2021/10/18

HEZKIDETZAK PENTSAERA HETEROPATRIARKALA IRAULI BAIETZ

 

HEZKIDETZAZ HAUSNARTZEN

Lagunartean hezkidetzaren inguruan galdetzen jardun dut asteburuan, eta uste nuena baino ezagunagoa dela konturatu naiz; izan ere, sei lagunetik bostek bazuten honen berri. Gainera, denek bota dituzte feminismoa, berdintasuna eta genero-bereizketa kontzeptuak definitzerako orduan.

Zer lan-ildo barnebiltzen dituen galdetutakoan, ordea, hutsune nabarmena sumatu dut, ez baitute euren kasa bakarra baino adierazi: genero-indarkeria prebenitzea. Haritik tiraka hasita, beste pare bat aipatzea lortu dugu: batetik, emakumeak agerian jartzeari dagokiona eta, bestetik, hizkuntzaren erabilera sexistarekin amaitzeari dagokiona.

Inkestatuen erantzuna aintzat hartuta, adierazi beharra dago gizartean oraindik gainditu gabe dagoela pentsaera heteropatriarkalari irmoki jarraitzen dion maskulinoaren eta femeninoaren dikotomia hierarkizatuak dakarren ikuskera partziala, eta, hain zuzen ere, horixe da emakumeen aurkako indarkeriaren funtsa; izan ere, eredu heteropatriarkala nagusitasun-mendekotasun harremanean dago oinarritua. Horrek esan nahi du aipatutako iturritik edaten duen harremana dela, besteak beste, otzantasunaren, bortxazko jokabideen eta botereari uko egitearen eragile.

Beatriz Ugarteren hitzetan, nortasuna estereotipo sexistetatik at garatzea behar beharrezkoa da, baldin eta berdintasunezko harremanetan eta boterearen erabilera parekidean oinarritutako gizartea eraiki nahi bada. Beraz, bada zer desikasi eta zer ikasi horretan ere.

Ingurukoei hezkidetzaren gainean galdetu diedanean, kontzeptu ezaguna dutela aipatu dudan arren, pixka bat sakontzeko eskatutakoan, ezina nabaritu dut, blogeko https://hezkeh0506.blogspot.com/2017/10/hezkidetzari-buruz-hausnartzen-galdera.html?m=1  sarrera egin zuenak bezala. Horrexegatik eta hezkidetzaren inguruko definizioan berarekin bat natorrelako aukeratu dut poema eder batekin borobildutako sarrera oparo hau.

Jakina da ikerketek (nola ez) argudio-andana ematen dutela hezkidetza lantzeko; eta nire inguru hurbilean ere —ez hain gertukoan bezala—, badira hainbat. Hona hemen hiruzpalau:

o   Sexismoaren aurrean, modu kritikoan pentsatzeko.

o   Hizkuntza neutroari heltzeko, alegia, hizkuntza ez-sexista erabiltzeko.

o   Genero estereotipoei agur esateko.

o   Gizarte heteropatriarkalak emakumezkoei “esleitutako” zaintza-lanen inguruan… modu kritikoan hausnartzeko.

o   Emakumea ahalduntzeko.

Jarrai dezagun feminismotik hezkidetzaren bidean aurrera!

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina