2018/01/10

ESPAZIO GUZTIETAN GIZONAK NAGUSI? EZ HORIXE!

Aurreko asteetan behin eta berriz aipatu dugu HISTORIAREN BERRIDAZKETA bat egitea beharrezkoa dela, historian zehar emakumeek izan duten garrantzia argitara atera eta gizonezkoen gehiegizko pribilegio hori alde batera utzi ahal izateko. 



Aipatu berri dudan berridazketa honen beharra agerian geratzen da geure hirietako kaleetan barrena murgiltzen garenean. Karriketako izenei so egitea besterik ez dago, emakumeek hirian duten presentzia sinboliko eskasaz jabetzeko. Diario Vascok argitaraturiko berri honetan irakurri daitekeenez, gaur egunean, Donostiko 852 kaleetatik 55ek (%6,4) bakarrik daramate emakumeen izena eta 279k (%32,74) gizonezkoenak.

Honen harira, irakurgaian ageri den Zaida Fernandez soziologoaren esana aipatzeko modukoa iruditzen zait: “Urbanismoa historiaren materialtasuna da”. Honek zerikusi handia du post honen hasieran aipatutakoarekin, izan ere, urbanismo horrekin historian zehar garrantzitsutzat jotzen duguna gogorarazi nahi zaio jendeari. Hori dela eta, kaleetako gizon eta emakumeen izen kopuruaren ezberdintasun horrek argi eta garbi uzten digu, beste behin, gizonezkoek duten eta betidanik izan duten gehiegizko pribilegioa. 


Kaleen gaia alde batera utziz eta eskoletako egoeran zentratuz, bertan ere generoen arteko ezberdintasunak ematen direla ikus dezakegu. Eskola askotan antzeko errealitatearekin topo egin dugu, izan ere, patioak mutilentzat diseinaturik daude; "mutilenak diren kiroletan" jokatzeko sortuak. Ikastetxe askotan futboleko eta saskibaloiko zelaiekin aurkitzen gara, hauek, gehienetan, mutilek okupatzen dituztelarik. Hona hemen lan egiten dudan eskolako patioa:


Col.lectiu Punt6 taldeak dioenez, “patioak jendarteratzeko espazio publiko bat da, gizarte patriarkalaren desberdinkeriak bistaratu eta erreproduzitu egiten dituena”. Honi aurre egiteko asmoz, hainbat ikastetxeetan jolastordu hezkidetzaileak sortzeko ahaleginak egiten ari dira.

Honen inguruan gehiago jakin ahal izateko, aurreko edizioetako ikastarokide izan zen Arantza Leiza Bakaikoaren post hau gomendatuko nizueke. Bertan, Eibarko Amaña Herri Ikastetxean eginiko patioaren antolaketa hezkidetzailearen eraldaketa azaltzen du eta egia esan, oso interesgarria iruditu zait.

Ildo honetan, hementxe uzten dizuet El País egunkarian argitaratutako “Patios coeducativos: abrir la escuela para transformar la ciudad” artikulua, interesgarria egingo zaizuelakoan.

Komunei dagokionez, ikastetxeak sortu zirenetik orain arte, toki gehienetan bezala, komunak generoaren arabera ezberdinduta egon ohi dira; mutilak komun batera joan beharra izanik eta neskak, berriz, bestera. Gaur egunean, ordea, honako ezberdinketa honen logika ezaz konturatuta, geroz eta toki gehiagotan ikus ditzakegu komun mixtoak.


Aldaketa hau, gainera, generoen arteko diferentzia hori laburtzeko baliagarria izateaz gain, dibertsitate sexual ezberdineko pertsonentzat ere onuragarria suerta daiteke. Artikulu honetan azter ditzakezue pertsona transexual baten honi guztiari buruzko ideiak azaltzen dituen artikulua eta bideoa.
Amaitzeko, aipaturiko gai hau guztia eremu hezitzailean edota jendartean lantzeko erronketako batzuk honako hauek direla esango nuke:

     - Berdintasunezko espazioak definitzea (haur bakoitza protagonista sentituz hazi eta hezteko aukerak izateko)
    - Hezkidetzaren ikuspegia erabiliz, ikasleen garapen berdinkiderako elkarbizitza-espazio eta denborak aztertzea, eta sexismoa eta androzentrismoa antzematen denean, birdefinitzea.
     - Espazioetako neskengan dagoen zapalkuntza deuseztatzea.
    - Aukera desberdintasunaren inguruko kontzientzia izan eta gainerakoei transmititzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina