2022/03/12

Gizonezkoak interpelatu: feminismoaren bidez deseraiki.

 


Aurreko edizioko sarrera hau partekatu nahi dut zuekin; izan ere, maskulinitate berriei erreparatzen die, eta hori ezinbestekoa iruditzen zait. 

Esan dezakegu, feminismoak, gaur egun, orain dela 15 urte ez zeukan zentralitatea eskuratu duela. Poztekoa da feminismoaren teoriaren ardatz nagusienek presentzia izatea jendartean, baina uste dut, behin baino gehiagotan aste honetako irakurgaian adierazi den bezala, emakumeok formakuntza behar dugula feminismoaren kontzeptua hobeto ulertzeko, praktikan egoki aplikatzeko. Baina ez emakumeok bakarrik, gizonezkoek deseraikuntzarako beharra daukate. 

Bai, uste dut maskulinitate berria lantzeak berebiziko garrantzia daukala gizarte feministarantz urratsak emateko. Eta horrek eskatzen duena, besteak beste, zera da: mendeetan gizonezkoek izandako pribilegioei uko egitea, eta izateko, egoteko eta hitz egiteko beste modu batzuk lantzea, egungo maskulinitate hegemonikotik urrun. 

Mugimendu feministak lortu izan du azken urteotan emakumeok interpelatzea, feminismorako deia eginez. Une honetan, uste dut gizonezkoak interpelatu behar direla, eta gizonezko hegemonikotik urruntzen diren horiek izango ditugu berdintasunaren bidean konplize. 

Gizonezko hegemonikoaren eredua deseraiki behar da, beste eredu batzuk sortzeko, beste jendarte bat erdiesteko. 

Hau guztia gelan lantzeko, maskulinitatearen inguruan hausnartuko nuke, eta horretarako ikus-entzunezkoen  material hauek erabiltzea proposatzen dut: 




Gizonezko hegemonikoaren erroan dago erasotzaile baten funtsa, eta horri aurre egiteko, garrantzitsua da emakumeok feminismoaz bustitzeaz batera, kontzientzia hartzearekin batera, gizonezkoak interpelatzea, eurena ere delako erantzukizuna. Sistema heteropatriarkalak denok zeharkatzen gaitu, baina batzuk zapaltzaile eta beste batzuk zapaldu bihurtzen gaitu, eta ondotxo dakigu nor den zer.

Interpelatzeko ezinbestekoa da modu padegogikoan egitea, eurenetik abiatuta, euren zapalkuntzetatik hasita, horrela soilik lortuko baititugu konplize feministak. Material horretan gizonezkoek gizonezkoak interpelatzen dituzte eta hori ere oso positiboa da. 

Zalantzarik gabe, hezkuntza, horretarako plaza beharrezko bezain egokia da, beraz, ekin diezaiogun. Izan ere, heziketan ez badugu ezer aldatzen betiko emaitzak izaten jarraituko dugu, jendarte feminista lortu nahi badugu has gaitezen heziketa feminista ematen. 






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina