Jadanik iritsi gara Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroaren helmugara.
Ikaragarria izan da 22 asteetan hezkidetzari lotuta bizi izan dugun
esperientzia, bertan jasotako informazioak pertsona modura hezteko asko balio
izan didalakoan nago.
Asko ikasi dut bertan burututako jardueren bidez. Hasiera batean, gaiaren
inguruko ideia orokorra nuen arren, gai bakoitzean sakondu ostean, hauen
inguruko kontzeptu eta ideia ugari barneratu ahal izan ditut. Horri esker, esan
dezaket, gaur egun nire inguruari beste modu batera begiratzen diodala. Egindakoak
benetan zentzua duela konturatu naiz, balio izan didala sentitzen dut. Hala
ere, guzti hau, hasiera bat izan da, etorkizunean gai hauek lantzen jarraitzeko ateak ireki dizkidana eta aurrera egiteko bultzada eman didana.
Kosta egiten zait, bertan bizitakoa hiru hitzekin deskribatzea, asko izan
dira 22 aste hauetan gai bakoitza lantzean izandako sentimenduak eta
barneratutako kontzeptuak. Hala ere, behin une honetara iritsita, honako hauek
dira gai hauekiko gaur egun ikastaroak eragin dizkidan hiru sentimenduak:
ilusioa, itxaropena eta gogoa. Gizartea sentsibilizatzea lortzen badugu eta
denon indarrak errespetuan oinarritutako gizartearen alde egiteko batzen
baditugu, gauzak alda ditzakegu. Beraz, jarrai diezaiogun lanari!
Esan bezala, aste bakoitzeko irakurgai eta informazio iturri ezberdinetatik
ideia ugari barneratzeko aukera izan dut, baina, esan beharra daukat, ikastaro-kideen
ekarpenek ere asko lagundu didatela; elkarren iritziak partekatzeak, norberaren
ideia eta pentsamenduak zabaltzeko aukera ematen du. Benetan, esperientzia
aberasgarria izan da foroetako parte hartzea eta baita, blogeko ikastaroen hausnarketak
irakurtzea ere.
Neure buruari so eginez, hezkidetzaren inguruko gaiei buruz ezagutza ugari
bereganatu ahal izan ditut, baina, batik bat, hauen alde lan egiteko grina piztu zait.
Horregatik, jendeari bertan parte hartzera animatu nahi diet.
Denok honen alde lan eginez, pixkanaka gizartea aldatuko dugunaren
itxaropena daukat. Pauso txikien bidez, pauso handietara heldu dezakegu, guztion
berdintasunean oinarritutako mundu bat eraikiz. Lan handia dago egiteko, baina
ezin dugu amore eman. Sentsibilizazioaren bidez, sistema patriarkala
deuseztatzea lortu behar dugu, guztion errespetuaren alde borrokatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina