Sare sozialak beti erabili izan ditut, ez gehiegi, baina aritu naiz
saltsan… Gazteagoa nintzela Fotolog-a, gero Tuenti-a… eta Facebook-era iritsi
nintzenean bertan geratu nintzen. Hasiera batean oso gutxi erabilita, gaur egun
berriak irakurtzeko erabiltzen dut gehienbat, noizbehinka interesgarria
iruditzen zaidan artikulu, bideoren bat partekatuz… Baina ez naiz modernoegia!
Orain erronka… Twitter! Kosta zait kontua egiten asmatzea… gezurra badirudi
ere. Baina hortxe nabil sarean dantzan.
Sare sozialei abantaila batzuk topatzen dizkiet: berriak ezagutzeko
berehalakotasun handia dutela uste dut, lagunekin harremanetan jar zaitezke eta
distantzia apurtzeko baliagarri da, urruti daudenekin gertutasuna lortuz. Hala
ere, desabantaila batzuk ere badauzkatela uste dut; izan ere, zure datuak
edonork ikus ditzake eta kontrol falta bat dago. Gainera, badirudi egiten
duguna sare sozialetan partekatzeko egiten dugula, guztia publikatuz.
Desabantailak desabantaila, hezitzaileontzat sarean egingo dugun lanaren
etekina handia izan daiteke. Azken batean, gaur egun sare sozialek gure
egunerokotasunean duten garrantzia oso handia da eta oihartzun handia dute.
Bertan azaldutako mezuak, adin ezberdinetako pertsona askorengana iritsi daitezke
eta hortaz, baliatu behar den bide bat da.
Sareetan topatu daitezke orrialde erabilgarriak jada. Nik behintzat
erabiltzen ditut, gehienbat hausnarketak irakurtzeko. Faktoria Lila, Proyecto
Kahlo, Pikara Magazine… eta euskaraz Klitto ere, besteak beste, baditugu
betaurreko moreak jantzita berriak aztertzeko gune.
Ziberaktibismo hezkidetzailea bultzatu beharko genukeela uste dut. Nire
ustetan, gure ingurukoekin (kasu honetan, birtualki) hezkidetzaren inguruko
artikulu, bideo, musika… azken finean, eduki baliagarri eta interesgarriak
partekatzea litzateke. Horrela, hezkidetzaren mezua zabaldu eta transmititu
genezake.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina