Izenburuari erantzunez, izatez guk egunerokotasunean erabili ohi ditugun
espazio gehienak guztiontzat diren arren, hauen antolamenduak kontrakoa
pentsatzera eramaten gaitu. Izan ere, gaur egun oraindik, eremu ezberdinetan
genero estereotipo ugari aurki ditzakegu, gizartearen banaketa bultzatzen
dutenak.
Aste honetan hainbat eremu aztertu ditugu (espazio publikoa, birtuala,
ikus-entzunezkoa eta literarioa, denboraren kudeaketa) eta guztietan hainbat
gabezi behatu ahal izan ditugu. Hona hemen gai honi lotuta sortu dudan
kontzeptu mapa.
Beraz, argi dago, gure inguruko espazio ezberdinei erreparatuz gero, genero
estereotipo ugari antzeman ditzakegula. Aipatzekoak dira esaterako, gure herri
eta hirietako kaleak izendatzeko erabiltzen diren izenak edota eskoletako jolas
lekuen antolamendua.
Kaleen izenei dagokionez, datuak ikaragarriak direla uste dut. Izan ere,
badirudi kaleen %10ak soilik duela emakumeen izena, horietako gehienak santa
edo ama birjina baten izena dutelarik. Gainera, ikustekoak dira,
emakumeen izena hartzen duten kaleen kokapena; hauek askotan emakumeen historia
bezala, ezkutuan gelditzen baitira.
Bestetik, eskoletako jolas lekuei erreparatuz, ia gehienetan futbol zelaiak
hartzen du zatirik handiena, modu horretara mutilek erdiko espazioa hartzen
dutelarik, neskak soberan gelditzen den espaziora bultzatuz.
Hori honela izanik, jolas leku hezkidetzaileagoen alde egiteko asmoz, zenbait eskola honen inguruko
erabakiak hartzen hasi dira. Nire herriko (Azkoitia)
ikastetxeetan esaterako, orain dela urte batzuk, proiektu bat jarri zuten abian. Hona hemen proiektuaren aurkezpen bideo laburra.
Bertan dioten bezala, beraien helburua ikasleak jolas kooperatiboetara bultzatzeaz gain, espazio eta hauen erabilerak transformatzea
da. Uste dut, honelako proiektuak ikastetxe guztietan eraman beharko liratekeela aurrera; espazioen erabilera parekidea bultzatu ahal izateko eta hauetan
betetzen diren genero estereotipoekin amaitu ahal izateko.
Patioen antolamenduarekin batera, komunek ere zer esan handia sortzen dute gai hon inguruan. Horregatik, honi lotuta ere ondorengo irudia
partekatzea gustatuko litzaidake. Izan ere, bertan azaltzen den moduan, askok
komunen bereizketa ematea normaltzat jotzen duten arren, ez dira ohartzen
banaketa horrek askori deseroso sentiarazten dietela. Beraz, alda ditzagun
ikurrak, guztiontzako komunak sortuz.
Aurreko edizioetako sarrerak irakurri ostean, Maiteren posta gomendatzea
gustatuko litzaidake, aste honetan hizpide dugun gaiarekin lotuta, hainbat
ideia partekatzen dituela ikusi baitut. Interesgarria iruditu zait bertan “Repensar la ciudad desde la perspectiva feminista” izenpean jasotako artikulua. Pertsona
guztiontzako hiri bat sortzea garrantzitsua dela uste baitut, patriarkatuaren
eragina alde batera utziz. Izan ere, gurekin zerikusirik ez duten espazioak ditugun
neurrian, ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak
garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako.
Azkenik gaiarekin amaitzeko, guzti hau eremu hezitzailean naiz jendartean lantzeko
erronkak honako hauek dira:
- Inguruko espazioen (jolas lekuak, komunak, ikasgelako txokoak) egitura eta antolamendua genero ikuspegiaz aztertzea eta horiek hobetzeko erabakiak hartzea.
- Neskei zein mutilei espazio berrietan parte hartzera bultzatzea, espazio guztiei garrantzia bera emanez.
- Herri eta hirietako gune ilun edota beldur espazioak identifikatzea, aztertzea eta hobekuntzak proposatzea.
- Herri eta hirietako kale eta eraikinei erreparatzea eta hauetan emakumeen presentzia areagotzea.
- Ikasleek erabiltzen dituzten sare sozialei, naiz entretenimendu bisualei erreparatzea, hauetan ageri diren sexu-genero estereotipoak zalantzan jarriz.
- Eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak bistaratzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina