2018/01/17

GUZTION PARTAIDETZAREN ALDE!

Parte hartzea, garatu daitekeen ahalmena da; inguruarekiko inplikazio modu bat, errealitatea sortu eta aldatzeko modua. Baina, gaur egun oraindik, gure gizartean gai honen inguruko bereizketak nabarmentzen dira, sexu-genero estereotipoek jartzen dituzten mugen ondorioz.

Egia da, hainbat eremutan emakumeen parte hartzeak gora egin duela, baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lortu denik. Izan ere, genero ikuspegia barneratu ezean, sexu-generoaren bereizketak agerian gelditzen jarraituko dute.

Gauza bera gertatzen da hezkuntzako eremuan ere, bertan erabiltzen diren baliabide eta jarrerek, partaidetzarako zailtasunak erreproduzitu egiten dituzte. Hori honela izanik, gai honen inguruan lan handia dago egiteko, denon parte hartzea bultzatzeaz gain, guztion iritziak balio bera dutela adierazteko. Azken batean, parte hartzea erabakitzea da, eta denon aukera berdintasunaren alde egin beharra dago.

Aurreko urteko sarreretatik, aste honetan, Maite A. S. ren posta gomendatzea pentsatu dut, oso hausnarketa interesgarria iruditu zaidalako. Bertan, berak emakumeen parte hartzearen inguruko ideia ugari aipatzearekin batera, berak gai honen inguruan izandako esperientzia azaltzen digu, errealitatean emakumeok izan ohi ditugun zailtasunen berri emanez. Hori honela izanik, esan bezala, argi dago, denon parte hartzea sustatzearen alde egin behar dugula.
Honekin lotuta, gogoko ditut, bertan aipatu dituen Valentina Tereshkovaren hitzak: “Hegaztiek hegal bakar batekin hegan egin ezin duten bezala, espaziorako hegalaldiek ez dute aurrera egingo emakumeen parte hartze aktiborik gabe".

Horretaz gain, bertara ekartzea gustatuko litzaidake, baita ere, emakumeen partaidetza sozio-politikoaren inguruan hainbat sarreretan ikusi ahal izan dudan bideoa, benetan interesgarria iruditu zaidalako. 

Partaidetzaren gai hau dela eta nire ingurura begira jarri naiz, bertan generoaren arabera ematen diren berezitasunak behatzeko asmoz. Horretan ari nintzela ohartu naiz, haur txikienen kasuan generoak gai honetan eragin handirik ez duen arren, ikasleak zenbat eta helduagoak izan orduan eta nabarmenagoa dela, hauen partaidetzaren ezberdintasuna. Hau da, mutilak gehiago ausartzen dira parte hartzera, nesken aldean. Hau honela izatearen arrazoia, gizartearen eragina delakoan nago, gizartetik barneratu dituzten ideien eragina, alajaina. Horregatik, gizarteko ideiak aldatzea ezinbestekoa izango da, emakumeen parte hartzearen garrantzia sustatuz eta gizonezkoen edo emakumeen iritziek balio bera dutela azpimarratuz.

Horretarako ordea, garrantzitsua izango da, ikasgelan partaidetza lantzea, hauei erreferentziazko ereduak emanez. Horretarako, partaidetzarekin lotutako ekintzak burutzea interesgarria izango da, hauek ekintza honetan trebatu daitezen. Hona hemen, nerabeekin burutu daitezkeen jarduerak biltzen dituen gida.

Ikasleez gain ordea, hezitzaileek ere parte hartzean trebatzea ez litzateke batere gaizki egongo. Horregatik, parte hartzearen inguruko ideiak biltzen dituen txosten bat aurkitzeaz gain, helduekin parte hartzea lantzeko ekintzat jasotzen dituen gida ere aurkitu dut.

Aipatu berri ditudan dokumentu hauetan, parte hartzea orokorrean lantzen da, generoen bereizketaren gaian sakondu gabe. Hala ere, kontuan hartu behar den gauza da partaidetza parekidearena. Hau da, neska zein mutilak berdintasunean parte hartzera bultzatu behar dira beti, bien iritziek balio bera dutela jakinaraziz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina