2022/11/06

Bazabiltza?

Besteen zaintza opari gisa eman eta hitza lapurtu zigutelako egundoko iraultza izan zen zapalkuntzaren kontzientzia hartzea. Aipuak esnatze horren indarra du.

Urteetako aldarrikapenek eta borrokek legeen aldaketak ekarri zituzten baina nola eskapa ohiturak erregulatutako praktiketatik? Aurreko edizio batean idatzitako Feminista izatea, bizitza defendatzea postean jasotzen da horren inguruan Ander Bergarak esandakoa; gizonek berdintasuna buruan, beraien jarduna etengabe kuestionatzeko beharra. Horrez gain post-ak aurrera egiteko ezinbesteko tresna gisa aurkezten ditu norberen zaintza eta emakumeen arteko sareak.

Ez dut inkestarik egin behar esateko nire adinekook ez genuela izan feminismoa Curriculumeko eduki gisa lantzeko inongo aukerarik. Belaunaldi bat beranduago familiako gazteek ez dute zorte hoberik izan; Filosofia ikasgaiko aipamen puntualetatik aparte, ezer gutxi.

Ez du bada bide luzea egin eskoletan Hezkidetzak eta hara non feminismoaren kontrako diskurtsoak indartzen ari dira eskoletan.

Aspaldian irakurri ditudan gogoeten artean aberatsenetakoa irizten diot Mari Luz Esteban antropologoarenari. Aldarrikatzen duen anonimotasuna eta horizontaltasunari izkin egingo diot bere diskurtsoak eragin didan miresmena aitortzeko.

Eskarmentu handiko feministak kultura politikoaren analisi sakona egin eta auzitan jartzen ditu hainbat praktika eta jardun. Ziurtasunetik alde egin eta galderak luzatzen ditu. Hona batzuk:

  • Zeintzuk dira instituzioetan egotearen onurak? Profesionalizazioa bidea da?

  • Nola lotu teoria feminista eta praxia?

  • Ez ote da feminismoa kontsumogai huts bihurtuko? Hala balitz zeinek zainduko du lausotutako mugimendua?

  • Feminismoan izen propioa dutenak gurtzera iritsi behar dugu?

  • Benetan al gara euskal medioetan argitzaratzen den eduki kopuruak aditzera ematen duten bezain feminista?


Ideologia feminista taldean eta edonon sortzen dela esatean herri mugimenduen aldeko apustu irmoa egiten du eta beste toki batzuetan aurrera daramaten anarkismoa balioan jarri ere bai.

Estebanek aipatzen duen ezagutza kolektiboaren ideia indartsua da eta lan hori bikaintasunez egiten dute Lokatza podcastean. Mundua begirada feministarekin aztertzeko ahaleginean askotarikoak dira arloak eta anitzak ahotsak. Musikak eta gaiak aurkezteko modu landuak benetan gonbidatzen du lokatzetan, narrasean ibiltzera.  

Eta ibiltzen hasita zer hobe lagun artean baino. Bazabiltza?


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina