Gaurko sarrera hasiko dut, Berdinduk, 2013-1014 ikasturtean egindako “Aniztasun afektibo-sexualen aurreko jarrerak ikasgeletan” txostenean aipatutako datu batekin, “Sexu-orientazioen arteko hierarkia nabaria da eta ikasleen erdiak baino gehiagok hautematen du eskola ez dela espazio segurua”. Nire buruari galdetzen diot, nola joan daitekeen pertsona bat egunero, 6 edo 7 orduz, seguru sentitzen ez den espazio batera, pertsona gisa garatzera?. Hezitzaile garen heinean, erantzukizun handia dugu gai honetan. Alderdi positibo gisa, txosten honetan ere aipatzen da aniztasun sexualarekiko jarrera hobera doala: gaia ezagunagoa da, bazterkeria ekintzak behera doa eta pertsona anitzak onartuagoak dira, beti ere nesken jarrerak mutilena baino irekiagoa izaten mantentzen direlarik.
Aurreko ikaskideen posten artean, Argiñerena aukeratu dut: Eskola gune segurua. Nire sarrera hasteko erabili dudan hausnarketarekin lotura zuzena duelako aukeratu dut. Gainera, lan aparta egin du gure ikastetxeetan une honetan dugun testuingurua azaltzeko. Alde handia dago nik jaso nuen sexu-heziketarekin, 0 izan baitzen, orain gure ikasleek dutenarekin, baina, hala ere, asko dago egiteko, eredu pratiarkal hegemonikoak eraikitako eskema mentalak hausteko. Hezkuntza afektibo-sexualik ez badago, gure nerabeek, batez ere mutilek, pornoaren ereduak hartzen jarraituko dute, horrek dakarren guztiarekin.
Jarraian, ikasleekin lan egiteko baliabide batzuk utziko dizkizuet, baliogarriak izango zaizkizuela espero baitut.
LHn: "Sexua hitz dibertigarria" liburua da 7 eta 10 urte bitarteko haurrekin gorputzei, generoari eta sexualitateari buruzko elkarrizketak izatea errazten du. Liburuak aniztasuna du ardatz (ezaugarri fisikoak, kulturalak, izaerak, desioak…), eta binarismoa gainditu eta deseraikitzen laguntzen du.
DBHn: "Sex education" telesaila. Ikasleekin elkarrizketa aktiboa eta hurbila egiteko aukera ematen du.
Gatibu:” Aske maitte”. Askatasunaren eta bizitzaren aldeko himno bat delako.
Amaitzeko, eremu hezitzaile zein jendarte mailan lantzeko lehenengo erronka nagusia informazioa helaraztea izan behar duela aipatu nahiko nuke. Hezkuntza arloan, irakasleen formazioa ezinbestekoa da, ahaztu gabe familien inplikazioa. Helburua sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea da heteroaraua gainditzeko eta sexualitatearen mitoak deseraikitzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina