2017/01/16

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN ERABILERA

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORAREN ERABILERA


Aste honetan emakumearen errepresentazioa eta denboraren erabilera izan dugu aztergai. Eta argi eta garbi ikusi dugu, hemen ere emakumearen  presentzia oso baxua dela bai espazio fisiko zein birtualetan, ez dela merezi duguna (sistema patriarkalaren arrastoak oraindik, presentzia gizonarena da nagusiki).









Gaur egun gure herri eta hirietan emakumeen izenak duten kaleak %10 baino gutxiago dira eta horietatik gehienak santa edo ama birjina baten izena hartzen dute eta beste batzuk erregina edo printzesen izenak. Teresa del Valle antropologoak kale izendegia eta memoriaren garrantzia azpimarratzen ditu. Bere esanetan: “Memoria da gizarte batek garrantzitsu jotzen duena eta datozen belaunaldiei transmititu nahi diena; kale izenak, monumentuak eta artearen errepresentazioak hiri batean oso garrantzitsuak dira memoria sortzen dutelako eta adierazten dutelako gizarte batzuentzat garrantzitsua dena”.




Beraz, garbi dago kale,parke, plaza,eraikin esanguratsuak , … izenak jartzerakoan emakumearen presentzia sinbolikoa areagotu behar dela, horrek emakumeoi espazio publikoan dugun tokia sortzen eta geure buruak aintzat hartzeko erreferentziak topatzen lagunduko baitu. Zaida Fernández-ek dioen bezala : “Urbanismoa historiaren materialtasuna da. Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, momentu bat diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinalatzea oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea baita.”

Espazio birtualetan ere emakumearen presentzia aztertu behar da genero ikuspegitik, genero ezberdintasuna eta sexismoa nabariak baitira. Sare sozialetan emakumearen presentzia nabaria da baina apaingarri bezala azaltzen da, hipersexualizatua, … Ezin da ahaztu sarean ere patriarkatua presente dagoela oraindik.






Hezkuntza eremura jotzen badugu oso fenomeno antzekoa gertatzen da; neskek barneratuta daukate espazio publikoen zati handienetan mutilak mugitzen direla, estereotipo sexistei erantzunez. Hori oso garbi ikusten da ikastetxeetako patioetan adibidez: mutilak dira patioko espazio handiena okupatzen dutenak baita hobeto kokatuta dauden espazioak ere,  erdian eta futbola izaten da patio guztien ekintza garrantzitsuena ; neskak bazterretan mugitzen dira jolas lasaiagoetan edo hitz egiten , izan ere, ondo barneratuta daukate beraientzako esparruak beste batzuk direla.  

Iazko post hau aukeratu dut, ideia orokorrak era laburrean eta patio antolaketaren adibidea oso aproposa iruditzen zaidalako: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/12/errepresentazioa-eta-denboraren_66.html

Eta sentsibilizaziorako ondorengo bideo hau aproposa iruditzen zait batez ere ikus-entzunezkoetan, publizitatean eta sare sozialetan nola eraikitzen diren identitateak azaltzen da:

Guzti hau ikastetxean lantzeko erronkak hauek izango lirateke:

·         Eskolako espazio ezberdinen okupazio eta erabilera aztertu (patioa, pasabideak, gelak, komunak, …) eta neskek erabiltzen duten espazioei garrantzia eman.
·         Eskolan erabiltzen diren ikus-entzunezko eta espazio literarioetan eredu berdinkidea txertatu.
·         Irakasle taldea sentsibilizatzea daukan garrantziaz jabetuz.








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina