2016/03/06

INDARKERIA MATXISTEI BURUZKO HAUSNARKETA

1. Gaiari buruzko balorazio pertsonala:

Helburuak argi edukitzea bezalakorik ez dago: beldur barik bizitzea indarkeriarik gabeko jendarte batean, herri libre batean.

Egin dezakegun guztiak harantz eraman behar gaitu:
  • autodefentsa feminista: “erasorik ez, erantzunik gabe” mugimendu feministaren leloaren harira erasoei aurre egitea zilegia delako. Beldurrari buelta eman behar diogu mugak gainditzeko.
 

Ados gaude Maialen Lujanbiorekin “beldurra lekuz aldatuko dugu” baino “ardura aldez aldatu behar dela” esaten duenean.








  • maskulinitate berrien aliatuak: banaka joan behar dugu eredu hezkidetzailea zabaltzen, gizonen artean ere bai. Eta Xabier Odriozolak Hamaika Telebistako elkarrizketan dioen bezala, momentuz ez dago agian gizonezkoen mugimendurik, baina badira mugitzen ari diren gizonak. 




  • “mikro” guztien salaketa: ez dagoelako garrantzi gutxiko erasorik, ez maitasunaren izenean, ez askatasun faltsuaren izenean, ezta sexu-genero identitate aniztasunaren ez onartzearen izenean ere.
  • Mikromatxismoan (oharkabean pasatzen diren jarrera matxistak), mikrolesbofobian, lesbofobia lausoan, mikrohomofobian arreta jartzeak eragin zuzena izango du indarkeria deseraikitzeko.
Laburbilduz, emakumeon ahalduntzeak eta emakumeen arteko elkartasunak, eredu tradizionaletik kanpo bizi nahi duten  gizonen jarrera berriekin, ekarriko dute indarkeria matxistaren desagerpena.


2.    Indarkeria matxistaren inguruko baliabideen aipamena:
 

 
Maskulinitate berrien atalean oso argia eta esanguratsua iruditu zaigu Badinterren hausnarketa: “gizonak bere identitate maskulinoari balioa emateko hiru gauza sinetsiarazi behar dizkie besteei: ez dela emakumea, ez dela haurra eta ez dela homosexuala”. Gizonek eraiki duten umore paradigma (txisteak, komedia, publizitatea…) aztertzea besterik ez dago demostratu behar dituzten hiru ideia horiek zirrikitu barik transmititzeko. 

 


Baina Beldur Barik lehiaketako “Ez da txiste bat” bideoan oso polito adierazten duten bezala, maskulinitate eredu horri aurre egiteko, beste gizonen inplikazioak itzelezko balioa du. Horixe da, gure ustez, bultzatu behar dugun jarrera: konplizitaterik ezarena



3.    Jardueraren inguruan jasotako datuak eta ondorioak:

Nesken artean, bai ikasle, zein langile, erabateko adostasuna ikusi dugu eremu honetan. Diskurtsoa mamitsuagoa izan ala ez izan, erasoen biktimatzat eta objektutzat hartzen dugu geure burua.

Mutilen artean, berriz, teorian guztiak daude indarkeria matxistaren aurka, beraz ez dira inplikatuta sentitzen, baina oso gutxik azaltzen du lan egiteko konpromisorik. Lan- eta jendarte- egoera ez bidezkoetan inplikatzen diren mutil berberek ez dute inolako keinurik egiten, adibidez, beste lankide gizonei edota ikasle mutilei eskemak apurtzeko eta garuna astintzeko (mutilek ere ahul agertzeko eskubidea dutela, lehian barik, elkarren zaintzan oinarritutako elkarbizitza bultzatu ahal dela, negar egiteak ez duela zure genero-identitatea baldintzatzen …).

Alde horretatik, oraindik lan handia egin beharra ikusten dugu gure inguruko mutilen artean.

4. Gure ustez hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

Bat: autodefentsa feministaren eskaintza programatzea. Beste hainbat erronka markatzen ari gara ikastaro honi esker (ez dakigu estrategia ilunen bat ez ote dagoen hortik jubilazio adina oraindik gehiago atzeratzeko), baina aste honetako irakurgaian agertu den bezala, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa ezinbesteko estrategia da indarkeria matxistari aurre egiteko; beraz, datorren ikasturterako, hasteko, ikastaroak antolatuko ditugu Batxiler eta Lanbide Heziketako zikloetako ikasleentzat.

 




 


Bi: bitartean, mutilen inplikazioa lortu nahian, ez legoke txarto, beraiei zuzendutako testigantza zuzena ematen duten gizonen hitzaldiak antolatzea. Unitate honetan ikusi ditugun adibideak aprobetxatuz, eredu berriak ezagutaraz daitezke.

 

Hiru: oso interesgarria da mikromatxismo, mikrolesbofobia, mikrohomofobiaren trataera, eta honetan  aproposa iruditzen zaigu Luis Boninoren mikromatxismoen sailkapenaren informazioa gela guztietan zabaltzea, egunero sortzen diren egoera “nahigabeak” guztiok presenteago izateko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina