2022/03/14

INDARKERIA INDARREZ GAITZETSI

 


Indarkeria matxista izan dugu jomuga aste honetan, gai latza bezain iluna, eta jendartean presenteegi dagoena, zoritxarrez. Ezin esan, ordea, denon betaurrekoetatik ikusten denik; izan ere, askok eta askok ez diote antzematen. Beraz, ezinbestekoa da azpimarra horretan jartzea. Izan ere, edozelako indarkeria matxista identifikatzea  ezinbestekoa da, identifikatzeke nekez salatu baitaiteke. Horretan, ezbairik gabe, berebiziko garrantzia du hezkuntzak: erantzukizun itzela.  Prebentzioan fokua jarrita, ikasleei askotariko indarkeriak identifikatzen erakutsi behar diegu, halakorik pairatuz gero irmo sala dezaten, konplexurik eta beldurrik gabe.

Horretarako, DBHko 2. ziklorako egokia iruditu zait indarkeria zer den oso modu argian eta esplizituan azaltzen duen iritzi-artikulua, hain zuzen ere, Onintza Enbeitak azaroaren 25ean Indarkeria Matxisten Kontrako Nazioarteko Egunaren harira BERRIAn argitaratutako hau:

https://www.berria.eus/paperekoa/1881/019/001/2021-11-25/indarkeria.htm

Horrekin batera, Batxilergorako Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin-liburuko “Igandea” narrazioa gomendatuko nuke; protagonistak jasaten duen indarkeriaren gainean gogoeta egiteko egoki deritzot.

 

Ezin aipatzeke laga Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu liburuko “Maria eta Jose”, ipuin laburra bezain zabala. Taldean lantzeko egokia hau ere, DBHko bi zikloetan eta batxilergoan.

 

Blogeko iazko ekarpenak direla eta, honako hau aukeratu dut, datu esanguratsuak barnebiltzen dituelako, eta oso modu argian azaltzen, gainera.

Haitzuloaren kanpoaldean argi morea ikusiko ahal dute gure gazteek?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina