2018/01/15

EMAKUMEA BAZARA, EZIN DUZU HORTIK KORRI EGIN!




Aste honetan landutako edukiei buruz egin dudan mapa kontzeptualean ikusten den bezala, III. blokean patriarkatuak emakumeon presentzia ezabatu eta isilarazteko erabiltzen dituen estrategia eta erramintak aztertzen ari gara:
  1. Historiaren kontakizun androzentrista
  2. Hizkuntzaren erabilpen sexista
  3. Errepresentazioa eta denboraren erabilpena

3. puntuari dagokionez, errepresentazioaren barnean espazio fisikoa, birtuala eta ikus-entzunezkoa edo literarioa izango genituzke.

Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa egiten ari naizenetik, lantzen dugun gai bakoitzeko alor hori nire bizitzan edo egunerokotasunean nola dagoen aztertzen dut eta adibideak topatzen ditut nonahi! Egun hauetan, espazio fisikoan emakumeok dugun errepresentazioari eta lekuari bueltaka nenbilela, ondorengoa gertatu zitzaidan: Lagun batekin korrika egitera irten nintzen gauez, 22.00ak inguruan. Gure bideak momentu batean, trenbidearen azpitik doan pasabide estu eta ilun batera eraman gintuen eta nire adiskide Oihanak honela esan zidan:

Leire, ez badizu axola, nik nahiago dut hortik ez pasa eta hemen buelta hartu

Gauza ez zen horrela gelditu. Hurrengo egunean, Oihanaren aizparekin (Nerearekin) topo egin nuen kaletik eta hau esan zidan:

Leire, nola liteke zu eta Oihana gaueko ordu horietan ibiltzen zareten lekuetatik korrika joatea? Ez al dago beste lekurik? Mesedez ez egin tontakeria gehiago, horrela gertatzen dira gero gertatzen diren gauzak

Ni ez nintzen isildu eta gustura gelditu nintzen gainera eman nion erantzun eta argudio piloarekin, baina gertaera erabat esanguratsua iruditu zitzaidan. Azken finean, Oihanaren aizparentzat argi eta garbi, badaude hainbat leku emakumeonak ez direnak eta arrazoiz gainera!

Honen guztiaren ildotik, Habe-ren Ikasbil-en argitaratutako berri baten esteka uzten dizuet. Euskal Herriko hainbat hiritan zentzu honetan egin dituzten ikerketen berri ematen da bertan: "Kale ilunak non, arriskua han

Espazio birtualari dagokionez, ekarri dizkigun onurak guztiz baliotsuak diren arren, genero estereotipoak finkatzen laguntzen duela ezin da eztabaidatu. Google-n gaurkotasuna duten Youtuberren bilaketa azkar bat egitea besterik ez dago; gizonezkoak nagusi diren arren, emakumezko Youtuberrak gehien lantzen dituzten gaiak estetikari eta etxeko kontuei lotutakoak dira.

Ikus-entzunezkoetan edo literaturan antzekoa gertatzen da. Salbuespenak badaude, noski, baina genero estereotipoen araberako rol banaketa nagusi!

Hau guztia ikusita, premiazkoa da honi guztiari hezkidetzaren ikuspegitik heltzea. Hona hemen landu ditzakegun erronka zehatz batzuk:
  • Eskoletako gune eta eremuak aztertu mutilek eta neskek zer erabilpen ematen diegun eta binarismoa nola bultzatzen den kritikoki aztertuz.
  • Erabilpen horiek denboraren eta lekuaren arabera ekitatiboagoak eta ez binarioak izan daitezen behar diren erabaki eta neurriak hartu.
  • Eskoletako liburutegian dauden ikus-entzunezko naiz idatzizko aleen errebisioa egin eta balio hezkidetzaileak bultzatzen dituztenak gehitu.
  • Herriko emakumeen historioaren ikerketa, azterketa eta dibulgazioa egin ikasleekin.
  • Ikasleak ikus-entzunezko hizkuntzan trebatu.


Joan den urteko ikastarokideek gai honi buruz idatzitako post-en artean, Maite A.S.-k idatzitako “Binarismoa Komunetik Behera Bota”-rekin geldituko nintzateke. Asko gustatu zait egileak espazio fisikoari buruz egiten duen hausnarketa, bereziki, gai honen erabilera dikotomikoak haurrengan eragin ditzakeen ondorioak esanguratsuak iruditu zaizkit. Hona hemen post-aren esteka: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2017/01/binarismoa-komunetik-behera-bota.html

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina