2017/10/05

NIRE AURKEZPENA


Umetan Andoni Aizpururekin batera Euskal Herriko eguraldi gizon izan nahi banuen ere, segituan ohartu nintzen eguraldia iragartzeko gai bai, baina gizon izateko asko ikasi behar nuela oraindik. Eta ez pentsa ez nintzenik saiatu, pixa zutik egiteko zenbait saiakera egon baitziren. Kaskagogorra izaki.
Valparaiso, Chile (2012)
Gauzak horrela, Haur-Hezkuntza, Lehen-Hezkuntza eta Sorkuntza eta Diseinuko ikasketak burutu ostean, ofizioz irakaskuntzan amaitu nuen.  Esan daiteke Euskal Udalekuek eragin zuzena izan zutela erabaki honetan (2005 urteaz geroztik bertako partaide naiz), izan ere, urteen poderioz taldeko kide eta lagunen esperientziaz asko jaso dut, hezitzaile modura, elkarbizitzari dagokionez eta batez ere pertsonalki. Dena den, segituan ohartu nintzen udalekuetako zenbait eredu naturaltzat hartzen ziren bitartean, arrotzak gertatzen zirela nire Donostiako errealitatean. Hala, feminismoaren ildoa jarraitu eta egunerokotasuneko egoerak ikuspegi feminista batez irudikatzen hasi nintzen.  Irakasle eta feminista naizen heinean, nire lanean ere hala islatu nahi izan dut, baina batzuetan zaila suertatu izan zait ikasleekin zein lankideekin alor hau lantzea. Horregatik, ikastaro honetatik, genero-ikuspegia duten proiektu hezitzaileak garatu eta horretarako beharrezkoak diren estrategiak, sortze ereduak eta erreferenteak lantzea dut helburu.
Pertsona kritiko eta ironikotzat dut neure burua (beti ere epaitu gabe); beraz, pertsona kritikoak edo gardenak topatu nahiko nituzke aurtengo ikasturte honetan.
Ni ere Charles Perrault-en Txanogorritxo ipuinaren biktima izan nintzen eta ondorioz nire berraragiztatzean otsoa izan nahiko nuke: taldean bizi dira, kutsu misteriotsua dute eta lasaiak izan arren ziztu bizian atera daitezke.
Amaitzeko, kaskagogorkeria eta jenioa amonari zor dizkiot eta kasualitatez edo kausalidadez amonak Maritxo du izena, beraz, hona hemen nik hautatutako abestia: 
MARITXO! (Maite Larburu, Hernani, 1978)
Aitortzak:
·      Egunero aguakatea, kalabaza purea eta kroketak jango nituzke.
·      Pekatuak pekatu, hortzak garbitzerako garaian ur txorrota zabalik uztea gustatzen zait.
·      Aintzane eta Ainhitze izenak nahasten ditut.
·    Kolorea: beltza. 
·    Ofizioz irakasle, tarteka diseinatzaile eta ilustratzaile. 
"Mikromatxismoak Bistaratu lehiaketa" 1.saria
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina