2018/04/23

AURKEZPENIK EGIN EZ ZUEN PERTSONAREN AGURRA!


Nire amak dio betitik izan naizela feminista. Oso txikia nintzenean, familiako bazkarietan nire aitonak aipamen matxistaren bat egiten zuenean sutan jartzen nintzela eta haserre erantzuten niola. Nerabezaroan mundua aldatzeko grina nire egin nuen ;) eta borroka feminista euforiaz bizi izan nuen! Fakultatera iristean, gogoan daukat egin nuen lehenengo lanetako bat feminismoari buruzkoa izan zela. Nire ibilbide profesionalean ondoren, alor honetan kokatzen diren hainbat ikastaro egin eta diseinatzen ditugun hezkuntza programekin gizon eta emakumeen berdintasunaren eremuan eragitea egokitu zitzaidan.

Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa, beste bizi-une zeharo desberdin batean iritsi da neurera eta biografia feminista txiki horren parte izango da hemendik aurrera! Ama izan ondoren, haur batek nire bizia hankaz gora jarri eta berriro oreka bilatu nahian nenbilela animatu nintzen ikastaroa egitera. Iazko ikasturtean dagoeneko ibili nintzen egin edo ez egin bueltaka, eta azkenean, aurten izena eman nuen ikastaroa hasten zen egun berdinean! Egutegia aztertu eta saio presentzialera ezin izango nuela joan konturatu nintzen eta lehenengo blokeko erritmoa nekez jarraitu ahal izango nuela. Blog honetan ez nuen aurkezpen sarrerarik ere egin… Ikastaroaren irakasle eta antolakuntza talde bikainaren gertutasun eta laguntzari esker ordea, aurrera egitea erabaki nuen, eta maila pertsonalean, aitortuko dizuet, ikastaroak lagundu didala guztira iristen ez den eta gauzak ezin hobe egiten ez dituen Leire honekin adiskidetzen! :) Aurrerapen pertsonalen artean aipatu nahi nuke ere, astero egin behar izan ditugun lan hauetan hartu dudan abilezia! Blogeko lehenengo sarrera egin nuenean makina bat zalantza, kezka eta buruhauste izan nituen, eta hemen nago momentu honetan lasai pantailaren aurrean idazten!

Nire sentipena da aipatutako erritmo azkar honek ez didala utzi ikastaroari atera niezaiokeen zuku guztia ateratzen. Dena den, dagoeneko aplikatu ditudan eta aplikatuko ditudan ezagutza garbiak eta hamaika baliabide eramaten ditut, materialek ere nirekin jarraituko dute, beraz, edateko beharra dudanean laranjei zukua ateratzen jarraituko dut! Eta ez pentsa, gurpil ero honetan bueltaka nenbilela gozamenerako parada asko izan ditut: ikastarokideen ekarpenak eta iritziak irakurtzea plazera izan da eta irakasleek proposatu eta idatzitako irakurketek hausnarketarako mila momentu on eman dizkidate. Lehen betaurreko moreak jantziak banituen, Irantzu Varelak dioen bezala, orain kataratetako ebakuntza egin dudala eta betaurreko horiek, barruan, betirako ditudala sentitzen dut!

Ikastaroari ondorengo hitz/sentipenak lotzen dizkiot: ITXAROPENA, hezkidetzaren bidetik, besteak beste, hainbeste behar dugun mundu parekide eta justuagoa lortuko dugulako. ABERATSA, edukiei dagokionez horrelakoa iruditu zaidalako eta ERABILGARRIA, esan bezala, erraz eta ez hain erraz aplikatu daitezkeen hezkuntza baliabide asko topatu ditudalako.



Jendeari orokorrean zalantzarik gabe ikastaroa egiteko esango nieke. Are gehiago, hasi naiz dagoeneko nire ingurukoen artean kanpaina egiten, jakin badakidalako, pertsona horiek aktibatu eta motibatzeko balio izateaz gain, irizpide garbi batzuk eta egiteko mila aukera zehatz jasoko dituztela.

Beraz, 22 aste hauetan lan talde polit hau osatu duzuen guztiontzat esker oneko hitzak ditut bakarrik, bihotzez,



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina