Gizarteak ospakizunak maite ditu, gure DNAn barneratuta daukagu eta inork ez du urtebetetze, gabon edota herriko jaiak galdu nahi. Hala ere, ospakizunak, tamalez, ez ditugu berdin bizi emakume ala gizon izan.
Jaietan pentsatzean, udan emakumeei ziztadak egiten ibili izanaren berria
etorri zait burura. Guztiok entzun dugu gertatutakoa. Erasoa ez da soilik ziztada
egitea baizik eta kolektibo honetan izua piztea. Gainera, ezin dugu ahaztu,
askotan jai giroan jasotzen ditugula emakumeok eraso gehienak (baimenik gabeko ukituak, jazarpena, irainak eta bortxaketak kasu). Eraso hauek, ez ditugu soilik emakumeok bizi, baizik eta heteropatriarkatutik at dagoen edonork bizi ditu.
Zenbait erakundeetatik, babes gidak sortu dira egoera hauei aurre egiteko
edota salaketa puntuak non dauden azaltzeko. Baina kasu honetan, biktimaren gainean
jartzen dugu fokua eta ez erasotzailearen gainean. Hau da, bortxa jaso duenak
egin behar du mugimendua, biktimaren bir-biktimizaioa bultzatuz. Biktimak bere
burua babesten ikasi behar du eta ez ospakizunak libreki bizitzen.
Horregatik, ezinbestekoa da alde batetik HEZIKETA, bai ingurune formalean (ikastetxeetan), bai eta ingurune informaletan (familian, lan-taldeak, lagun artean…) eta bestetik, boterea duten erakundeetatik (komunikabideak, gobernuak) eraso hauen aurrean erabaki eta erantzun sendoagoak hartzea.
Heziketa ezinbestekoa denez nire aburuz, honako erronka hauek landu beharko genituzkeela uste dut:
- Hezitzaileak heztea.
- Jai eta ospakizunen helburua ulertzea.
- Azpitik dauden rol estereotipoak apurtzea.
Hezitzaile gisa aldiz, jai eta ospakizunei hezkidetzaren ikuspegitik parez pare begiratzen hasteko honako galdera datorkit burura: Ez al dugu guztiok eskubide berbera jaiez disfrutatzeko?
Aurreko edizioko #ainhoa zumeta mendizabalen Festen sinbolismoa posta gomendatuko nuke, bere ideiak partekatzeaz gain, ikastetxeetan landu beharreko puntu oso interesgarriak plazaratzen dituelako.Azkenik, zuekin konpartitu nahiko nuke YOGURINHA BOROVAren Eraso sexistarik ez abestia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina