2016/10/16

SARE SOZIALETAN MURGILTZEN

Sare sozialen mundua berria da niretzat. Duela gutxirarte facebook, twitter, instagram eta halakoen berri izan arren, nere burua hauetako batetan kokatzeko beharrik ez dut ikusi. Orain arte, horrelako tresnek ezjakintasunak sortzen dituen zalantzak eta beldurrak izan dira hauetan parte ez hartzearen arrazoi. Preziatuak dira oraindik niretzat aurrez aurreko harremanak. Zentzu honetan, harreman hauen   desnaturalizazioa ikusi izan dut hauen atzean. Baina hau horrela izanda ere, eta nahiz eta hauen erabiltzaile aktiboa ez izan, beraiekiko ezagutzan sakontzea ezinbestekoa iruditu zait azken garaietan.

Guraso, hezitzaile naizen heinean, garrantzitsua iruditzen zait sare sozialak zer diren, zergatik erabiltzen diren eta batez ere erabilpenaren egokitasunaren inguruko ezagutzan sakontzea. Hezitzaileon ardura da, gai honetan, beste askoren artean, transmisio lan zuzena eta zehatza egitea. Hortaz, beharrezkoa sare sozialen erabilgarritasun zuzena zein den jakitea.


Tresna hauen erabiltzaile berria naiz beraz eta argi daukat oraingoz, nere beharren arabera diseinatu eta antolatu dezakedala sare sozialetan dudan partehartzea. Baliagarri eta gustoko zaidan informazioa bilatzen dut bertan eta poliki poliki ezagutza partekatu eta hainbat gaiekiko dudan iritzia aberastea dira nere asmoak. 

Ikastaro honetan, sare sozialak,  informazioa elkartrukatzeko eta ezagutza konpartitzeko kanala direla ikusita, orain arteko nere ikasketa  ohiturak errotik aldatzen ditu eta guzti honek sekulako erronka suposatzen du niretzat. Hala ere, urduritasunak alde batera utzi eta suposatzen duen erronka horri aurre egingo diot.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina