Ingurukoei inkesta: Hamar
bat pertsonei galdetu egin diet hezkidetzari buruz. Zer ekartzen die hitz
horrek burura. Zeri buruz ari den. Zehaztasunez, inork ez du jakin zer den.
Gutxi batzuk berdintasunarekin lotu dute, era zabalean. Gizon eta emakumeen
berdintasunarekin, alegia. Eta bakan batek, institutuetan ikasleekin
berdintasuna lantzeko erabiltzen den kontzeptua dela erantzun dit. Izatez,
ikastolan badugu hezkidetza batzordea eta guraso gutxik daukate batzorde horren
berri. Eta, egia esan, batzar askotan egon dira hezkidetza batzordekideak euren
lanaren berri ematen, baina, tira, batzarretara ere, oso guraso gutxi joaten
dira eta.
Politikoki zuzena edo egokia den ‘neurrian’,
erakuts leihoan, bederen, berdintasuna edo, hezkuntzaren eremuan, hezkidetza, erraz
onartzen da, azaleratzen da. Baina, haratago, deserosoa izan daitekeen tarte
horretan, morez jantzitako militantzia hautu bat ematen du hezkidetzak. Eta
hori baino gehiago beharko luke izan. Denek ezagutzeko haina. Era ludikoan eta
umorez zabaltzekoa. Erosoa, desegiten dugunak pisatzen duelako eta eraikitzen
duguna osasuntsuago delako, hain zuzen ere. Ederra. Partekatua. Horizontala,
elkarrekikoa. Alaia. Emozioz blai.
HATOR!!!!!
ELKARREKIN,
ERRESPETUZ,
KRITIKOAK
IZANIK,
BERDINTASUNA
ERAIKITZERA,
BEHIN BETIKO
GOZATUZ
ASKATASUNA!
Bost arrazoi
hezkidetza lantzeko:
1. Patriarkatuak bortizki
bereizten dituen estereotipoak gainditu eta generorik gabeko gizarte anitza
eraikitzen laguntzea
2. Bide horretan, emakumearen kontra
gauzatzen den eraso oro errotik desagerraraztea. Makro eta mikro matxismo guztiak. Emakumeen eskutik badatoz, baita ere!
3. Genero identitatearen eremuan,
norberak bere burua, une oro, era librean sentitzeko eta erakusteko askatasuna
izatea. Sexu-genero sistemarekin bukatzea. Emakume-gizon sistema binario eta bortitza iraganera eramatea. Identitatearen kontzeptua eskoletan lantzea, sakon, eredu libreagoak eskainiz gizarteari.
4. Pertsona guztiek, ume
den-denek, euren afektibotasuna, itxura, sexu-erakarpena, harremanak,
ikasketak, lan hautuak, zaintzak eta elkarbizitzak askeak, errespetuzkoak eta
kontzienteak izatea
5. Sistema justuagoa sortzea,
horizontalagoa, elkarrekikoa. Pisua denen artean eramatea eta fruituak, ere,
denen artean banatzea. Denak aintzat hartzea.
ETIKETAK: #leitxu, HEZKIDETZA
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina