2022/10/29

Azkarrak, gurekin!

Datu andana dugu, erakunde desberdinek argitaratutakoak, emakumeen gaineko indarkeriaren larria erakusten dutenak. 

Inongo gerran izan gabe eraildako emakume-ostea, etxean bizi duena indarkeria dela irratia entzunda jakin duen adineko emakumea, osabak egiten diona bere kulpa dela pentsatzen duen mutikoa, sufrimendua lotsaz izkutatzen duen aberaskumea… guztiak indarkeria matxistaren agerpen ikusgarriak. Sarri maitasunaren izenean egin direla esanez goxatuak eta oraintsu arte indarkeria domestikoa izateagatik etxe barruan konpondu behar zirenak. 

Aurrekoen ongarri dira egunero jasaten ditugun indarkeria sotilagoak, gizonek beraien pribilejioak mantentzea helburu dutenak eta urteetan gizarte guztietan ontzat hartu direnak; haien kontra agertu ziren emakume feministak sorgintzeraino. 

Aurrera pausuak eman dira gizarte mailan 90eko hamarkadatik hona: Me Too mugimendua, “Ez da ez”  legea lehen eta “Bakarrik bai dai bai” legea orain, autodefentsa feministako ekimenak, Hezkuntza afektibo-sexuala eskoletan, gizon batzuen inplikazioa borroka feministan…  

Maila pertsonalean dugu erronka handiena. Hori aurrera eramateko lagungarri iritzi diot irakurgaiaren hasieran Mari Luz Estebanen gogoeta askatasuna, justizia eta elkartasun gisako balioak maitasunaren aurretik jartzen dituenean. 

June Fernándezek proposamena “ mikromatxismoei mikroiraultzez erantzutea” bide beretik doa matxismoaren aurka irtenbide eta mendekurik onena gizaki aske eta zoriontsuak izatea dela esaten duenean.

Nola ekarri gizonak guztion borroka den honetara? aspaldiko buruhausteak ez du erantzun errazik. Zenbatetan entzun behar izan dugun gaizki egiten ari garela, ez dugula asmatzen haiek erakartzeko moduetan.  Izango da arrazoi punturen bat ziurrenik baina ardura beti gure lepo gainean jartze horrek sumindu egiten nau. Horregatik borroka lagun ditugun gizonak benetan azkarrak direla aldarrikatzen dut maritxuloen aurrean.  





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina