GENERO INDARKERIARI STOP!
Ikastaro honetan bagoaz poliki
poliki hezkidetza lantzearen beharrak zuhaitz baten sustraiak balira
azaleratzen. Egungo gizartean, zoritxarrez, genero
indarkeria konstante bat bihurtu da eta ondorioz, hezkidetzaren
helburu nagusiena prebentzioa da. Genero indarkeria estereotipo sexisten
iraunkortasunean oinarritzen da eta azken hauetan aurkitzen du gainera bere
sustengu soziala. Gure garaiko izurrite bat dela ere aipatzen da sarritan,
sozialki berau estaltzeko joera nabarmena delako.
Aurreko astean, sexu/genero sistemaz aritu ginenean,
estereotipoen indarraz eta hauen jatorri sozio-kulturalaz aritu ginen.
Estereotipoek neska mutilen artean sortzen duten menpeko eta menperatzaile
binomioa gainditzen ez den bitartean, gure gizartean indarkeria matxistak lekua
izaten jarraituko du. Amikeco
psikologo Izaskun Odriozolak dioenez, "gizonak gainditu egin behar ditu
txikitatik buruan sartu dizkioten jokabideak, gizon izanagatik nagusi denaren
ustea, alegia. Indarkeriak hor ditu erroak. Gizonak berriro ere pertsona izaten
ikasi behar du".
Genero indarkeriaren inguruan
egiten diren sailkapenak ere badaude, eta orokorrean 3 dira sailkapen hauetan
agertzen diren motak; indarkeria fisikoa, psikologikoa (ekonomikoa eta soziala)
eta sexuala.
Sailkapen honi begira,
indarkeria psikologikoari arreta berezia eskeini nahi nioke. Genero
indarkeriaren expresio gordinena emakumeen aurkako indarkeria da. Hala
ere, beharrezkoa iruditzen zait genero indarkeria, familia/bikote
esparrutik ateratzea. Arreta eskeini behar diegu sexu estereotipoetatik kanpo
dauden intersexual eta maskulinitate heterosexual homogenerikoaren rolari
erantzuten ez dioten gizonek jasan dezaketen erasoei.
Gurean, heziketaren esparruan benetan aztertu, landu
eta gainditu behar dena mikromatxismoaren fenomenoa da. Honako hauxe da Luis Boninoren esanetan: “mikrotasunaren
ordenan egunero ematen diren gizonezko menderakuntza-jardun antzemanezinak”. Hau da, gaur egun berdintasunezkoa omen den
gizartean bere horretan dirauten matxismo-modu sotilak. Nekez antzematen dira,
matxistak ez diren antzeko beste jokabide batzuekin agertzen direlako. Hori
dela eta, baliteke berdintasunezko harremanak eragoztea eta zeure baitan
sentitzea zerbait ez doala hain ondo, nahiz eta zer den jakin ez.
Mikromatxismoa “naturaltasun” osoz
praktikatzen den genero indarkeriaren expresio arriskutsuena dela deritzot. Egun
gure haur eta gazteen bizitzan sare sozialek hartu duten indarra ikusita,
beharrezkoa da indarkeria sotil honen inguruko formazioan sakontzea, bere jatorria eta eraginak zeintzuk diren jakin eta aurre egin ahal izateko tresnak eskuratzeko.
Sozializazio zein heziketa prozesuak
sexu/genero sistemak markatzen dituen oinarrien baitan dauden bitartean, ezin
izango diogu aurre egin genero indarkeriari.
Iazko ekarpenen artean, Aida eta Itsasok (Gernika BHI) gustatu zait gehien, http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/hezkidetza-da-genero-indarkeria.html. Bertan agertzen den piramideak genero indarkeriaren expresioak azaltzen ditu oso modu gardenean.
Nere inguruneari begira, egunero
errepikatzen dira “mikromatxismoari” dagozkion egoerak. Enpresa mailan ditudan
harreman gehienak gizonezkoekin izan ohi dira eta emakume batek gure lan esparru zehatzaren
inguruko ezagutza mugatua denaren ideia oso barneratuta daukate gehienetan.
Hori dela eta, negoziazio egoeretan ematen ohi dira “mikromatxismo” delakoaren
expresio gehienak, komentarioak, gestoak, begiradak....
Eremu hezitzailean landu behar
ditugun erronkak:
- Eskola komunitate osoan,
indarkeria egoerak gainditu ahal izateko, sentsibilizazio eta formazio
kanpainak.
- Sexu/genero sistemaren baitan
dauden estereotipoen eragina gainditu eta bestelako heziketa bat posible dela
adierazi eta barneratzeko tresnak erabili.
- Hezitzaileen (guraso,
irakasle) formazioa.
- Ikasleekin. genero
indarkeria, eraso fisikotik haratago dagoela landu (maitasun erromantikoaren
arriskuak, sare sozialak, mikromatxismoa….).
- Hezkidetzaruntz eman behar
diren pausuak bideratzeko gai den plangintza sendo eta aplikagarria eraikitzea.
Plangintza honen barne beharrezkoak dira eragile guztiei bideratutako
sentsibilizazioa, formazioa eta esku hartzerako aholkularitza.
Azkenik, atzo Berrian irakurri
nuen artikulu interesgarri hau uzten dizuet, aztertu eta esandako guztiaren
adierazgarri:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina