2015/11/28

Hezkidetzaren inguruko legediaren gaineko hausnarketa

Hezkidetzaren inguruko legedia orain dela urte pare bat ezagutu nuen "Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko gida plana" argitaratu zuenean. Bertan kapitulu oso bat esparru juridikoa azaltzeko bideratua dago. Ez dakit Hezkuntzan horren arautua dagoen beste arloren bat ba ote dagoen. Araudiari dagokion einean behintzat, gure hezkuntza sistema erabat hezkidetzailea behar luke. Hainbat arau, araudi eta planek gure hezkuntza sistema aktiboki lan egitera bultzatzen dute hezkidetzan oinarritutako eskola-eredu bat lortzeko, non sexuaren araberako rolak alboratuak izango diren eta era guztietako bazterkeria eta indarkeria gaitzetsiak.


  • Hezkuntzako esparru juridikoaren laburpena:
      • Gaiaren inguruan arautegi zabala dago eta laburbiduta, hauen helburua honako hau da: Hezkuntza sistemak aktiboki eskola eredu mistoa gainditu eta hezkidetzan oinarritutako eredua ezarri dezan pertsonen heziketa integrala lortu arte, sexuaren araberako estereotipo eta rolak albo batera utziz eta edozein motatako boztirkeria baztertuz.
      • Arautegi hauetan, Curriculumari erreferentzi zuzena egiten zaio eta hezkidetzari dagozkion hainbat helburu zehatzak aipatzen ditu.
      • Material didaktikoei erreferentzia zuzena egiten zaie baita ere eta aipatutako helburu horiek jaso beharra aipatzen dute.
      • Azkenik, genero bortizkeriaren prebentzioa, antzematea eta dagokionean aurre egitea jasoa dago baita ere.

Hau honela izanda eta gure gizartea ikusita, garbi dago legedia garatzeak ez duela arazoaren bapateko konponbidea ekartzen.





Emakume eta gizonen arteko berdintasuna definitzea ez luke lan zaila behar, azken finean, denok berdinak baikara legearen aurrean, gure legediaren arabera behintzat. Inozoa ni! Denok ez gara berdinak legaren aurrean, egoera ekonomikoak eta sozialak baldintza garbiak dira baino emakumea edo gizona izatea baita ere! Aurreko sarrera batean, bortizkeriaren inguruan jardun ginenean bortizkeri kulturalaz eta estrukturalaz aritu nintzen. Nire ustez hor dago honen gakoa, gure ohitura eta sinismen markoan emakumea gizonaren azpitik azaltzen da oraindik ere. Emakumea publizitatean "gauza" bat bezala azaltzeko joera onartezina bortizkeria justifikatzeko lehen urratsa da eta publizitatea arautzen eta mugatzen duen araudia egon arren ez du ezer egiten horrelako gehiegikerien kontra. Bestaldetik ezaguna da mota guztietako aginte taldeetan, politiko, pribatu zein administrazio publikoari dagozkionak, emakume eta gizonen arteko desoreka. Legeek eta kupoak ez dute hori gainditzerik lortu. Laburbilduz beraz, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna definitzea fikzio atalean jardutea eskatuko luke.





Zer da material hezkidetzailea? Nire ustez material hezkidetzailea genero ikuspegia aintzat hartzen duen edozein materiala da non genero estereotipoak ez diren agertzen eta emakumeak zein gizonak pertsona bezala aurkezten diren mota guztietako aniztasunekin.





Hasieran aipatutako planaren ondorioz hemendik aurrera ikastetxe guztietan hezkidetza plana eta koordinatzailea izango dugu eta gaia era antolatu eta sistematikoan lantzerik izango dugu. Hala ere, nire ustez ez genuke "erantsi" bat bezala ikusi behar, nik eskolako arlo guztiak morez tintatuko duen prozesua bezala ikusten dut gehiago.


Hezkuntza komunitateren erronkak:

      • Hezkidetzan oinarritutako eskola eredua sakon aztertzea eta genero-ikuspegia ikastetxeko kultura eta praktiketan txertatzea planteamendu integral batetik abiatuz:
        • Curriculuma genero ikuspegitik berraztertu.
        • Testu liburu eta gainontzeko material didaktikoa hezkidetzaren ikuspegitik aztertu eta aurrerantzean hezkidetza kontuan hartzen dituztenak aukeratu.
        • Ume-umetatik genero estereotipo itxietan oinarrituta neska-mutilek jasaten duten sozializazio paraleloaz konziente izan eta honek batzuen eta besteen gainean ditugun espektatiba ezberdinez ohartu.
        • Espazio ezberdinen (patioak...) erabilera genero ikuspegitik aztertu.
        • Ebaluazioa genero ikuspegitik berraztertu.
        • Familiak hezkidetzan inplikatu.
      • Ikasleak bizitzan, ikasketetan eta lan arloan orientatzea, askatasunetik, aukera aniztasunetik eta genero baldintzarik gabeko printzipioetatik.
      • Aniztasun sexualean eta emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunean oinarritutako harreman afektibo-sexualaren eta elkarbizitzaren inguruko heziketa eskaini.
      • Genero-indarkeriaren prebentzioa landu eskola komunitate osoa bertan inplikatuz.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina