2018/01/09

ERREPRESENTAZIOA ETA DENBORA

Aste honetan,errepresentazioa eta denboraren erabilera izan ditugu hizpide. Errepresentazioak espazio fisikoetan, espazio birtualetan eta ikus-entzunezko eta espazio literarioetan duen garrantzia ikusi dugu; denboraren erabileraren kudeaketa berdinkidea ahaztu gabe. Irakurgaia irakurrita, emakumearen errepresentazio maila baxua dela ondorioztatzen da, horrek, berez, emakumearen jarduna, ekintzaletasuna eta ekarpenak gutxiago direla esan nahi ez badu ere.

Espazio fisikoari dagokionez, gaur egun, gure herri eta hirietan, emakume-izena duten kaleak %10 baino gutxiago dira, eta horietatik gehienek santu edo ama birjina baten izena hartzen dute. Teresa Del Vallek dioen bezala hiria ekoizpen-ugalketa binomioare arabera diseinatu den heinean sexista eta diskriminatzailea da; horregatik, espazioen konfigurazioan eta segurtasun pertzepzioan: gune ilunak identifikatu, aztertu eta hobekuntza proposamenak martxan jartzea ezinbestekoa da. Kaleen izenak, plazenak, parkeenak, eraikin esanguratsuenak eta espazio publikoan ageri diren ikonoak izendatzerakoan/sortzerakoan emakumeen presentzia sinbolikoa areagotu egin behar da.

Eskoletan berriz, neska zein mutilentzako guneak al daude? Lehen begiratuan, ikasgelak,pasabideak, jantokia, liburutegia… nahiko gune neutroak dirudite. Baina benetan hala al da? Zer gertatzen da gure eskoletako jolas-tokiekin? Nire lantokian esate baterako futbol eta saskibaloi zelaiak dira hein handi batean espazioa bereganatzen dutenak. Lur sail oro marrez josia dago eta marra horiek zelai jakin bat irudikatu edota mugatzen dute. Edozein irakaslek ikusi dezakeen bezala mutilek eta neskek jolas-tokia modu oso desberdinetan erabiltzen dute. Erabiltzen dituzten espazioaren zabalerari dagokionean, mutilek neskek baino eremu zabalagoak erabiltzen dituzte. Espazioaren kalitateari dagokionean, ikerketa ugarik azaldu dute, normala dela neskek espazio marjinal eta identifikazio falta duten espazioak erabiltzea, mutilek espazio zentralagoak erabiltzen dituzten bitartea. Ondorioz, espazio bakoitzean burutzen diren aktibitateak, modu desberdinean baloratuak dira. Mutilek, alde batetik, beren jolas-garaia sozialki baloratuak diren ekintzetan ematen dute (adibidez kirolean, futbolean zehazki). Bestalde, neskek, beren jolas-garaia leku ezberdin gehiagotan ematen dute, horren baloratuta ez dauden ekintzetan, denbora pasa edo entretenimenduan. Beraz, esan genezake jolas-tokiak indar handiko gunea dala eta ondorioz ezinbestekoa litzatekeela berdintasunezko erabilera bat baimentzea eta bermatzea. Hau da, espazioaren erabilera baldintzatzen dituzten hierarkiak apurtzea. Eskola espazioa sexu eta adinaren inguruan antolatua dago, honek dakartzan hierarkiak eta desberdintasunak kontutan izan gabe (mutilen espazioak balore handiagoa dute nesken espazioek baino, eta helduen espazioan txikien espazioak baino handiagoa). Mutilentzako kirol -eta lehia- jokoen aurrean alternatibak ematea. Alde batetik, mutilek burutzen dituzten ekintza fisikoak indarra eta lehia eskatzen duten kiroletara mugatzen dira, beste habilidade batzuk garatzen dituzten ariketa fisikoak alda batera 4 utziz (adibidez, dantza). Bestalde, burutzen dituzten kirolak nahiz jokoak, gehiegizko lehiakortasuna dute, hezikidetza, zainketa eta sentsibilitatea bezalako baloreekin txoke egiten dutenak. Espazio-mota gehiago eskaintzea, jarduera-mota gehiago egiteko edo espazioen erabilera-motak ere ugaritzeko. Jolas-tokia ia guztiz kirol ekintzak burutzeko lekuz osatuta dago. Gehiengoak burutzen dituen kirol ekintzak gustoko ez dituzten neska eta mutilentzako erakargarriak diren alternatiba falta nabari da. Espazioak erraz aldatzeko bitartekoak ipintzea.

Jolas-tokiaren espazioaren diseinua oso zurruna da, eta aktibitate kantitate txiki eta mugatu bat soilik baimentzendu. Espazioaren eraldaketa erraztu beharko litzateke, behar ezberdinetara moldatu ahal izateko.

Jolas-tokien inguruko ikerketa hau oso aproposa iruditu zait: https://urbesforall.files.wordpress.com/2015/03/eskola-jolastokiak.pdf

Eta zer gertatzen da komunekin? Komunei dagokionez berriz, genero logika binarioa gainditu eta zutik/eserita (neska) dikotomia apurtu behar ditugu. Amelia Barquinek luzatutako hausnarketa komunen erabilerari buruzkoak oso berritzaileak izan dira. Berdintasuna bultzatu nahian, ikastetxean komunaren erabilera eserita egitea oso proposamen egokia dela baiezta daiteke. Etxeko eta kaleko komunak ez dira berdinak. Zergatik? Erabilera pribatua eta publikoa desberdina direlako.

Hala, ondorioztatu genezake espazio fisiko ugari oraindik ere gizonen baitan egituratu izan direla.  Eta espazio birtualei so eginez gero?Sare sozialen baitan mugitzen garen bizitza honetan garrantzi handikoa da internetek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea eta sexismoa salatu eta erreproduzitzen ez dutenekin konektatzea eta eredu berriak zein ez estereotipatuak bistaratzea. Harreman sozial birtualak sortu, kudeatu eta bizitzeko era berrietan murgildu behar honetako hedabideak, gazteentzako atariak, sare-sozialak,… pertsonen errepresentazio ez estereotipatuak bistaratzeko saiakerak, pentsaera kritikoa eta salaketa zuzenak ahalbideratzeko hautuak, interakzioa eta partaidetza zuzena bilatzen eta sustatzen dutenak oso garrantzitsuak dira. Teknologiak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea ezinbestekoa bada ere, emakumeen jabekuntza eta talde-antolakuntza sustatzeko gaitasunak lantzea garrantzi handikoa da internet eta sare sozialak beldur gabe erabiltzeko.

Azkenik, denboraren erabileran jendarteratze sexistaren eragina nabaria denez, desberdinkeriak detektatzea, kontziente egitea eta aldaketetarako bideak irekitzea xedeak ditugu eskola hezkidetzailean aritzen ari garenok. Izaskun Landaidak dioen bezala, hezkuntza sistemak ikasleen entretenimendu bisualen eta literarioen aukeraketan eragin handiagoa izan beharko luke, eredu berdinkideagoak bistaratzeko. Arazoa da, hezkuntza sistemari ahalmena eman behar zaiola hori egin ahal izateko. Adibide bat izan liteke, gaur eguneko erlijio-denbora horretarako ematea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina