Ez naiz sare sozialetan murgiltzea asko gustatzen
zaionetakoa. Ez dut sekula Facebook izan,
ez Instagram
ez horrelakorik. Twitter kontua ireki
nuen duela urte asko baina uste dut nire bizitza osoan ez dudala txio bat bera
ere idatzi. Whatsapp-aren kontura nahikoa begiratzen dut pantaila dagoeneko, gehiegi niretzat.
Teknologia kontutan oso zorionekoa naizela
iruditzen zait, adin bat dudanaren seinale edo, izan ere 80. hamarkadan lehen Spectrum horietatik abiatuta, teknologiak
bizi izan duen garapenaren lehen-lerroko lekukoa izan bainaiz. Ikaragarria izan
da bizitutako bilakaera!
Ez naiz ordea teknofoboa, ez horixe. Noski baliatzen naizela teknologia berriek
eskaintzen dizkiguten abantaila zoragarriez. Esaterako, bizikletaz ibiltzeko
GPS bidez gordetako ibilbideek Wikiloc bezalako webguneetan, edozein lekutan
hamaika ibilaldi egiteko aukera ematen dizkigu, eta horiek guztiak sare
sozialaren bitartez mundu osoarentzat dohain elkar partekatuak. Foro
espezializatu eta Youtubeko bideoen bitartez
hainbat gauza ikasi ditut (baita dirua aurreztu ere!) eta behin baino
gehiagotan nik neuk laguntza eskaini ahal izan dut baita ere. Kirola egitea
baino garrantzitsuagoa, injustizien aurrean jendartea batu eta mobilizatzeko
tresna izugarri indartsuak direla behin baino gehiagotan ikusi eta bizitzeko
aukera izan dugu. Esaterako: https://www.change.org/.
Ordea badirudi irabazi sozialaren kostuak banakoaren
kalitatearekin talka egiten duela, bai behintzat nire kalitate-irizpidearen
arabera. Pantaila elektronikoek eskaintzen
duten babesean, sare sozialak geroz eta jendarte ziurgabeago baten babesleku bihurtzen
ari direla jaso daiteke hainbat lekutan. Alde batetik geroz eta hiperkonektatuagoak baina
aldi berean isolatuagoak aurkitzen garela iruditzen zait. Ez da harritzekoa aurkitzea hainbat ikerketetan sare sozialek nola ahalmen sozialak ahultzen dituzten
jasotzea. Eta bestetik autoestimuaren debaluazioa, egiten dugun eta sareratzen
dugun ororen besteen oneritzia jasotzearen beharrak sortzen dituen antsietatea
XXI. mendeko gaisotasun berri bezala kontsideratzean. Honela ba, sare sozialak gauza guztiak bezala oso lagungarri baina aldi berean etsai bihurtu daitezkeela argi geratu behar da.
Nahiz eta jakin hainbat
gauza galduko ditudala bidean, nahiago dut, oraingoz behintzat, berdin jarraitu. Korreoak errebisatu,
nire bizpahiru foro eta egunkari digital ikusi eta segapotoa etxean utzita
pintxopotera joan! Dena dela, baliteke ikastaro honetarako nire
makina-txiotzaileari hautsa kentzea!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina