Historiak eta istorioak kontatu dizkigutenak gizonezkoak izan dira mende askotan. Horregatik gaur egun ere, historian zehar bizi izan diren emakume gehienak ezezagunak egiten zaizkigu. Askok ezkutuan lan egin zutelako eta beste asko ezkutatu dizkigutelako. Ikastetxeetako hormak, argazkiak, testu liburuak, erabiltzen ditugun materialak erreparatzen hasten bagara laster ohartuko gara zer nolako lana egin beharra dagoen hau aldatzeko.Ondorengo bideoan argi ikusten da.
Iazko ekarpenen artetik Leire Imazen sarrera hautatu dut, bereziki, bere postaren amaieran, emakume antzindari bat aipatzen duen momentua gustatu zait. Bere amona, aipatzen du. Izan ere, askotan, ospetsuak edo asmakizun handiak egin dituzten emakumeen bila hasten gara, gure artean geroz eta gehiago hedatzen dira honelako bideo eta irudiak:
Ongi dago guzti hauek ezagutzea baina ez ahaztu, bizimodu xumeago batean itzalpean, egunero gogor lanean aritu diren emakumeak. Hauek ere gure historia dira.
Egun lanean ari diren emakume asko ere historia idazten dihardutenez, Elena Caballero “La Basu” ezizenez ezagunagoa aurkezteko erabiliko dut tarte hau. Emakume bilbotar hau, 1990 hamarkadan hasi zen rapeatzen. Raparen munduan Euskal Herrian zegoen emakume bakarra zen eta 1999an emakumezkoen talde bat eratu zuen, Jungla Urbana. 2001 urtean #k maketa kaleratu zuen baina osasun arazoen erruz 2002an eszenatokiak utzi behar izan zituen.
2013an itzuli zen Remixes maxiarekin eta 2015ean Aire es vida diska plazaratu zuen. Bertan Aneguria abeslariarekin batera "Trakamatraka" abestia sartu zuen euskaraz. 2017 an euskara hutsezko diska atera du, Izotz erregina. Hona hemen DANTZA abestiaren bideoklipa:
Honez gain, Eskina Femenina kolektiboaren arduraduna ere bada, hip hop kulturako emakumeen lana zabaldu eta ikusarazteko lanean dihardute bertan. Zerbait gehiago irakurri nahi baduzue, Berrian egin zioten elkarrizketa uzten dizuet. «Rapa mundu itxia da; orain zabaltzen ari da»
Azkenik, hezkuntza munduan gai honen inguruan badu zer egina hona hemen niretzat ezinbesteko diren erronkak:
Lehenengo erronka, hezitzaileak, egunerokoan erabiltzen dituen material eta baliabideen azterketa bat litzateke. Zenbat emakume aipatzen ditut? Zein rol dituzte emakume hauek? zein eredu aipatzen ditut nik? Zein musika jartzen dut? Nork idatzitako liburuak irakurtzeko aholkuak eman dizkiet? Eta zein irudi ditugu gelan?...
Bigarren erronka, aztertutako berreraikitzea litzateke, falta ditudan ereduak bilatzea, emakumeen irudiak gelan agertzea, liburuetan ere gizon zein emakumeen eredu ezberdinak agertzea eta sortzaileen kasuan gauza bera.
Hirugarren erronka, egunerokoan eredu izatea. Baliabide egokiak erabiltzeaz gain, guk zer nolako estereotipoak transmititzen dizkiegu. Nola hitz egiten diet gelako mutilei? Neskei?
Ereduak aldatzeko, pertsona ezberdinak ezagutzea bezalako aukerarik ez dago. Horretarako, aniztasuna positiboki baloratzen dugula irakasle edo hezitzaileok konturatu behar dute ikasleek eta gonbidatu ezberdinak gelara ekartzea ere ideia egokia da. Honela soilik, lortzen baita askotan kontatzen dizkiegun gauzak errealitatean izan direla, badirela eta izango direla sinistaraztea.
Beraz, kontatu diguten historia bakarra alboratu eta has gaitezen gure historiak idazten!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina