2022/11/05

Feminismoa denon kontua da!



    Duela urte batzuk feminista naiz entzutea ez zen ohikoa. Askotan ezjakintasunagatik eta bestetan gizarteko zenbait sektorek konnotazio negatiboa emanagatik gaizki ikusia zegoelako. Gaur egun, mugimendu feminista ezberdinei esker, gauzak ez dira horrela. Geroz eta gehiago entzun dezakegu gazteei, bai neska zein mutilei (oraindik gutxi diren arren) Feminista naiz esaten. Asko pozten naiz, baina oso kontziente naiz oraindik bide handia dagoela egiteko. Batzuetan ahoz gauza bat esan arren, benetako ekintzek ez baitute hori erakusten.

    Aurreko edizioetako FEMINISMOEN INGURUKO post hau aukeratu dut: FEMINISMOA ETA HEZKIDETZA EMAKUMEEN EZINTASUNAREN KONTRA.  Historian zehar eta arlo ezberdinetan emakume ikusezinei buruzko informazio mordoa plazaratzen duelako eta oso interesgarria egin zait #Lolak postean aipatutakoa: “Emakume ikusezinak ez dira existitzen; anonimatuan bizi dira; ez dute eskubiderik, ez askatasunik; ez dira ez norbanakoak, ez pertsonak; gizonek haietaz pentsatzen dutena dira. Hori izan da emakumeen errealitatea historian zehar”

    Nire ingurukoei GALDEKETA egin eta tamalez harritu ez nauen emaitza jaso dut: Curriculumean ez dute landu feminismoa sekula ere. Galdeketak, 35 eta 70 urte tarteko gizon zein emakume barneratu ditu. Galdetegiko persona gazteenek ere ez zuten curriculeman landu feminismoarekin zerikusirik zuen ezer eskola garaian. Gaur egun, pixkanaka-pixkanaka lanketa gehiago egiten ari dira ikastetxeetan. Batzuetan egun puntual edo asteko ekintza xumeak (M8, Emakume zientzialariaren astea…) eginez eta beste batzuetan transbertsalki landuz ikasturte osoan eta irakasgai ezberdinetan zehar.

Azkenik, EMAKUME FEMINISTA bakarra aipatzea zail egiten zaidan arren, Gloria Steinem aukeratu dut.




    Eta, nola ezagutu dut emakume hau? Askotan gertatzen den moduan film edo liburuei esker: 'Mi vida en la carretera' biografian oinarritutako, 2020ko 'The Glorias' pelikulari esker. Aktibista estatubatuar honek, emakumeen eskubideen alde borrokan hirurogei urte daramatza.

    Haurtzaro konplexua pasa ostean, 50eko hamarkadan Smith Collegen matrikulatu zen. Aukera hori ez zen ohikoa garai hartako emakumeentzat, baina bera ez zen ohikoa. Izan ere, berak ez zuen amatasunetik eta ezkontzatik espero zen bidea jarraitu nahi. Pasarte ezberdinen ostean, 'Esquire' aldizkarian freelance gisa lan egin zuen kontrazepzioari buruzko artikuluak idazten. Handik urte batzuetara, New Yorkeko “Playboy Clubean” infiltratu zen bertako  langileen baldintza iraingarrien berri emateko. Artikulu ezberdinetan abortuari buruz aske idatzi zuen eta   'erreprodukzio-askatasuna' kontzeptua sortu zuen: seme-alabak izateko edo ez izateko aukera-askatasuna.

    70eko hamarkadan beste feminista batzuekin elkartu (Bella Abzug eta Betty Friedanekin) eta National Women's Political Caucus sortu zuten, emakumeen alde lan egin zuena. 'Ms' aldizkari ikonikoaren sortzailea izan zen baita ere, historiako lehen hedabide feminista izan zena, emakumeen aurkako indarkeria bezalako gaiak azaleratzen lehenetarikoak izanik.

    Liburu ezberdinak idatzi ditu, hizlari moduan jardun du eta dokumental eta telesail ezberdinetan ekoizle moduan parte hartu du. Gaur egun, Feminismoaren alde lan egiten jarraitzen du eta iaz hain zuzen ere Komunikazio eta Humanitateen Asturiasko Printzesa Saria jaso zuen bere ibilbidea medio.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina