2017/10/18

HEZKIDETZAREN INGURUAN PENTSATZEN

Oraingo honetan, hezkidetza kontzeptua sakontzen hasi gara. Horretarako, lehenik eta behin honen inguruko informazio orokorra irakurtzeari ekin diogu, hainbat egileren esanak aztertuz. Baina, hori egin ostean, gure gertukoenen jakituria behatzeko txanda iritsi da eta horretarako, gaur egun hainbeste erabiltzen ditugun sare sozialez baliatu naiz; horien bidez, nire lagunei hezkidetza hitzaren definizioaren berri galdetu diedalarik.

Esan beharra daukat, apur bat harrituta laga nautela jasotako erantzunek. Izan ere, batzuk hitz honen inguruko definizioren bat eman didaten arren (adibidez: “hezkidetza, ikasleak euren sexua kontuan hartu gabe heztea da, hau da berdintasunean heztea”), beste zenbaitek hitza entzuten zuten lehenengo aldia zela aipatu didate. Hori entzutean, galdera egin diedan pertsonen ikasketa eta lanari erreparatu diot eta ohartu naiz, hitza ezagutzen duten gehienak emakumezkoak izateaz gain, hezkuntza munduan lanean dihardutenak direla.

Lagun batzuen ezjakintasun hori ikusirik, hauei hitz honen definizio osatuago bat ematen ahalegindu naiz, orain arte honen inguruan bildu ditudan kontzeptuak azalduz. Modu honetara, taldean gaiarekiko interesa piztu dut eta berehala, honen inguruan hitz egiteari ekin diogu, bakoitzak gaiarekiko bere iritziak azaldu dituelarik.

Nire inguru hurbila aztertu ostean, hezkidetza hitzari denbora tarte handiago bat eskaintzea erabaki dut, hitz hau osatzen duten hizkiekin egin daitekeenaren inguruan pentsatuz. Honela, oso idazle ona ez izan arren, gai honen inguruko hitz batzuekin, ondorengo olerki moduko hau sortzea lortu dut.
Horretaz gain, aurreko urteko sarrerak ere behatu ditut eta horietatik, Ane Lenizen sarrera gomendatzen dut. Izan ere, berak dioenarekin identifikatuta sentitu naiz. Niri ere, oraindik zaila egiten zait hezkidetza hitza entzutean buruan bueltaka ditudan kontzeptu guztiak biltzen dituen definizio bakar bat eraikitzea. Gainera, asko gustatu zait, berak eginiko hezkidetzaren akrostikan eskubidea hitza ikustea. Azken finean, uste dut hori dela hezkidetza, guztion eskubidea.

Hori honela izanik, argi dago hezkidetza landu behar den zerbait dela. Horren arrazoia? Nire inguru hurbilari erreparatuz, hau lantzeko arrazoi nagusiena jendeak hitz honen nondik norakoak ezagututzea da. Baina horretaz gain, badaude beste arrazoi sendo batzuk ere, hala nola:
  • Pertsona guztiek gizartean (lanean, jolasetan, kirolean, hezkuntza) aukera berdinak edukitzeko, inongo bereizketarik (neska edo mutil) egin gabe.
  • Egun gero eta kopuru handiagoan ematen diren emakumezkoen aurkako sexu erasoekin amaitzeko.
  • Ikasleak genero eraikuntza sexistetatik at hezteko, ikusmolde androzentrikoak baliogabetuz.
  • Aniztasuna onartuz eta estereotipoak alde batera utziz guztiok askatasunean bizi ahal izateko.
  • Gure eguneroko ekintzetan arreta jarriz, ditugun jarrera ez hezkidetzaileak hobetzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina