2017/12/09

Protagonistak garraxika


Eta gezurra badirudi ere, azkenean, protagonistek garraxi egiten dute. indarrez, sotilki, ezkutuan nahiz agerian ixilarazitako istorioak, oinazeak, une zoriontsuak, ekarpenak, lorpenak, deskubrimenduak, borrokak, pasarteak, herrietako historio zatiak... den denak... argitara aterako dira. Ez izan zalantzarik. Mendeak daramatzagu emakumeon zapalkuntza isiltasunarekin ere pairatzen. Baina gure arbasoek ekarritakoez eta kontatutakoez harro egon ez ezik, bozgorailu ere izateko prestatzen ari gara. Emakumeon ahalduntzeak eta jabekuntzak horretarako adorea eta zilegitasuna sentiaraziko baitigu beste behin ere. Eta uste dut, ahalduntzen garen emakume bakoitzeko beste hamaikari ahotsa itzularazten diogula. Irudipena dut eskutik heltzen garen konplize bakoitzeko indarrak eta hedatzeko bideak biderkatzen ditugula... Eta jakin badakit, kontatzen ez dena ez dela existitzen, baina gu, ez garela ahoak itxita bizitzera etorri mundu honetara!

Hortaz, eguneroko pausu txiki bakoitzean PROTAGONISTA garen aldetik, protagonista horiek guztiei ahotsa eta ohiartzuna emateko ekintza xumea da oraingoa ere. Guk idatzitako post bakoitzean zabalduko baita, hor nonbait, noizbait emakume garrantzitsu izan zen horren ibilbidea eta bizitza.

Nire herrikide batena berreskuratu nahi izan dut gaur: JUDITH URIARTE (1942-2013). Beste asko bezala, gizon handi baten itzala bailitzan ezagutu genuen gehienok. Pablo Gorostiaga herrikide maitatuaren bikote eta bidai lagun izan zela guztiok genekien, baina ziurrena, azpian dugun kartelak azaltzen duen legez, gutxi mintzo izan ginen bere ekarpen feminista, internazionalista eta sozialez.
 Emaion Talde Feministak bere garaian egindako kanpaina baten informazio karteletik ateratako edukia da honakoa. Bere garaian emakume ezagun eta esanguratsuak ezagutu eta jendarteratzeko helburuarekin abiatutako kanpaina da hauxe. Eta Judithen izana gogora ekartzeaz gain, mundu mailako, Euskal Herriko zein eskualdeko emakume batzuren bizitzak bildu zituen dozena bat paperetan. Azken honekin eman zitzaion amaiera: Gaurko eta biharko emakumeak.

Postean jartzeko gogoa piztu zait, izan ere, egungo emakume iraultzaile eta aktibo horiei zuzenduta dago. Etorkizuna eraldatzeko erabakia hartua duten edo hartuko duten horiei bideratutako mezua da, hain zuzen.
Bizirik daudenak eta hil direnak, horiek guztiak oroitu eta ezagutzeko aukera eman behar du hezkidetzak, eta hori da erronka nagusietako bat egungo hezkuntza sisteman. Haurrek eredu ezberdinak behar dituzte euren etorkizuna irudikatzeko, eta nola ez, emakume zientzialariak, kirolariak, ingeniariak, astronautak, biologoak, telekomunikazioan adituak, zuzendari goi kargudunak... orotariko erreferenteak ezagutzea ezinbestekoa da etorkizun anitzagoa eta oparoagoa izan dezagun.

Lehentasunezko bi erronka dira honenbestez:
  • Etorkizuneko emakumeak ahalduntzea
  • Emakumezko erreferente anitzak sortzea eta zabaltzea
Honen harira gogoetarako bideo hau uzten dizuet eskura:




Joan den urteetako artikuluak begiratzean Orioko Herri Ikastolako hauxe gustatu zait lerrotan aipatzeko.

 Batetik, Eusko Ikaskuntza eta Kukuxumuxuren arteko elkarlanez ateratako ekimen hau gogora ekarri didalako. 2011n Euskal Herriko historiako 44 emakume hautatu eta euren irudiekin elastiko ederra egin zuten, emakumeen ekarpena soinean eraman eta ikustarazteko. Hiru baldintza kontuan hartuta egin zuen hautaketa hura: Euskal Herriko herrialde guztietako emakumeak izatea, garai guztietakoak eta klase sozial guztietakoak.  


Eta bestetik,  Ezkutuko Amandreak Lekeition jaiotako proiektua aipatzen dute postean. Azpimarran hizketagai izan zutenekoa ekartzen dute gogora bideo honekin:






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina