2022/12/09

Izan esan(on)eko!

Gutako gehienok bizi izan dugu inoiz pentsatzen duguna ahoz gora esateko ezintasuna, aurrean dugunaren botereak kikilduta nahiz esango dugunaren ondorioen beldur. Adinak eta jardunak eman digu ahots isildu hori berreskuratzeko ausardia. 

Gaiarekin zerikusia dutela eta Uxue Alberdiri Itziar Ocarizek egindako elkarrizketa baten inguruan sortutako galdera batzuk ekarri ditut testura.

 

Nola iristen da hitzera emakume ahotsetik?

Ba al du generorik zure ahotsak?

Nola zeharkatzen dizu eztarria genero sistemak?

Zer esan dezake ahots honek? Zer nahi dut nik esan dezan?

 01: Ahotsa lokatzetan. Pentsamendu feministan narrasean 

 

Azken galderarekin geldituko naiz, Zer esan dezake ahots honek, Zer nahi dut esan dezan?

Gehienok dugu ahots propioa tenplatzeko, afinatzeko beharra. Artean nerabe nintzela, beste era batean esan zitekeen kontzientziarik gabe botatako - Emadazu marikonera hori  esaldiak ezagutu berrian eragindako egonezinak esnatu ninduen, mezuarekin batera modua ere asko zainduko nuen aurrerantzean, bai horixe!

Norberak esandakoa zaintzearekin batera besteen ahotsak adi-adi entzuteko ohitura hartu dugu, gustagarri dugunaren muina nahiz kirrinka egiten duenaren arrazoiaren usnan. Kostata onartuko dugu mina eman eta Ai neska, esatearren esan badut! desenkusarik. 

Hizkuntzatik fobia adierazpen oro desagerraraztea lehenik eta modu sotilagoan diren gutxiespen nahiz ausentzien kontzientzia esnatzea dira erronka nagusiak.

Bide horretan lagungarri dugu, besteren artean, Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza-jarraibideak gidan proposatutako alderdi hauen lanketa:

  • Umeak hain mukizu tratatu beharrean pertsona adimentsuak direla pentsatu eta bazter ditzagun errepikapenaren errepikapenez haiei zuzentzean hain barneratuak ditugun hiztegi eta moduak.  
  • Ahozkoa izanik gure egunerokoan harreman gehienak egituratzen dituena zaindu ditzagun emakumeen aipamenen kantitatea eta kalitatea. Behingoagatik bada ere, ongi etorria Emakumeak lehenik esapidea!

2020an Bego Liernik idatzitako Hizkuntza neutroa eta aberatsa aukeratu dut hizkuntzaren inguruko hausnarketa desberdinez gain haren erabilera sexista ekiditeko proposamenez betea dagoelako.

          

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina