2022/12/05

Heroi oro oroi

Aste honetan emakumeen eskarpenei buruz hausnartzerakoan konturatu naiz zenbateraino dugun deformatuta diagnostikoa. Hau da, badakigu oro har ez direla kontuan hartzen emakumeek garai batean edo bestean esan edo egindakoak, baina ez dakit hain argi dugun zenbateraino ez ditugun kontuan hartzen. Normalitateak erabat baretu gaitu eta propio lantzen ez badugu ez gara konturatzen gai askotan ez emakumeak, ez emakumeek egindako lanak, aipatu ere ez ditugula egiten. Hori dela eta, ariketa bat egin dut eta zuei ere gonbidapena luzatzen dizuet egiteko (etxean, lanean...). Lehenengo, irakasle batekin egin dut. Historia irakaslea da eta lan mahaiaren atzean apalategi oso bat du klaseak prestatzeko erabiltzen dituen liburuz beteta. Eskatu diot apalategian buruz behera jartzeko gizonek idatzitako liburuak, emakumeek idatzitakoak bistan gelditu daitezen. Hauxe izan da emaitza:


Ez dago apenas libururik zutik. Berak esan du emakume historialari gutxi daudela eta gai espezifikoetan edo espezializatuetan halaxe izaten dela maiz. Hortaz, bigarren ariketa egin dut, oraingoan ikasleekin: eskolako liburutegira joan gara eta, eleberriak edo nobelak direnez gehien irakurtzen direnak, berdina egin dugu liburutegiaren zati horrekin. Hau da, eleberrien artean buruz behera jarri ditugu gizonek idatzitakoak eta zutik utzi emakumeen lanak. Hau izan da emaitza:




Berriz ere oso-oso gutxi izan dira zutik gelditu diren liburuak. Hausnarketa aberatsak egin dituzte ikasleek: bazekitela emakume gutxiago izango zirela, baina ez zutela uste aldea hain handia izango zenik, edo dauden emakumeak nobel saridunak edo oso ospetsuak direla eta horrek gutxieneko langa itogarria ezartzen duela emakumeentzat, adibidez. Horrez gain, hasi dira pentsatzen: buruz behera jarriko bagenitu europarrek idatzitakoak edo txuriek idatzitakoak ere antzerako gertatuko litzateke. Azkenik, ondorio batera iritsi dira: kontzientzia hartzea urrats bat dela, baina eskutik ekintzarik ez badakar nekez aldatuko dela egoera. Alegia, inertziari jarraituz gero, ezer egin gabe, beti jasoko ditugula neurri askoz handiagoan gizonezkoen ekarpenak, beraz guztioi dagokigula ahalegina egitea, nor bere alorrean, emakumezkoen ekarpenak barne hartzeko.

Ildo horretatik, aurreko edizioetako blogeko sarrerak irakurtzen aritu naiz eta Arantxa Urretabizkaiari buruzkoa aukeratu dut hona ekartzeko. “Zergatik panpox” liburuan hasi zen moldeak apurtzen eta ordutik hori besterik ez du egin euskal literaturan. Hala ere, ez du behar adinako osperik.

Eta euskal emakumen aitzindari bat ekartzeko ere bide beretik jo dut. Ospe handiko kontuetan egindako ekarpenaz baino, egunerokoan sekulako eragina duten “txikikeria” horietan bidea urratu duen emakume bat ekarri nahi izan dut lehenengo. Perpetua Saragueta euskaraz idatzi zuen lehen emakumeen artean dago, bai, baina Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea ere bada (1935ean lortu zuen) eta horrek bizitza goitik behera aldatu zion. Gainera, ohitura eta gaizki ikusien kontra, alabari izena euskaraz jarri zion lehenengoen artean dago Perpetua. Miren Agurtzane deitu zion alabari eta elizako liburuetan hala dago jasota. “Bidegileak” bilduman duzue emakume honen biografia labur eta arina. Aipatzekoa da falangistek senarra jipoitu eta lanerako gaitasunik gabe utzi zutela, beraz Perpetuak 8 kideko familiaren biziraupenaren zama eraman behar izan zuen bizkarrean. Etxeko eta etxetik kanpoko lanen artean aberatsentzat jostun aritzen zen, adibidez, eta horrek gogora ekarri dit “Neskatoak” dokumentala, bertan jasotzen baitira aberatsen etxeetan lanean aritutako emakumeen testigantzak. Ikusi ez baduzue, hona lotura. Azkenik, Bibiana aipatu nahiko nuke “Adunan galtzak jantzi zituen lehen emakumea”, berak ere bidea urratu baitzuen egunerokoan.

Egunerokoan egiten ditugun horiek iraultza txikiak diren heinean, nire ustez, hezkidetzan ere hala jokatu beharko genuke. Ikasleek agian gogoratuko dituzten gure hitzetako batzuk, baina ziur neurri handiagoan gogoratuko dituztela beraiek egindakoak, normaltasun hori urratzera eraman zituen egoera, alegia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina