2017/10/16

IZAN GAITEZEN SAREGILE!


Saregileen argazkia datorkit burura. Sare berari eusten diote bakoitzari egokitu zaion muturretik eta norbere ekarpenak egiten ditu, jaso duenetik, gertatu zaionetik, kontatutakotik... Batek etxepeko kontuak, besteak auzokoak eta azkenak medikuak esandakoa partekatu du konektatuta dauden bitartean.




Badira zenbait urte sareetan murgildurik nabilela, behatzaile bezala hasi banintzen ere, tarteka tarteka joan naiz nire hariak luzatzen eta noski, besteenei tiraka berriak deskubritzen eta horietatik interesgarri direnak jasotzen.
Gaur egun berriz, kaian biltzen ziren lau emakume izan ordez, munduan sakabanaturik gauden milioika eta milioika emakume izan gaitezke, gure jakinminak, ezagutzak, esperientziak… sarean partekatzen ditugunak. Hartu eman hauetan sortzen diren eztabaidak, istorioak, aldarrikapenak... beste horrenbeste irakurlek jasotzen dituzte eta lehen asanblada edo bilguneetan lortzen zen babesa, jende gehiagorengana iristea lortu da.

(Blogs y redes sociales para el empoderamiento de las mujeres. Montserrat Boix)

Eremu berrietara iristeaz gain, komunikabide edo agintariek isilarazten dituzten ahots ugari plazaratzeko aukera sortu da, adierazpen askatasuneranzko pausuak emanez. Zuk idatzitakoa milaka lagunek irakurtzeko ez duzu filosofiako katedraduna izan beharrik, honek emakumeen ahalduntze prozesuari bultzada ederra eman dio Pikara magazineri buruzko artikulu honetan azaltzen duten moduan.

Feminismoari sare sozialek eginiko ekarpenak hezkidetzan ere eragin dute, baina oraindik ere bada erronkarik. Eduki hezkidetzaileak (identitate sexual ezberdinen inguruko bizipenak, hausnarketak, sexu genero diskurtso tradizionala kolokan jartzen duten eztabaidak…) sarean egotea funtsezkoa da. Baina, sarean zintzilikatzearekin soilik ez dugu lortuko gazteak erakartzea, Ikasgeletara, gaztelekuetara... eraman behar da gaia. Egunerokotasunean, zehar lerro moduan landu behar dugu eta ez urtean lau saio solte eginez.

Azkenik, sarean kontrola ezina den irudi, bideo… kantitatea zintzilikatzen da une oro eta ez dira guztiak feministak, ez hezkidetzaileak. Honen aurrean zer? June Fernandez blogariak elkarrizketan aipatzen duen moduan, debeku eta beldurraren estrategiak alboratu eta ikasleei, sarean murgiltzeko aukera eman behar zaie, erabilera egokiak zein diren irakatsiz. Jaso edo partekatu dezaketen, informazio guzti horretatik, baliagarria dena hautatzen eta diskriminazioa eragiten dutenak ezabatzen ikasi behar dute. Ondorioz, hezitzaileon erronka ikasleei sare sozialetan zabaltzen diren edukien gaineko  ikuspegi kritiko hori garatzen laguntzea da.

Amaitzeko lagungarri izan daitezkeen zenbait ideia, material aurkezten dituen artikulu baten esteka uzten dizuet: Usos creativos feministas de las redes sociales

Jarrai dezagun hezkidetzaren sareak josten, izan gaitezen saregile!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina