2017/03/27

Tratu onak hezkuntza komunitatean

TRATU ONAK HEZKUNTZA KOMUNITATEAN

         Aste honetan tratu onetan murgildu gara . Tratu onez ari bagara, ezinbestekoa da harremanetara jotzea eta esan behar da pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua dela pertsona barrukoarena: norberak bere buruarekin bizitza osoko une bakoitza biziko baitu eta horiek pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanen kalitatean eragin zuzena izango dute.

   
                                          maiTatu
                                           zoRiontsu
                                          elkAr-ardura
                                         zainTza
                                             hUrbilekoa


                                             pOsitiboa
                                             oNgizatea
                                             hArremanak
         Kalitatezkoa 


         Hezkuntzan tratu onak garatzeko, hezkuntza-sistema hezkidetzailearen ardatz bat izango da ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten laguntzea, honako hau sustatzeko:
·         Indarkerian eta dominazio-mendetasun parametroetan oinarrituriko pertsona barruko zein pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten ereduen analisi kritikoa.
·         Elkarbizitza eta pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboen eraikuntza.
        

Bestalde, hezkuntza-eremuan elkarbizitza positiboa eta kalitatezko elkarbizitza sustatu behar da. Baina guzti hau lortzeko ikusi dugu gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak direla tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko : nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin. Arremanitz taldeko kideek dioten bezala : “begira diezaiegun benetan ditugun aurreiritzi horiei guztiei, nola tratatzen ditugun mutilak eta nola neskak, zein estereotipo ditugun guk geuk gizon edo emakume garen heinean, bertako edo kanpoko, heldu edo gazte … Horretaz jabetzeak aukera ematen digu gure harremanetan eragiten duten aurreiritzi horiei guztiei aurre egiteko eta tratu onak bideratzeko.”  Honekin batera oso interesgarriak iruditu zaizkit Mari Jose Urruzola-ren ekarpenak abiapuntutzat hartzea zentro ezberdinetan : nor bere buruarekin, besteekin (orokorrean), hurbilekoen artean (lagunak, senideak, ikastetxean) eta bestelako bizidunekin, objektuekin eta inguruarekin.


Bestalde, maitasunezko tratu onak eraikitzeko “maitasun erromantikoa” aztertu eta desikasi eta horren ordez, maitasun osasuntsua sustatzen duten harremanen alde egin behar dela ere ikusi dugu, begirunea, askatasuna, independentzia, autonomia, erantzunkidetasuna, enpatia, berdintasuna, ekitatea eta asertzioan oinarrituak.




     Tratu onak sustatu eta denboran zehar irauteko elkar ardura edo erantzunkidetasun gaiari heldu beharra dago. Erantzunkidetsuna edo elkar-ardurak norberak talde batean ardurak konpartitzeko hartzen duen erabakia da eta beraien kalitatearekin zerikusia du, denboraren erabilera parekideak, etxeko-lanak eta zaintza-lanak era parekidean konpartitzeak eragin handia izango luke emakume eta gizonen berdintasunean. Zaintza-lanik gabe ezin izango genuke bizi-kalitaterik mantendu.

     Iazko ikastarokideetatik honako post hau aukeratu dut gaia ondo laburtzen duelako eta baliabide interesgarriak eskaintzen dituelako:


         Ikasleekin lantzeko Nafarroako Gazte Kontseiluak kaleratutako  “"Maitasun zintzoen gida" oso interesgarria iruditzen zait , tratu onak bultzatzeko eta genero-indarkeriari aurre egiteko gida bat da.








         Eta azkenik, guzti hau hezkuntzan lantzeko erronkak hauek izango lirateke nire ustez:

·        Hezkuntza komunitate osoarentzat tratu onen formakuntza antolatu.
·       Zaintza hezkuntzaren erdigunean kokatu.
·        Hizkuntza hezkidetzailea sustatu.
·         Maitasunezko tratu onak nolakoa izan behar duen irakatsi.

·         Norberaren autoezagutza eta autoestimua sustatu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina