Gu sortu
ginen enbor beretik, sortuko al dira besteak?
Konfiantza eta
ezagutza dira beldurra uxatzeko tresnak, bideak irekitzen dituzten gakoak. Gure
esku dago hezitzaile izatearen atzean zein ezaugarri azpimarratu nahi ditugun
erakustea, baita irakasle izatearen esanahia zabaltzea ere. Nik ezagutzen eta
maite dudan eskola emankorra da, eskuzabala. Betidanik entzun izan
dugu gu sortu ginen enbor beretik sortuko direla besteak. Zenbat eta enbor zabalagoa eraiki orduan eta espazio
zabalagoa izango dugu guztiok aske bizitzeko, elkarrekin dantza egiteko. Ez al da garaia
haritza eta pagoaren sustraiekin batera artemisa, kaktus, baobab, sekuoia eta
berbena belarraren sustraiak txirikordatzeko? Arakatu ditzagun gure bazterrak,
aztertu ahulguneak eta deseraiki aurrezagutzak; eman diezaiegun oraindik jaso
ez duten jakintzei eta analisiei merezi duten aitortza, eta, noski, gehitu
ditzagun elkarrekin justizia soziala bermatzeko falta zaizkigun sustraiak.
“Las
pedagogías críticas y emancipadoras evidencian que no es posible mantenerse
neutrales en cuanto a desigualdades, sea por género, etnia o clase”
Irene
Martínez Martín (2016)
Herri baten oinarriak arakatu nahi izanez gero, beraren mitologia aztertzea estrategia bat izan daiteke. Gurean, bada mitologia eta identitatea uztartzen dituen esaldi bat: izena duenak izana du. Descartesek izateko gakotzat pentsatzea zuen arren, gurean izendatua izatearekin nahikoa da; hau da, zuk zeuk edo beste batek zerbaiti edo norbaiti izena jartzen badio, bazaren edo baden seinale da. Deitua ez bada, arbuiatu genezake; ondorioz, ikusten edota nabarmentzen ez dugun horrek ez digu eragiten inolako erreakziorik. Izendatu ditzagun cisheteropatriarkatuak gure eskoletan eta guregan sortzen dituen hamaika injustiziak, baina baita horri aurre egiteko dauden estrategiak ere: PEDAGOGIA FEMINISTAK ETA HEZKIDETZA.
Ez gaitezen geratu zain beste batek izenda ditzan. Gainera, guk geuk errepikatzen ditugun barrabaskeriak ekiditeko estrategiak izango ditugu. Aska gaitezen eta saretu gaitezen eskola askeagoak sortzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina