Gai honekin hasi aurretik, argi neukan ekarpen honetan planteatzen dudan galderari emango nion erantzuna: EZ!.
Heziberri 2020: hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa dokumentuan Hezkidetzari aipamen bakarra egiten zaio, nahiz eta ikasleen irteera-profil orokorrak Oinarrizko Hezkuntza Derrigorrezkoa bukatzean, bizitzaren arloetan eta egoeretan moldatzen jakiteko lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziak definitu. Hau da, ikasleak, egokituko zaien jendartean bizitzeko prestatu behar ditugu, baina ikastetxeetan horren larria den genero indarkeriaren kontra, berdintasunaren, pertsona guztien dibertsitatearen alde, sexu-joeren eta genero-aniztasuna onarpenean… hezitzeko formakuntza ezan gaude.
Askotan, geletan neska eta mutilak elkarrekin daudenez... eskola hezkidetzailea dela uste dugu, baina diagnosi sakona egiten denean, indarguneak eta gabeziak identifikatzen direnean, irakasleok konturatu gabe, sistema patriarkalaren ezaugarriak, honek inposatzen dituen estereotipoak eta diskriminazioak, neskak ikusezinak bihurtzen dituen...“gutxitzen” dituen heziketa bultzatzen ari garela, emakumeen ekarpenak ezkutatzen dituzten testu-liburu eta beste baliabide didaktikoak erabiltzen ari garela... behatzen da.
Diagnosi hori maila ezberdinetan egin behar da: oinarrizko mailan (idatzizko hizkuntza, ikastetxean ospatzen diren jaiak), maila ertainean (ikastetxetako dokumentazio ofiziala, testu-liburuak, beste baliabide guztiak, zuzendaritza-taldea...hezkidetzailea diren ala ez) eta goi-mailan (eremu guztietan erabiltzen den idatzizko eta ahozko hizkuntza, liburutegia, espazioak…).
Aipatutakoa ezabatzeko, ikastetxeetako hezkuntza-curriculuma hezkidetzaren ikuspuntutik aztertzea ezinbestekoa da, aintzakotzat hartuz
- Iturburu soziologikoa: ikasleak murgilduta dauden gizartearen antolamendua (gizarteratze-prozesuan xurgatuko dituen maskulino eta femeninoaren estereotipoak, generoen eta esparru publiko/pribatuaren hierarkizazioa), baloreak, kultura…
- Iturburu psikologikoa: adinaren araberako ikasleen ezaugarri psikoebolutiboak, beren emozioen kudeaketak ikaskuntza prozesuan duen eragina, teoria psikologiko ezberdinen aztarna prozesu horretan eta pertsonen garapen globalean (neska/mutila izateagatik espero diren portaera eta jokabide estereotipatuak);
- Iturburu pedagogikoa: hezkuntza-ereduak, irakasteko erak, helburuak, ikasleak...aintzat hartzen dituena. Egun, hezkuntza-ereduaren helburu nagusia “ikasten ikastea” izan beharko zen, gizartera egokitzerako prestatzea. Monereok dionez, “ ...ikasten ikastea, ezagutza berriak garatzeko lehendik ikasitako ezagutzak eta estrategiak erabiltzea eta egoera desberdinen aurrean estrategiarik egokiena hautatzen jakitean datzala..”.
- Iturburu epistemologikoa: jakintza, ezagutzen metodologia, barne-egitura… Honen arabera, egoera historikoak, psikologikoak eta soziologikoak eragina dute jakintzaren eskurapenean. Ezaugarri horiek direla eta, jendarteak emakumeen jakintzak ukatzea, gizonenak goraipatzea, jakintza horietako androzentrismoa sustatu ditu.
Hezkuntzan bultzatzeko beharra dugun eredu hezkidetzailearen bitartez, pertsona guztiek eskubide berberak dituzten gizarte bat lortu nahi da, guztiok onartuak, errespetuz tratatuak, ondo baloratuak diren emakume eta gizonen gizartea, non inork ez duen beste batek baino botere, ospe, arrakasta gehiago emakumea ala gizona jaiotzeagatik, non sexu-aniztasuna aberasgarria baloratzen den.
Gure ikastetxeetan, zentzu honetan gainditzeko erronka ugari ditugu:
- Erabiltzen ditugun baliabideak hezkidetzaren ikuspegitik aztertzea, bai testu-liburuak, bai ikus-entzumenezkoak, bai edozein kultura-produktua (Bechdel testaren bidez)...
- Azterketa honen ondoren, erabakiak hartzeko beharra dugu:
- baliabideak hezkidetzaileak baldin badira erabiltzen jarraitzea
- hezkidetzaileak ez izatekotan, erabiltzen jarraitzea erabakitzen bada, dauzkaten gabeziak, ezak, “gezurrak”, emakumeen ekarpenak aipatzea, materiala moldatzea;
- hezkidetzaileak ez izatekotan, erabiltzen ez jarraitzea erabakitzen bada, hezkidetzailea den batekin ordezkatzea edo material berria sortzea.
- Interneten, sare sozialetan, beste lankide edo irakasle batek/batzuek sortutako baliabideak partekatzea eta osatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina