2023/02/12

ASKE IZAN

 




Gai honetan sakondu ondoren eta identitate desberdinak eta berriak (behintzat niretzat) aurkitu ondoren, horri buruz dudan analfabetismoa aitortu nahi nuke.
Eta zenbat eta gehiago ikertu eta sakondu, orduan eta zailagoa iruditzen zait egin beharreko bidea. Ikastaro honetan landu diren alderdi guztietan lan handia daukagula iruditu zait, baina identitateari buruz hitz egiterakoan, uste dut bidea luzeagoa eta zailagoa dela. Halere....AURRERA!!! Azken finean izenburuan jarri dudana da, nire ikuspuntutik, pertsonak bezala lortu behar duguna: ASKE IZAN, errespetu osoz besteentzat, baina... ASKE IZAN. 

Aske, pertsona indibidual eta sozial gisa eraikitzeko; aske, nahi duguna eta nahi dugun bezala izateko; aske, gure gorputza nahi dugun bezala sentitzeko; aske, besteak errespetatuz nahi dugun bezala jokatzeko; aske, gure identitate propioa eraikitzeko; aske.... ASKE IZAN. 

Zentzu horretan, Jule Goikoetxeak eta Miren Arangurenek esaten duten bezala, gizonik eta emakumerik gabeko geroa imaginatzen dut. Eta etorkizun horretan bakoitzak izango da nahi duena, generorik gabe, izenik gabe. Ez gara izango ez gizon, ez emakume, ez zis, ez trans, ez ez binario, ez... Zertarako izen horiek guztiak inportanteena pertsona bera denean? Zertarako sentitzen dudanari izen bat jarri? 
Izango gara, aske izango gara, besterik gabe. Agian amets bat baino ez da, baina, batzutan, gauza handiak amets bat atzetik lortzen dira.

Dena den, eta hasieran esan dudan bezala, bidea zaila izango da, eta eztabaida eta hausnarketa sakonak beharko dira adostasunak lortzeko, zeren aspektu guztietan desadostasunak sortzen diren, gaia konplexua delako eta gure eskemak goitik behera apurtzen dituelako. Adibide bezala Queer teoriak ditugu. Horri buruz irakurtzen hasi nintzenean nahiko ondo iruditu zitzaidan, baina gero... bat-batean... tira!! desadostasunak  sortzen dira. Eta berriro hausnarketa egin behar. Baina seguraski horretan egongo da aberastasuna. 



Hala ere, niretzat oso interesgarria izan da eta uste dut argi handia ematen duela, benetako pertsonen testigantza ikustea, eta euren esperientziak eta bizipenak entzutea. Horrela gertatu zait Ur Handitan bitarrak ez diren pertsonei buruzko  programa ikustean. Asko gustatu zitzaidan eta beste ikuspegi bat ireki zidan. Zenbat gauza desikasi behar ditudan eta zenbat gauza ikasi behar!!!!




Beste alde batetik, nire inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatzerakoan, konturatzen naiz modu ez-kontziente batean egiten eta esaten ditudan gauza asko aldatu behar ditudala. Orain arte, eta feminista izaten, termino batzuk ezagutzen eta onartzen nituen, errespetu osoz, baina orain, ezagutzen ez nituen kontzeptu batzuk ikasi eta barneratu behar ditut. Eta ondorioz, konturatzen naiz, ezjakintasunagatik, gauza eta jarrera batzuk aldatu behar ditudala. Horren harira, aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post-en artean, Ainhoarena aukeratu dut curriculum ezkutuaren atea zabaldu didalako. Bere post-a irakurtzen konturatu naiz irakasleok eredu patriarkal eta sexistak betikotzen ditugula ohartu gabe, adibidez, eta Ainhoak esaten duen bezala, "irakasleek neskak agurtzerako orduan beti bere soineko politari, ileari edo edertasunarekin zerikusia duen guztiari egiten diete erreferentzia", edo, neska bat leku guztietan igotzen ikusten dugunean "ahuntza dirudiela edo marimatxoa dela" esaten dugu. 

Zenbat gauza aldatu behar eta zenbat erronka pertsona zein irakasle bezala!. 

Irakasle bezala, eta Haur Hezkuntza ikuspuntutik; gure erronka nagusia "Curriculum berrian" agertzen dena betetzea da: 

"Etapa horretan izaeraren garapena bat dator besteenaren desberdina den nortasun propioa eraikitzearekin. Hezkuntzaren esku-hartzeak haurrak norberaren irudi doitua garatzera bideratu eta bide horretan akonpainamendu egin behar du. Adin honetan deskubritzen du sexualitatea eta hori da sexuaren eta generoaren eraikuntzaren hasiera. Haurrak hezitzaileekin duen hartu-eman orok neurri handi batean gidatzen eta moldatzen du haurra, inguratzen duten helduen harremanetarako estrategiak imitatzeko eta errepikatzeko joera baitu. Estrategia horietan jarrera sexistak normalizatua egon daitezke, hori dela eta, ezinbestekoa da eskola-ingurunean egon daitezkeen bistako edo estalitako diskriminazio-mekanismoak identifikatu eta erauztea".

"Hezkidetza, eskolen antolaketa pedagogikoaren irizpide orientatzailea den aldetik eta hezkuntza-sistemaren ildo estrategikoa den aldetik, funtsezkoa da, maila eta modalitate guztietan, pertsonen garapena errazteko, sexuaren, sexu-orientazioaren, identitatearen edo genero-adierazpenaren araberako estereotipoez eta rolez kanpo".

Horretarako, curriculum ezkutua ondo aztertu behar dugu, airean uzteko, eta aldatzeko edo baztertzeko. 

Seguraski, prozesu horretan kanpoko laguntza beharko genuke, askotan guk geuk ez garela jabetzen egiten dugun. 

Eta Nereak Sanchok esaten duen bezala, irakasleok ditugun beste erronka batzuk  hauexek dira: 

  • Esku hartzean ez du bere iritzia, esperientzia edo sinismenak oinarritzat hartu behar
  • Profesionalak autoezagutza eta autokontrola izan behar ditu
  • Ez dira jarraitu beharreko ereduak eta anitzak dira baita ere 
  • Bere bizitza pribatua erreserbatuko du, eredu ez bihurtzeko
  • Kontzientzia objetoreak izatekotan (abortoa, preserbatiboa, koito osteko emerjentzia pilula…), bitartekoa eskainiko duen beste baten erreferentzia zuzena emateko betebeharra du. 
Bide luzea eta zaila, baina ez ezinezkoa. 😉


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina