Jai eta ospakizun horiek dira gizartean
ere sarritan ospatzen direnak; Abenduak
3 Euskararen Nazioarteko Eguna, Otsailak 4 Ageda Deuna Bezpera Eguna
eta oporrak baino lehen ospatzen
direnak; Gabonak eta ihauteriak.
Guztietan sexu-genero sistema eta sexu-harremanetan dauden estereotipoak eta androzentrismoa errepikatzen dira.
Hau guztia
dela eta, argi dago, eta neuk ere horrela deritzot, hezkidetza ikuspuntua
txertatu behar dela edozein jai eta egun bereziren inguruan egiten ditugun adierazpenetan.Horretarako, jarrera kritikoaz jardun behar da, kontu handiz prestatu behar da eszenifikazioa eta proposamen alternatiboak sortu behar dira. Kontuan hartu behar dira hainbat gako aztertzerakoan: musika eta dantza motak, nor den abeslaria, abestiaren esanahia, kirol mota, norentzat, parte hartzaileak, garaipenetan ospatzeko keinuak eta abestiak eta umore mota eta ze balore transmititzen duen. Beraz, jaiak eta ospakizunak eta genero ikuspegia kontzeptuek lotuta joan behar dute edozein jai edo ospakizunetan emakumeen eta gizonen arteko ezberdinkeriak kontuan hartu behar baitira.
Jai eta ospakizun dezente aztertu ditugu
eta guztietan genero estereotipoak indartzen
direla argi eta garbi ikusi dugu. Adibidez,
San Valentin egunean Arantza Iruretak post
batean dioen bezala, maitasun erromantikoaren mitoak errepikatzen dira; Aitaren
egunean familia bat amak eta aitak osatzen dutela eta
aita dela familiaren burua eta familia babesten duena.
Beste kasu batzuetan, esate baterako, Donostiako Danborradan eta Irungo Alardean telebistako saio batean Xabier Kerexeta historialariak eta Inma
Landa Irungo Alarde publikoko jeneralak esaten duten bezala, aurrerapausoak eman dira baina emakumeak rol jakin
batzuetara ere bideratu dira.
Jaietan, Gipuzkoako Foru Aldundiak
2009ko "Gipuzkoak lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik”
txostenean
esaten denez, hainbat oztopo daude emakumeak festan sartzeko (ideologikoak, sozializazioari,
heziketari eta emozio arloari lotutakoak, egiturazkoak) eta festen antolaketan
parte hartzeko (eginkizunen
kontziliazioa, antolaketaren hierarkizazioa).
Azterketa horrek gure inguruan begirada hezitzailearekin zer ospatu erabakitzeko balio izan digu. Nik Lanbide Heziketako
institutuan Maiatzaren Lehena eta
Martxoaren 8a egunak ospatzeko aukeratu ditut; guztiok, emakumeek eta gizonek,
borrokatu zutela gaur egun ditugun lan baldintzak edukitzeko baita bi egun
hauetan langileen eskubideak aldarrikatzen direla jakin dezaten. Gainera, biak
lantzeak emakume langileen egoera diskriminatzailea (langabezi tasa altuagoa,
soldata baxuagoak lan berdinen truke, maila altuko lanpostuetan presentzia eskasa) ikusarazteko aukera emango luke.
Amaitzeko, jaietan eta ospakizunetan begirada hezkidetzailetik oztopoak gainditzeko ikastetxeek aurrean badituzte
hainbat erronka:
- Ikastetxean genero ikuspegia txertatzea jaiak eta ospakizunak aukeratzerakoan eta ospatzerakoan. Ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du zer ospatu eta nola egokitu bere testuingurura. Horretarako, eragile guztiak sentsibilizatu eta prestatu behar dira eta jai eta ospakizunetan hainbat gauza berritu behar dira.
- Ospatzen ez diren eta gizartean oihartzun handia daukaten jai eta ospakizunekin hausnarketa eragin behar da sexu-genero sistema deseraikitzeko eta emakumeen partaidetza sustatzeko bai jaien antolaketan bai jaietako ospakizunetan beretan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina