2017/10/03

NIRE AURKEZPENA


Iluntasunez eta argiz beteriko emakumea naizela esango nuke, nigandik espero denaren eta nire grinen arteko lerroan dabilen funanbulista. Irati naiz eta patuak ekarri nau honaino: Soziologia ikasi nuen unibertsitatean baina gizarte zientzien hoztasunetik urrundu nahian, gizarteratzea ikastera abiatu nintzen, jendartearen onura eta arazoek eskaintzen dituzten epeltasunean murgilduz.

Bide honetatik heldu nintzen Ondarroako emakumeen etxera, Etxelilara hain zuzen ere. Momentu horretan agertu zen hezkidetzaren presentzia nire bizitzan.

Etxelila Ondarroako institutuko hezitzaileekin elkarlanean aritzen denez, hezkidetzaz arduratzen ziren bi harri bitxi ezagutzeko aukera izan nuen. Uste dut asko irakatsi geniola elkarri. Izan ere, beraiek piztu zuten hezkidetzanganako egun duda interesa.

Bestetik, beraiek nerabeekin egiten zuten jardueretan parte hartzeko aukera izan nuen denboran lantzen nabilen gaiarekin; Edertasun estereotipoen, hauen ondorioen eta edertasun kanonen urraketaren beharraren inguruan aritu naiz urteetan zehar, sare sozialen bidez lantzen den proiektu txiki baten bidez.

Agian nire hezkidetzanganako interesaren sorburuetako bat ere izan daiteke azken hau. Hots, edertasun estereotipoan sartu ez arren, naizen hau nire osotasunean maitatzea, honek suposatzen duen ondorio eta presioa kontuan hartuta. Hetero-patriarkatu honek ez digu erraztasunik jartzen norberak bere burua den moduan maitatzeko, agian ez dakielako aniztasuna ederra dela.

Talde-lan birtualean aritzeko ditudan bi ezaugarri on nagusiak, jarrera irekia eta ikasteko nahia da. Alde batetik, jende berria ezagutzea asko gustatzen zait eta bestetik, hauengandik ikasteko dudan guztiak aberasten nau. Era berean, elkarrekikotasuna eta jarrera irekiak eskertzen ditut, hartuz eta emanez ikasten baita.

Kolorea izango banintz laranja izango nintzateke, alaitasunaren ikono baita.

Animaliari dagokionez, oso argi daukat ze animali izango nintzen: arranoa. Arranoak behatzaile oso onak dira, beraien inguruan zer gertatzen den behatzeko ahalmen handia dutelarik. Gainera boteretsuak eta ederrak dira, handiak.

Abestienganako dudan maitasuna asko aldatzen dut; Orain hau entzun eta entzun, eta biharko aspertzen nau. Baina badago abesti bat, urteak joan eta etorri ahala txunditzen nuena, agian barnean dudan neska txikiarekin konektatzen nauelako: Imanol Larzabalen “Haur Kanta”. Gogoan dut haurra nintzenean amak abesten zidan garaiak, ohe ondoan exerita loak hartu arte.

Bukatzeko, ikastaroarekiko ditudan itxaropen nagusiak asko ikastera laburbiltzen dira: ikasgaien bidez jasoko dudan teoriaz aparte, inguruan dudan pertsona berriez ikastea eta oro har bizitzarekiko ikuspegi berriak ezagutzea.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina