2023/02/13

INOR

Etxekoentzat “tortolea” izango da, betiko; maitasunez gogorarazten diote eskolatik etxera bueltan besteen denbora bikoitza behar zuela, ziren eta ez ziren mailukiak biltzen igarotzen zituela orduak. Gaur egungo lagunek ez dute inondik ere molde horretan ikusten.

Halako zenbat etiketa jarri dizkiguten!  Eroso daramatzagu batzuk, azkura galanta eragiten dizkigute beste askok. Horregatik besarkatu egin dut determinismoaren kontrako aldarri den identitatearen izaera aldakorra. 




IDENTITATEA ideiaren handiak hartu nau; nola ez bada aldi berean besteengandik bereizten banau eta jendarte baten partaide egin ere bai?  Ia bakar egiten nauen izenak laztanduta harro egon naiteke euskaldun jendartekoa izanda.


Filosofiaren nahiz literaturaren historian izateari eta ez izateari eskaini zaizkion lan ugarietan sakondu gabe ere hemen dira betiko galderak. Zerk egiten nau emakume? Zerk euskaldun? Zerk langile? Izan naiteke aldi berean ama eta laguna?  Zer esaten ari gara norbaitez nortasun handikoa dela esaten dugunean? Eta nortasunik ez duela esatean?


Identitate hitzaren inflazioaz dihardu Tere Maldonadok, filosofia irakasle eta feministAldeko kideak Identitate gutxiagoren alde artikuluan. Aspaldiko pertsonala politikoa da eta feminista batzuk identitatea IZAN baino EGON eta EGIN direlako ideiarekin bat eginda hala dio: “Identitateen puzteak nora garamatzan ikusita, politika feminista eta ezkertiarra proposatuko nuke, garenaren edo izateari uzten diogunaren ahalik eta kontzepzio txikienean oinarrituko dena. Beste era batera esanda, mundua eraldatzeko, gehiago egin behar dugu, eta gutxiago gara*.


Ezin ukatu, familarekin batera, eskolak ume eta gazteen identitatearen garapenean duen eragin handia. Curriculum izkutuaren bidez, askotan oharkabean, modu sotilean irakasten dugu nola jokatu, ibili, hitz egin, jantzi, elkarri zuzendu etab. Helduok lan handia dugu pentsatzen duguna eta egiten duguna bat datozen pentsatzen eta desikasten.


Berriak, ez-ezagunak sor ditzakeen errezeloak astintzeko bideo bilduma bateko ale hau:

Nire inguru hurbilean gutxi dira genero-eskema arruntenetik atera direnak, gehiengo handi bat sistema bitarrera egokitu da. Feminismoan hazitako gazte bakan batzuk aldarrikatzen dute generoa apustu politiko gisa, egoteko eta egiteko modu gisa. Pozez hartu dugu izena aldatzeko adorea eta familia sostengua izan duen ikaslearen erabakia, inori  nor-zer den adierazteko beharrik gabe, gainera. 

Egun jakinetan eta ikasgai apurretan egiten diren ahaleginak ahaztu gabe eskolan asko dugu egiteko. Hauek izan daitezke erronka nagusiak:

  • Eskola gune segurua bihurtzea. 

  • Arloetan genero aniztasuna eta binarismotik aparteko egoera eta erreferenteak argira ekartzeko aukerak aurkitzea. 

  • Ikasleen kalitatezko hezkuntza afektibo-sexuala bermatzea. 

  • Irakasleen prestakuntza modu antolatuan egitea.


Batzuetan ez dugu jakiten nola jokatu  gertaera deseroso edo gatazka baten aurrean, ez dugu jakiten zein neurritan den egokia eta eraginkorra gure erantzuna.

Ikasturte honetan irakasleen prestakuntzaz arduratzen den taldeak aholkularitza ere eskainiko digu kezka eragiten diguten gaien inguruan hitz egin eta, ahal dela, adostasunak lortzeko.


Aurreko ikasturteko Nor naiz? post-ak ezagutu nituenean oso baliagarri izan nituen bideoak biltzen ditu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina