Aste honetako
hausnarketa interesgarria ez ezik oso beharrezkoa ere da, gizartean zein
ikastetxeetan arazo handia dago eta. Ezinbestekoa da ikastetxeetako
indarkeriari buruz hausnartzea eta azterlan eta ikerlan batzuen datuak
erakustea. Azterlan eta ikerlan horiek erakusten dutenez, ikastetxeetako
gatazken % 90aren oinarrian genero-indarkeria eta neska-mutilen sozializazio
afektibo eta sexual sexista daude.
Eskola-jazarpenari
buruzko ikerlan asko daude; dena den, ia ez dago genero-ezberdintasunei buruzko
ikerlanik, eta are gutxiago nesken jazarpenari buruzko azterlanik edo
indarkeriari dagokionez generoari lotutako jokabideak nola eraikitzen diren
aztertzen duen ikerlanik.
Eskola-indarkeriari
buruzko azterlan gehienek eskolan sortzen den indarkeria dute aztergai;
zehazki, bullyingarekin, isekekin, mehatxuekin, larderiarekin, eraso fisikoekin
eta bakartzearekin zerikusia duen indarkeria. Horiek guztiak jazarpentzat
hartzen dira, baldin eta sistematikoki pertsona baten aurka egiten badira eta
ezjakintasunaren eta ingurunearen pasibotasunaren erruz mantentzen badira.
Azterlan horien xedea da arazoak zer prebalentzia duen jakitea eta/edo
erasotzaileek eta erasoek zer ezaugarri dituzten jakitea.
Dena den, sexu-aniztasunari lotutako indarkeria
ikusarazteko azterlanek, bai eta jazarpenari buruzko ikerlanetan generoaren
arabera egoten diren jokabide-ezberdintasunak ikertzeko azterlanek ere, adibide
garbiak ematen dituzte, hezkuntza-etapa guztietan aztertutako gatazketako
askoren oinarrian generoa dagoela frogatzen dutenak.
Eskolako tratu
txarrei buruzko ISEI-IVEIren 2012ko txostenean azpimarratzen denez, Lehen
Hezkuntzako hirugarren zikloan eta DBHko geletan, jolastokietan jasaten dira
tratu txarrik gehienak. Hezkuntza-etapa bi horietan, eta aurreko edizioetan
bezala, batez ere mutikoek (mutil-taldeek) ematen dute tratu txarra, hain zuzen
ere erasoak jasaten dituzten ikasleen gela bereko mutikoek. Lehen Hezkuntzan,
ikasle gehiagok izaten dute eskolara joateko beldurra ikaskideren bati beldurra
diotelako. Hitzezko tratu txarrek dute
intzidentzia handiena, tratu txar mota guztien artean.
2010eko azterlanean,
lehenbiziko aldiz, datuak jaso ziren sexu-joerari eta generoari lotutako tratu
txarrei buruz. Hirugarren zikloko ikasleek eta batez ere DBHko ikasleek
adierazi zutenenez, ikaskideren batzuek beren sexu-joeragatik edo mutila edo
neska izateagatik pairatu duten bazterkeriaren lekuko izan dira. Jokabide hori
bereziki deigarria da DBHn gaytzat jotzen diren ikasleen kasuan.
Beraz, datuen
arabera gai honi dagokionez ikastetxeek erronka handi bat dute, nire ustez.
-Eskola-komunitate
osoaren atxikimendua lortzea, gatazken kasuak lehenbailehen detektatzeko eta
biktimei arreta egokia eta eraginkorra emateko.
-Aztertzen jarraitu behar dugu, eta galdeketak
eta erabilitako metodologiak genero-ikuspegitik berraztertu, tratu txarren tipología
hori agerian jartzeko eta jakinarazteko. Gainera, irakaslei prestakuntza eman
behar zaie, tratu txarren kasuak noiz diren sexistak eta/edo sexualak hauteman
dezaten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina