Gaurkoan saiatu naiz genero-indarkeriaren gaia lurreratzen. Adibidez, indarkeria psikologikoari dagokionez, paradoxa
moduko bat ematen dela iruditzen zait: nire inguruan ikusten dut zenbait
emakume ari dela berdintasunerantza bidean ahalegin handia egiten, egunerokoan,
eta, gizonezko bikotekideak dituztenen artean, batzuetan gizonak direla
etengabe goraipatuak direnak, ez sekulako ahalegina egiten dutelako
berdintasunaren alde euren egunerokoan, baizik eta ez direlako espero bezain
matxistak edo inguruko gizonak bezain matxistak. Hau da, lan berberak
egiteagatik emakumezko horiek ez dituzte inoiz hitz politik jasotzen. Aste
honetan bertan eman den adibide batekin hobe ulertuko da: gizonak janaria
prestatu du eta, bitartean, emakumeak etxea garbitu. Gero, lagun artean,
emakumeari bota diote “zelako zortea duzun” gizonak janaria prestatu duelako
eta maiz egiten duelako. Inork ez du baloratu emakumearen lana eta gizon horrek
ere ez du adierazi berak zegokiona baino ez duela egin eta, gainera, bitartean
emakumea ere ari zela lanean. Deserosotasun puntu batekin, baina gizonak hitz
politak jaso ditu eta isildu egin da. Uste dut horrek indarkeria psikologiko bikoitza
eragiten diola emakume horri: taldearena eta bikotekidearena. Isiltasuna,
batzuetan, oso bortitza da. Uxue
Alberdik elkarrizketa honetan horri buruzko hausnarketa egiten du:
“Isiltasun mota ezberdinak daude. Gauza
bat da begietara begira, aldamenean isilik geratzea, pentsatzeko...
atxikimenduzko isiltasuna. Hori sumatzen dugu batzuengan eta estimatzen dugu,
denok behar ditugu isiltasun aroak. Baina beste isiltasun mota bat da ezer
gertatu ez balitz bezala jokatzea, gure bizipenei eta pentsamenduari garrantzia
kentzea, propio ezikusiarena egitea, eta horretatik ere badago.”
Indarkeriaren beste adibide bat etxebizitzaren “meloia” ireki eta berehala
agertzen zait niri. Inguru hurbilean ditudan emakumezko gehienek etxea dute
jabetzan (hipoteka ordaintzen ari dira edo beste moduren batean konponduta dute
kontua) eta uste dut honen atzean badagoela indarkeria ekonomikotik askatzeko
saiakera, hots “etxe bat norberarena”
izateko ahalegina. Emakume horien artean:
o Emakumezko bikotekidea dutenek: bi emakumeek
dute etxea jabetzan edo beste nolabait konponduta dute etxebizitzarena, nork
bere aldetik.
o Gizonezko bikotekidea dutenek: etxea
beraien kabuz lortu dute, dela momentu horretan bikotekidea baino egoera
ekonomiko nabarmen hobea zutelako, dela momentu horretan bikotekiderik ez
zutelako. Bi kasuetan gizona emakumearen etxean bizitzea adostu dute.
o Bikotekiderik ez duten emakumeek: beraien
kabuz lortu dute etxea izatea.
Badakit nire inguru hurbilena gizarte osoaren adibide eta, gainera, etxebizitza izatea bera gaur egun badela denen eskura ez dagoen aukera. Dena den, interesatzen zait nire ingurura begira egin daitekeen irakurketa, murritza dela jakin arren.
Uste dut nire inguruan gertatzen denak zerikusi handia duela emakume bati ezartzen zaion bizimoduarekin: emakumeak 25 urteak bete orduko argi izan behar du norantza bideratu nahi duen bere bizitza eta, beraz, espero da bizitza horretarako baldintzak sortzen hastea, tartean baldintza materialak, etxebizitza kasu. Horrek esann nahi du erabaki batzuk hartu behar direla (adibidez, epe motzean etxebizitza erostea ahalbidetuko dizun lan bat izatea, non bizi nahi duzun pentsatzea…), zenbait kontu lehenetsi eta beste zenbait bazterrean utzi. Hori dena espero da emakumeengandik eta ez gizonengandik (edo gizonengandik beranduago espero da, gutxienez).Gainera, harrigarria da emakumezko bikotekidearen etxean bizi diren gizonek
“ardura bat gutxiago” gisa bizi dutela egoera hori “etxarena konponduta”. Aldiz,
pareko egoeran ikusi ditudan emakumeak larriago daude, “ezer gabe” daudela uste
dute etxerik ez badute jabetzan, babesik gabe daudela bikotekidearen etxean
bizi badira. Etxea jabetzan duten nire inguruko emakumeen artean ere “babes”
gisa ikusten dute kontua, pasatzen dela pasatzen dela ere etxea beti izango
baitute hor. Uste dut hor ahalduntze bat badagoela, independentzia ekonomikoa,
baina aldi berean azpiratzea bistakoa dela. Zegatik ez dira gizon horiek
“babesik gabe” sentitzen etxea jabetzan ez dutenean? Zergatik aurreikusi dute emakume horiek, ez soilik nolako bizimodua
nahi duten, baizik eta baita bizitzarako B plan posible bat ere?
Euskadi Saria jaso duen Maite Mutuberriak hitz gutxi eta esanahi handiko
liburu bat egin zuen 2018an eta horrela aurkeztu zuen:
“Izena eman nahi nion. Nola deitu
hainbeste nekatzen ninduen horri? Dena zikintzen zuen oinazeari? Zer hitz jarri
orban horri? Nire koadernoetara irauli ahal izan nuen, besterik ez. Eta
izendatzen jakin gabe jarraitzen nuenez, lohia deitu nion.”
Lohia liburuak ilustrazioak biltzen ditu:
Nik uste dut genero-indarkeria ere lohia dela.