GATAZKAK HEZKIDETZAREN IKUSTEGITIK HAUSNARTZEN
Gatazkak, egoera positibotzat
hartuta, irtenbidea bilatzearen protagonista, kudeaketaren subjektu aktibo
izateko aukera ematen du. Honetarako ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko
abilezia, trebetasuna... garatzea eta gatazkei aurre egiteko pertsonaren baliabide positibo
bihurtzea.
Gatazkak modu intrapersonalean giza-harremanen parte izaten dira, eguneroko
bizitzan eta beraz ikastetxeetan ematen
diren harremanetan presente izaten dira. Modu honetan onartu beharko genituzke
beraz; gatazkatik abiatuz, eskaintzen diguten hobetzeko aukera aprobetxatu eta
ikasleei aurpegia ematen irakastea gure aukera da: besteen interesak ezagutzea,
errespetatzea eta kontuan izatea, elkarren arteko harremanaren eta
komunikazioaren garrantziaz jabetzea, hartutako konpromisoak betetzea,
ez-adostasuna gainditzeko ahalegina egitea …; beraz, gatazken trataera lantzeko,
lankidetza beharrezkoa da.
“...Gatazka
gizartearen osagaitzat hartzen da, eta pertsonek edo gizarte-taldeek kontrako
helburuak bilatzen edo sumatzen dituztenean, aurkako balioak defendatzen
dituztenean edota elkarrekiko urrun dauden interesak dituztenean sortzen da.
Gatazka, berez, ez da ez positiboa ez negatiboa, garrantzia bateraezintasun
horiek bideratzeko edo aldatzeko moduak dauka, modu suntsitzailean edo
eraikitzailean egiten den ikusi behar. Historian, gizarte-aldaketaren
bultzatzaile eta giza harremanetako funtsezko elementu sortzaile izan dira
gatazkak. Gatazkei irtenbidea aurkitzeko modu eraikitzaileak sustatzera
bideratutako prozesu bat baino ez da bakea.”
Honen aurrean, indarkeria agertzen da
gatazkei aurre egiteko beste era bat bezala, ingurune hurbilean ikasitakoa eta
fisikoa, emozionala, egiturazkoa ala kulturala izan daiteke.
Gatazkak modu egokian kudeatzeko, are
gehiago hezkuntzan, genero ikuspegia nahitaez
kontuan izan behar dugu, horien zergatiak eta ondorioak ezagutzeko, ulertzeko,
jendartean eta pertsonengan duen eragina agertzeko eta horren ondorio
kaltegarriekin bukatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna
identifikatzeko, emakumeek gatazkak konpontzeko erabiltzen dituzten estrategiak
balioesteko, kultura maskulinoaren eta femeninoaren ikuspuntuaz jabetzeko eta
gainditzeko..
Feminismoak ere, gatazken
kudeaketarako ekarpenak egin ditu. Haien artean: pertsonak aintzakotzat hartzea,
subjektu gisa ikustea, naturarekin eta gorputzarekin errespetu-harremana
garatzea, indarkeria erabiltzearen kontra agertzea, feminitate eta
maskulinitate anitzak aberasgarri baloratzea, emozioei garrantzia ematea,
guztiok ondo tratatzearen inportantzia goraipatzea...
Gatazken kudeaketa positiboa lantzeko
oso interesgarriak iruditzen zait Gasteizko udalak argitaratutako ondoko dokumentu hau.
Era berean,
Gasteizko berritzegunean aurten antolatu den gatazken ebazpenerako
mintegiaren site-ak ere hainbat baliabide eskaintzen du.
Ikastetxeetan bizikidetza eta gatazken trataerarako
cultura positiboa hedatzeko, Isabel Fernandez-ek honako hauek lantzea derrigorrezko
ikusten du:
- Kontzientzia hartzea: irakasleen prestakuntza, Bizikidetza Behatokiak genero-ikuspegia izatea, Bizikidetza Planaren helburuak ebaluatzeko genero adierazleak definitzea…
- Curriculumean, gatazkak tratatzeko garatu behar diren gaitasunak txertatzea, irabazle-galtzaile eredua ezabatzea, konponbide positiboak irakastea, ikasleen aniztasuna ahalduntzea, sentimenduei eta afektibitateari garrantzia ematea, bitartekaritza beharrezkoak diren abilezien artean ezartzea.
- Gatazkak tratatzeko banakako tutoretza.
- Neska eta mutilen partaidetza sustatzea haien behar, interes eta proposamenetatik abiatuz.
- Antolakuntza aztertzea, egokia ala ez-egokia den, genero estereotipoetatik aldentzen diren arauak ezarriz, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina