2023/02/27

Sexua ikasi?


Hitz-hodeirako aukeratu ditudan kontzeptuetan saiatu naiz gaiaren alde positibo edo eraikitzaileak jasotzen. Izan ere, maiz ez dugu jakiten heziketa afektibo-sexualari nondik edo noiztik heldu eta, lotsa edo beldurragatik, azaletik edo bazterretik lantzen dugu.

Bide berberetik, gaiaren inguruko baliabideei dagokienez, abesti pare bat ekarri nahi ditut. Uste dut hurbileko erreferenteak behar dituztela haur eta gazteek, eta oso baliabide interesgarriak ditugu eskura azken urteotan, zorionez geroz eta gehiago, gainera. Adibide pare bat emateko, hona aukeratu ditudan bi abesti:

Haurrekin lantzeko (gure etxean gorrotatzeraino entzun behar izan dugu):


Nerabeekin lantzeko:


Hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia, nire ustez, formazioa da. Oraindik ere ezjakintasuna da nagusi, bai gaiari dagokionez, bai lantzeko moduari buruz. Formazioak kalitatezkoa izan beharko luke, egiazki kontzeptu batzuk ikasten ari garela bermatzeko eta, aldi berean, aplikaziorako bideak errazteko. Horrez gain, heziketa afektibo-sexuala lantzeko erreferente onak edo praktika onak ezagutu beharko genituzke. Egon badaude eta ez dugu urrunera joan beharrik horien berri izateko. Hala eta guztiz ere, irudipena dut inguruan ditugun ekimen praktiko horietariko asko ez ditugula ezagutzen. Beraz, oinarrizko formazioaz gain praktika errealeko erreferenteak beharko genituzke. Horretarako bide egokia izan daiteke heziketa afektibo-sexuala berariaz lantzen duten kolektiboengana hurbiltzea. Hemen, adibidez, bada eskolarako proposamen zehatz bat:


Bukatzeko, aurreko edizioetako ikastarokideek egindako posten artean "Heziketa afektibo sexuala" aukeratu dut, lehendabizi, asko gustatu zaidalako lehen irudian txuriak ez diren gorputzak irudikatzea (hori gai zentrala ez den testuinguru batean). Gero, irakurtzen hasi naiz eta oso interesgarria iruditu zait baliabideen artean unitate didaktiko edo material zehatza eman beharrean artearen bidez gaia lantzeko proposamena luzatu izana. Zehazki, antzerkiaren bidez. Ez nuen ezagutzen postean aipatzen den antzezlana eta izugarri aproposa iruditu zait. Izan ere, pentsatuz gero, une oro, edonon, norbaitekin harremanetan ari garen momentutik ari gara heziketa afektibo-sexuala lantzen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina