarik,
berdintasunean oinarritutako heziketa afektibo sexuala hezkuntza sistema
arautuan txertatzearen alde borrokan dihardugun bitartean, horrelako proiektu,
programa, material zein dinamika aurera eramatea.
Jarrai dezagun beraz,
hezkidetzaren bidean gure aleak uzten!