Nork esan behar zigun orain dela 22 aste, ikastaroa hain azkar bukatuko zenik. Ikastaroaren helmugara iritsi gara eta niretzat oraindik hasieran nago, hezkidetzaren inguruko ibilbidearen hasieran soilik. Gauza asko ikasi, bakoitzak bere buruarekin hausnarketa sakonak egin eta besteekin baliabide eta esperientziak partekatu ditugu; Ikastaroak gauza asko eman ditu, baina niretzat garrantzia handia du aurrera jarraitzeko ilusioa, itxaropena eta gogoa piztu duela.
Informazio
asko jaso dut, baina oraindik artikulu, liburu,… irakurtzeko ditut. Hainbeste
informazio berri eta orain hausnarketa sakona, dena barneratu eta gehiago ikasi
eta des-ikasi garaia da.
Esan bezala, aste bakoitzeko irakurgai eta informazio iturri ezberdinetatik
ideia ugari barneratzeko aukera izan dut, baina, esan beharra daukat, ikastaro-kideen
ekarpenek asko lagundu didatela; elkarren iritziak partekatzeak, norberaren
ideia eta pentsamenduak zabaltzeko aukera ematen du. Benetan, esperientzia
aberasgarria izan da foroetako parte hartzea eta baita, blogeko ikastaroen
hausnarketak irakurtzea ere. Beraz, MILA ESKER PARTE HARTU DUZUEN IRAKASLE ETA
IKASLE GUZTIEI.
Foroak, partekatutako bideoak zein materialak... oso
interesgarriak eta anitzak izan dira. Askotan, denak nahi beste sakontzeko
aukerarik izan gabe, egunerokoaren errutina bizian murgilduta egin dugu
aurrera. Ez da erraza izan familia, lana eta ikastaroa batera aurrera eramatea,
baina lortu dugu.
Ikastaroa hasi aurretik entzuna nuen bidea ez zela erraza, aurretik lan asko izango genuela eta ordu antolaketa zaila izaten zela. Eta hala izan dela konprobatu eta egiaztatu dut. Asteroko erritmoan irakurgaiak landu, ingurua behatu, arakatu eta hausnartzea, ariketak banan-banan egitea... ez da lan makala izan. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen ikastaroa izan bada ere, aitortu beharra dut gai askotan sakondu eta ikasteko aukera eman didala.
Eta orain zer? Orain lanean tinko jarraitu behar dut.
Espero ditudan helburu guztiak ez ditut lortuko, baina gutxi batzuk lortuta ere
irabazle sentituko naiz.
Ondo izan eta zaindu. Laster arte
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina