2015/11/22

JAI ETA OSPAKIZUNEI BURUZ HAUSNARTZEN



Jaia edo festa jendeak giro alaian parte hartzen duen gizarte ospakizun mota bat da. Oso kontzeptu zabala da: kideek edo familia batek elkarrekin egon eta dibertitzeko soilik antolaturiko bilkura bereziak eta parrandak zein erakunde ofizialek antolatu eta herritarrek ikusle gisa bakarrik parte hartzen duten ekitaldiak dira jaiak. Herri elkarteek, ikastegiek eta bestelako gizarte instituzioek ekimen bat sustatzeko, pertsonaia baten omenez eta gertaera edo beste zerbaiten gorazarrez bultzaturiko ekimenak ere, betiere herritarren parte hartzeaz, jaiak dira.
Antropologiatik bereziki aztertzen den gaia da jaia, erritu moduan. Horrela, jaia gizatalde baten ideologia soziala irudikatu eta indartzen duen ekitaldia da. Zehatzago jaia erritual iniziatikoa da iritsi berrientzat, gizabanakoa taldean eta gizartean integratzen laguntzen duena eta, aldi berean, identitate-erritua, taldearen nortasuna indartzen duena.
Kultura baten oinarrizko elementua izanik, pertsona bat jaio eta berehala hasten dira ospatzen jaiak bere inguruan. Euskal Herrian, haurren ikastegietan ere ohikoak dira jaialdiak, non gurasoek ere parte hartu ohi duten...
(wikipediatik)


Hau guztia kontuan hartzen badugu, arreta bereziz zaindu beharko genituzke, gure jai eta ospakizunetan txertatzen ditugun gaiak, mezuak, ideiak... momentu horiek duten eragin eta ondorio emozionala dela eta, pertsonengan “arrasto” izugarria uzten dutelako.
Honegatik beragatik da hain garrantzitsua, jaiak eta ospakizunak, genero ikuspegiz jorratzea, hau da, antolatzen-ospatzen ditugun jai-festa guztietan, “edozein jarduera edo eremutan emakumeen eta gizonen arteko ezberdinkeriak kontuan hartzen dituen enfokea” argi izatea eta justifikaziorik gabeko eta ezbidezkoa den emakume eta gizonen ezberdintasuna legitimatu eta iraunarazi egiten duen estruktura sozial hierarkikoari, patriarkatuari, aurre egiteko erabiltzea.
Adibide bezala, hortxe ditugu, nola gaur egun ikastetxeetan bertan ospatzen diren jaietan, zein ikastetxeen bidez edo hezkuntza mundutik bultzatutako horietan, sistema patriarkalak baimentzen-sustatzen dituen botere-harreman ez-berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeria, nahiz emakume eta gizonen estereotipoak mantendu eta iraunarazten dituzten jaiek: Gabonetako ospakizunetan, Olentzero eta Mari Domingiren figuratik hasi eta gizon-emakumeen janzkeraraino. Ibilaldia, kilometroak, Araba euskaraz edota antzeko jaietan, ematen diren eraso-egoeretaraino.


Hortxe beraz, nahiko erronka gure hezkuntza sistemarentzat, ez bakarrik jai eta ospakizunei dagokienez, orohar, gizonak ardatz nagusitzat hartu eta sexismoa transmititzen duen egungo hezkuntza sistema errotik aldatzea izango baita erronka nagusia.

Honekin lotuta, hemen, Luixa Reizabal. EHUko psikologoa, 'Genero Berdintasunean hezteko gida'-ren egileak, Berrian eztabaidagai hartu duten atalean “Matxismoari aurre egiten hezkidetzatik” izenburupean idatzi duena, erabat interesgarria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina