2021/11/07

FEMINISTA IZATEA, BIZITZA DEFENDATZEA

     Aste honetako gaiaren inguruko informazioa irakurri ondoren, oraindik bueltaka dabiltza neure buruan feminismoak; baina nire ikuskera irekiago sentitzen dut orain, iturri desberdinetatik ideia ugari jaso ditudalako eta horietako asko dagoeneko nire barnean sentitzen ditudalako.  

                                              

Iturria: June Fernandez, Argia, 2016.[20]

   Egia da bai, bizitza osorako lana dela, azken finean bizitza defendatzea, ikastaroko kideren batek ere foroan aipatzen duen bezala.


Ander Bergarak, Gizonduzeko koordinatzaileak ere aipatzen duenarekin bat nator: “Etengabe kuestionatu behar dugu gure burua. Filosofia bat izan behar du berdintasunak, gure pentsamenduan eta eguneroko praktikan presente egongo dena, eta ez da hainbeste pankartaren atzean jartzea, bizitzeko modu bat baizik”.


    Bestalde, feminismoak hobeto ulertzeko oso baliagarria iruditu zait Iratxe Retolazak egiten duen feminismoen historien sarrera, Sareinak-en; bertan pentsamendu feministen korronte eta bilakaeraren berri emateko Rosemarie Putnam Tong-en  “Feminist Thought”  liburuko sailkapena aipatzen du:  berdintasunaren feminismoa, diferentziaren feminismoa, feminismo marxista eta sozialista, feminismo psikoanalitikoa eta generoaren feminismoa, feminismo existentziala, feminismo postmodernoa,  kulturaniztasunaren feminismoa eta feminismo postkoloniala, ekofeminismoa. 


    Sailkapen horretako azken feminismoarekin lotuta, ekofeminismoarekin, hain zuzen ere,  aipatuko nuke emakume feminista esanguratsu bat.

Maite Aristegi (Bergara, 1962)

Saltsa askotako perrexila, 

baserritarra, abokatu ikasketekin,

EHNE sindikatuko idazkari nagusi izandakoa,

Madrilgo Kongresuko kide izandakoa, 

eta Martxanterak talde feministakoa. 


    Niretzat emakume eredugarria, beti presente herrian, kalean,  betidanik baserritarren alde borrokatu duena, lehen sektorearen beharrak asetzeko  gizarte orekatu baten aldarrikapena eginez,  ingurua mantentzeko eta bere kulturari eusteko.

Bere hitzetan “Baserriaren biziberritzea emakumeen balioetatik etorriko da, balio horiei helduta dabiltza aurrera egiten”  Puntua-n elkarrizketa (11-12 or) (2016)


   Feminismoen inguruko beste ediziotako posten artean hain garrantzitsua den zaintzari aipamena egiten diona aukeratu dut; oraindik bide luzea dugu arlo honetan eta argi dago gizarte osoa inplikatu behar dela berdintasunera lortzeko. 

NORBERAREN ZAINTZA ETA EMAKUMEON ARTEKO SAREAK

  Behar beharrezkoak diren “norberaren zaintza”  eta “emakumeen arteko sareak” laburbiltzen dituzten bideoak esanguratsuak iruditu zaizkit. 

  GORA SORORITATEA!


     Azkenik, feminismoa curriculum eduki gisa prestakuntza akademikoan nork eta noiz aipatu den galdetuta nire inguruan (etxean eta  lagunartean) esan nahi nuke erantzun berdintsua jaso dudala; aipamena  institutuko garaietan izan zen, sufragio unbertsalaren inguruan bakarrik.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina