Legeen mundu honetan orain gutxi arte emakumeak bigarren plano batean gelditu garela ezin ahaztu liteke, eta ondorioz, gaur egun ere pgutxi dira politikan diharduten emakumeak. Izan ere, ezin dugu ahaztu hamarkada gutxi batzuk arte emakumeok ez genuela
aukerarik legeak sortu eta haien inguruko eztabaidak eremu politikoan
aurrera eramateko.
Hala, onartu beharra daukagu esku artean darabilgun marko
politikoa gizonezkoek sortu
dutela eta hein handi batean marko politiko maskulinoa dela.
Beraz, hezkidetzak gaur egun marko legal bat duela esan badezakegu, urteetako
borroka feministak garaipen hori lortu duelako da; dena den, aintzat izan behar dugu arau horiek
abiapuntu gisa onak diren arren, ez direla nahikoa eraldaketa soziala
lortzeko.
Hau esanda, zein izango lirateke berdintasun errealaren bidean dauden erronka nagusiak? Hona hemen nik proposatutakoak:
- KONPROMISOA: Eraldaketa prozesuarekiko konpromiso eta hartu eman bat izatea. Denon indar eta sormena lagun ditugula norabide berean egin behar dugu bultza, egiazko aldaketarik gertatzea nahi badugu.
- KONTZIENTZIAZIOA: Beharrezkoa da marko legalak babesten duen hori sinetsi eta zertan datzan jakitea. Heziketa eremuetan ari garen guztiok eraldaketa beharrezkoa eta posible dela sinesten ez badugu, eraldaketa ez da posible izango.Hezitzaile komunitate osoaren kontzientziazioa beharrezkoa da. Hau lantzeko, interesgarria litzateke Hezkidetza Mintegietan arlo gutzietako hezitzaileak parte hartzea. Hau da, familiak eta hezkuntza komunitate osoko ordezkariak egotea eta irakasle bakoitzak erabiltzen duen material didaktikoaren berrikuspena egiteko konpromisoa hartzea, besteak beste.
Legediari dagokionez urrats asko lortu diren arren, lorpen aipagarrienetako bat hezkidetza bera hezkuntza
komunitatearen agendan txertatu eta leku garrantzitsua hartzea izan da.
Izan ere, orain dela gutxira arte hezkuntza arloan zebiltzan askok eta
askok hezkidetzaz hitz bakar bat ere entzun ez zuela esan zitekeen. Gaur
egun aldiz, hezkuntza esparruarekin eta legediarekin besterik ez bada
ere hezitzaile gehien gehienok ezagutzen dugu hitza, horietatik gehienek
kontzeptua ulertzen dugu, eta asko bat gatoz hezkidetzaren helburuekin.
Aztertu ditugun lege guztien artean esanguratsua den bat aukeratzekotan Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 28. artikulua aukeratuko nuke:
“Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria-mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean”
UR AZALERA GAITEZEN ETA ITO DEZAGUN PATRIARKATUA!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina